NAIZ

Euskara eta euskal kultura irakasteko ikastaroa, Etxepare Euskal Institutua eta EHUren eskutik

Etxepare Euskal Institutuak eta EHUk euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan atzerrian ariko diren irakasleei eta irakurleei bideratutako ikastaroa antolatu dute. Urriaren 6tik azaroaren 25era izango da EHUko Donostiako campusean. Izena emateko epea irekita dago.

Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa’ antolatu dute Etxepare Euskal Institutuak eta EHUk.
Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa’ antolatu dute Etxepare Euskal Institutuak eta EHUk. (Etxepare Euskal Institutua)

‘Atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko prestakuntza ikastaroa’ antolatu dute Etxepare Euskal Institutuak eta EHUk, unibertsitatearen Donostiako campusean. Urriaren 6tik azaroaren 25era iraungo du formakuntza eta atzerrian alor honetako irakaskuntza «sendotzea» du helburu.

«Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura eskolak ematen dituzten irakasleak, alegia, irakurleak trebatzen ditu. Ehundura hau indartzeko, Institutuaren estrategian kokatzen da irakurleek eta irakurle izan nahi dutenek trebakuntza egokia jasotzea», azaldu du Institutuak. Horretarako jada Etxeparek Euskal Herritik kanpoko 35 unibertsitaterekin osatzen du irakurletza sarea.

Etxepare Euskal Institutuak antolatzen duen ikastaroaren hamargarren edizioa da urrian hasiko dena, EHUrekin lankidetzan. Ikastaroa bi multzotan sailkatuta egongo da, hizkuntza eta kultura, alegia. Zazpi astetan zehar 19 adituk gidatuko dute ikastaroa; horien artean, Ibon Manterola, Cecilia Fernandez, Kinku Zinkunegi, Maria Jose Olaziregi, Ismael Manterola eta Haritz Azurmendi.

Atzerrian edo eremu eleaniztunetan euskal kultura irakasten duten profesionalak prestatzeko helburua du ikastaroak, aditu eta «eskarmentu handiko» irakasleen eskutik. Bertan Metodologia, tresna eta baliabide didaktikoak landuko direla azaldu dute antolatzaileek, gero irakaskuntzan aplikatu ahal izateko.

Euskara eta Euskal kulturaren didaktikaren inguruko «ikuspegi anitza» barneratzea denez helburua, hainbat alor landuko dituzte ikastaroan zehar; hain zuzen ere, hizkuntzalaritza, gramatika, metodologia, kultura eta zibilizazioa. Horretaz gain, formakuntzan zehar Euskal Ikasketekin lotutako nazioarteko ingurune akademikoei buruz hausnartzeko tartea egongo da.

Irailaren 20ra arte izena emateko aukera egongo da, EHUko webgunean eta ikastaroa burutzen duten partaideek EHUren ziurtagiri ofiziala jasoko dute.