NAIZ

‘Negu Hurbilak’ filmak Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso du Locarnoko zinema jaialdian

Negu Kolektiboa ez da esku hutsik itzuliko Locarnoko zinema jaialditik. Cineasti del Presente sailean lehiatu da ‘Negu Hurbilak’ filmarekin eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratu du. «Etorkizunera begira ate asko irekiko dizkigu», ospatu du kolektiboak.

‘Negu Hurbilak’ filmeko lantaldea, Locarnon.
‘Negu Hurbilak’ filmeko lantaldea, Locarnon. (NEGU KOLEKTIBOA)

Ihesaldi baten istorioa kontatzen du ‘Negu Hurbilak’, Negu Kolektiboaren lehen film luzeak. Catalunya eta Euskal Herriaren arteko zubi lanak egiten dituen proiektu honek Locarnoko zinema jaialdiaren 76. edizioan aurkeztu du filma eta ez dira esku hutsik itzuliko Suitzatik: Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratu du filmak. ‘Negu Hurbilak’ filma Cineasti del Present sailean aurkeztu dute, autore berrien lehen edo bigarren filmak lehiatzen diren sailean.

Negu Kolektiboa artzelonako ESCAC zinema eskolan sortu zen eta Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrek eta Adria Rocak osatzen dute. Lauren artean zuzendu dute ‘Negu Hurbilak’, euren lehen film luzea. Maluta Films eta Cornelius Filmsek ekoitzi dute. Filmaren berezitasunetako bat analogikoan (16 mm.-tan) filmatua dagoela da.

Nazioarteko estreinaldia izan da Locarnokoa, autore zineman berezitua egoteagatik ezaguna den jaialdia, eta, saria jaso berritan, epaimahairen aitortza «egun hauetako esperientzia biribiltzeko modua» dela ziurtatu dute: «Hemen egotea jada saria izan da, eta jaialdiak eman digun babesa sekulakoa. Gure lehen lana hemen aurkeztea sinestezina zen, eta are sinestezinagoa da orain sari honekin itzultzea etxera. Etorkizunera begira ate asko irekiko dizikgu», ospatu dute.

Izan ere, ‘Negu Hurbilak’ «aurrekontu txikiarekin» egindako filma dela ekarri dute gogora eta Jone Laspiur dela filmeko antzezle profesional bakarra, gainerakoak Nafarroako Zubietako herritarrak dira. Koletiboko kideak bi urtez aritu dira bertan filmatze prozesua egiten, eta taldekoek azpimarratu dute esperientzia horren berezitasuna: «Herriak harrapatu gintuen, eta herritarrek denbora honetan egin diguten harrera izugarria izan da». Aitortza jasotzean ere zubietarrez oroitu direla nabarmendu dute.

‘Negu Hurbilak’ filma 2011. urtean, ETAk jarduera armatua eten zuen unean dago kokatua eta arrazoi politikoak tarteko ihesean ari den emakume baten (Jone Laspiur) bizipenak ditu ardatz. Pelikulak mugako herri batera, Zubietara, iristen den unea jasotzen du.