Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Oriok nahi baino koxka txikiagoa eman dio Arraun Lagunaki Galiziako lehen jardunaldian

«Mirotzek» irabazi dute Moañako Aqualia Ikurrina, Arraun Lagunak liderraren eta Donostiarraren aurretik. Sei puntuko aldea bostera jaitsi dute oriotarrek sailkapen nagusian. Tolosaldea laugarren izan da, lehen txandan aritu den Hondarribiaren aurretik.

Orioko arraunlariak, garaipena ospatzen.
Orioko arraunlariak, garaipena ospatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Oriok irabazi du asteburu honetan Galiziako uretan egingo diren estropaden lehen jardunaldia. Hori ezin da dudan jarri. «Mirotzek» hasi eta buka oso nagusi izan dira. Hala ere, baliteke zaporea gazi-gozoa izatea gipuzkoarrentzat. Izan ere, sailkapen nagusian puntu bakarra kendu ahal izan diote estropadako momentu batzuetan hirugarren zen Arraun Lagunak liderrari.

Nadeth Agirre patroiaren arraunlariek gogotsu hartu dute proba eta lehen ziabogan segundo bateko aldea atera diote Donostiarrari eta bi Arraun Lagunaki. Bestalde, luzea hasi eta berehala, azken postuan zihoan Tolosaldeak hobetu egin du Hondarribiak lehen txandan egindako denbora.

Aurreko postuetan, Arraun Lagunakek Donostiarrari pasa dio luzearen erdialdean eta Orioren erritmoa ezin hartu ibili bada ere, sailkapen nagusian sarraskia ekidin ahal izan du, puntu bakarra galduz.

Lehen txanda: Hondarribia azkarrena; galiziarren lehia estua

Moañako probari hasiera eman dion estropadan, Hondarribia izan da azkarrena. "Ama Guadalupekoa" ontziak beste behin erakutsi du txanda honetan koxka bat gorago dagoela eta, nahiz eta erritmoa hartzea pixka bat kostatu zaion, lehen luzearen erdialdean lider jarri da eta amaitu arte ez du lidertza galdu.

Ziabogan segundo bateko aldea atera dio Hibaikari, eta bigarren luzean bi segundokoa zen aldea. Bazirudien egonkortuta zegoela bi traineruen arteko aldea, baina Miren Garmendia patroiak beste puntu bat eskatu die bere arraunlariei eta helmugan zortzi segundokoa izan da aldea.

Atzetik, Galiziako bi ontziek oso lehia estua mantendu dute. Lehen luzean Cabo hirugarren zen, eta postu horretan egin du maniobra, baina ziabogan trabatuta geratu da eta egoera hori bikain aprobetxatu du Tiranek aurre hartzeko. Bigarren luze horretan, Cabok aldea murriztea lortu du, baina ez da nahikoa izan eta lau ehunenengatik irabazi dio Tiranek.

Euskotren - Bandeira Aqualia:

1. Orio 10:49.40
2. Arraun Lagunak 10:51.64
3. Donostiarra 10:55.94
4. Tolosaldea 11:18.92
5. Hondarribia 11:21.89
6. Hibaika 11:29.93
7. Tiran 11:49.15
8. Cabo 11:49.19

Sailkapen nagusia:

1. Arraun Lagunak 73 puntu
2. Orio 68
3. Donostiarra 57
4. Tolosaldea 55
5. Hondarribia 43
6. Hibaika 29
7. Cabo 21
8. Tiran 13

ETE Liga: Kaikuren nagusitasuna

ETE Ligari dagokionez, Kaikuk denboraldiko seigarren bandera irabazi du Pasaiako X. Banderan eta, Liga amaitzeko hiru estropada falta direnean, titulua oso gertu dute bizkaitarrek.

Larunbat honetako estropada erlojupekoan jokatu da eta Kaikuk lau segundo atera dizkio Zarautzi eta, "Bizkaitarra" bezala, Euskotren ligara igotzeko play-offa oso gertu duen Zumaiari zortzi segundoko aldea atera dio.

Astillero, Deustu, Ondarroa, Hernani eta Portugalete izan da estropadako sailkapena. Hamar proba jokatu ostean, ETE Ligako sailkapen nagusia honelaxe dago: Kaiku (75 puntu), Zumaia (70), Zarautz (55), Deustu (51), Astillero (46), Ondarroa (30), Hernani (23) eta Portugalete (10).