Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Zierbena «Galiza Calidade» etiketaren jabe bihurtu da Boiron asteburua biribilduta

Azken luze ikusgarria eginda, bizkaitarrek bigarren txandan etxeko Cabok egindado denbora hobetu ahal izan dute. Galiziarrak bigarren izan dira, Orio hirugarren eta laugarren Hondarribia. Urdaibai seigarren izan da, bi puntu galduz sailkapen nagusian.

Zierbenak Galiziako asteburua biribildu du Boiron.
Zierbenak Galiziako asteburua biribildu du Boiron. (EUSKO LABEL LIGA)

Galizia Zierbenaren lurraldea da. Argi eta garbi. Aurten bertan egindako hiru estropadetan –asteburu honetan Moañan eta Boiron, eta Ligako lehen asteburukoa Coruñan– irabazi dute bizkaitarrek. Gaur eguerdian lorturikoak, gainera, saltsa ikaragarria ematen dio Ligako sailkapen nagusiari datorren asteburuan Zarautzen lehiatu aurretik. Izan ere, lehen hiru sailkatuen artean –Urdaibai, Hondarribia eta Zierbena– lau puntuko aldea besterik ez dago.

Gaurko bandera emozioz beterik egon da azken unerarte. Bigarren txandan Cabok egindako denbora zuten erreferentziatzat ohorezko mailakoek. Estropada eremuaren arabera, joaneko luzean inork ezin zuen Oriok eta Cabok egindako denborak hobetu, baina bai itzulekoetan. Hori bai, azken luzera arte itxaron behar izan da garailea erabakitzeko.

Pentsa, Zierbenak azken ziagoba egin duenean, hamar segundoko aldea zuen Cabok, eta etxekoek garaipena ospatzeko prestatu dira uretan bertan. Hala ere, Zierbena oso maila onean dagoela erakutsi eta, pixkanaka, segundoak jaisten joan da, azkenean hiru segundo baino gutxiagoko aldearekin irabaziz.

Cabok, nahiz eta azkenean ez irabazi, harro egoteko moduko estropada egin du. Eta ez da Oriotaz ahaztu behar, hirugarren izan baita eta bere txandako lehen hiru laurdenetan lider egon baita. Baina azken ziabogan Cabok estropada eremua bikain ezagutzen duela erakutsi, lidertza eskuratu eta helmugaraino abiatu da.

2. txanda: Etxean, Cabo bikain

Arraroa bada ere, bigarren txandakoek aurretik lehenengoek egindakoa errepikatu dute. Hau da, lehenengoan Santurtzik estropadako lehen hiru laurdenak dominatu ditu, ondoren Ondarroak aurre hartzeko eta txanda irabazteko; eta bigarrengo honetan, etxean aritu den Cabok egin du maniobra bera Oriorekin.

Galiziarrak Orioren itzalean aritu dira estropadako parte handienean, baina azken ziaboga egiterakoan, aurretik ipini dira eta, bigarren kalean mantenduz, atzetik «mirotzak» eta Kaiku jarri dira. Cabok ez du ezustekorik izan, bere kaletik ari zen gainera, eta proba bikaina eginda irabazi du txanda. Bandera ere oso gertu izan dute, ondoren ikusitakoaren arabera.

Atzetik, Orio bigarren izan da eta Kaiku, hirugarren. Getariak, berriz, ez du bere eguna izan. Txandako azkena izateaz gain, lehen txandan aritu den Santurtzik baino denbora okerragoa egin dute gipuzkoarrek. Hau "Sotera"ren mesederako izan da sailkapen nagusian, Samertolameuri hiru puntu atera baitizkio.

1. txanda: Ondarroa, indartsu

Ondarroak, hasiera batean, ondo eutsi dio Santurtziri, eta hirugarren luzean, azken ziaboga egin aurretik, estropada ona egin duen "Sotera"ri gainditu dio. Hortik aurrera, "Antiguako Ama" nagusi izan da. 0 kalera abiatu dira ondarrutarrak azken luzean –besteek ere kopiatu egin diote maniobra– eta, dena alde zutela, txandako irabazleak izan dira. Kaiku, sailkapen nagusiko bederatzigarrena, oraindik nahiko gertu dituzte ondarrutarrek.

Txandako hirugarren postuan, zortzigarren postuan egonkortuta dagoen Lekittarra izan da, eta helmugan oso gertu izan du Samertolameu, larunbatean etxean jokatu zuen trainerua.

Eusko Label - XXXIII Concello de Boiro:

1. Zierbena 19:30.92
2. Cabo 19:33.36
3. Orio 19:38.30
4. Hondarribia 19:38.62
5. Kaiku 19:44.98
6. Urdaibai 19:46.34
7. Donostiarra 19:48.62
8. Ondarroa 19:59.40
9. Santurtzi 20:04.08
10. Getaria 20:04.60
11. Lekittarra 20:16.04
12. Samertolameu 20:19.26

Sailkapen nagusia:

1. Urdaibai 140 puntu
2. Hondarribia 137
3. Zierbena 136
4. Donostiarra 108
5. Orio 95
6. Cabo 81
7. Getaria 76
8. Lekittarra 65
9. Kaiku 60
10. Ondarroa 53
11. Santurtzi 35
12. Samertolameu 27