Amaia U. Lasagabaster

Markako atzelariak aurrez aurre

Irene Paredes eta Oihane Hernandez Munduko Txapelketaren finalerdiak jokatuko dituzten lehen emakume euskaldunak dira, hegalekoa gaur harmailan geratuko bada ere. Amanda Ilestedt atzelari golegileari aurre egin beharko dio legazpiarrak.

Paredesek 1.000 minutuen muga gainditu du Munduko Txapelketetan.
Paredesek 1.000 minutuen muga gainditu du Munduko Txapelketetan. (Marty MELVILLE | FOKU)

Munduko Txapelketa azken txanpan sartu da, gaur eta bihar jokatuko diren finalerdiekin. Eta historian lehen aldiz, bi emakume euskaldun egongo dira tartean. Irene Paredes eta Oihane Hernandez lehiatuko dira Suediaren aurka (10.00etan) igandeko finaleko toki baten bila.

Atzelariak biak, ibilbide desberdinak jarraitu dituzte txapelketara heldu arte, adinagatik besteak beste. Espainiako behe mailako selekzioen urrezko garaiaren hasierak eliteko futbolean lehen urratsak egiten harrapatu zuen Paredes eta, 19 urtez azpiko taldearekin zenbait partida jokatu bazituen ere, bide ia osoa selekzio nagusiarekin egin du. Eta ez da motza izan.

Udazken partean «zigortuta» eduki ondoren, Espainiako Federazioak berak goraipatu du legazpiarraren ibilbidea aste honetan, Munduko txapelketetan 1.000 minutuen muga gainditu duela ohar eginez. Izan ere, bera da talde espainiarrak Munduko txapelketetan lehiatu dituen partida guztiak –hiru Kanadan 2015ean, lau Frantzian 2019an eta bost, oraingoz, aurtengo edizioan– jokatu eta osatu dituen futbolari bakarra.

Baina torneo handiak jokatzeko sailkapena alde batera utzita, bere klubekin bizi ditu poz handienak atzelariak. Lau Liga, bi Kopa, bi Superkopa eta Txapeldunen Liga bat irabazi ditu dagoeneko Athletic, Paris Saint Germain eta Bartzelona taldeekin eta haien elastikoekin egindako lanari esker, banakako sari batzuk ere eskuratu ditu.

Bederatzi urte gazteago, Oihane Hernadezek Europako urrezko domina irabazi zuen 2018an Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin, eta zilarrezkoa urte bete lehenago, 17 urte azpikoarekin. Lezaman zortzi urte egin ondoren, berriz, Athleticek ospatu duen azken titulua bigarren talde zuri-gorrian bizi izan zuen. Izan ere, klub bizkaitarra utzi du uda honetan Real Madrilekin fitxatzeko, arrakastak ospatzeko aukera gehiagoren bila. Lehena, hala ere, beste elastiko batekin iritsi dakioke, Espainiako selekzioa dominen borroka sartu baita dagoeneko. Zoritxarrez, Paredesek ez bezala, eta Jorge Vildaren hamaikakoan postu bat eskuratu badu ere, harmailatik jarraitu beharko du gaurko norgehiagoka, bi txartel hori ikusi ondotik zigortuta baitago.

Estrategia

Markako bi atzelari euskaldun hauen ametsen mehatxu handiena beste atzelari bat izan daiteke. Markakoa hau ere, lehian jarraitzen duen golegile nagusia baita Amanda Ilestedt.
Joko mota desberdinak menderatzen ditu Suediak. Baina, bere ezaugarri fisikoei eutsita, aireko jokoan aparta da defentsan zein erasoan, eta estrategia jokaldiak dira bere arma arriskutsuena. Izan ere, txapelketan sartu dituen 11 goletatik bi penaltiz lortu ditu, lau jokoan eta gainerako bostak baloi geldikako jokaldietan. Eta azken bost horietako lau Ilestdetek egin ditu, haren taldekideetako edonork baino gehiago.

Sendoa defentsa lanetan, azken finean hori du zeregin nagusia. 1’78 garai izanik eta kokapen dohain ona duenez, ordezkaezina bihurtu da Peter Gerhardssonentzat Arsenalekin sinatu berri duen futbolaria. «Egoera irreal samarra da nire burua zerrenda horretan ikustea –onartu du Ilestedtek barrezka–. Golak egitea ez da nire eginkizuna, baina bai taldeari laguntzea ahal dudan forma guztietan. Eta orain zorte hori izaten ari naiz». Hala ere, Suediarekin dagoeneko bi zilar olinpiko eta brontze mundiala eskuratu dituen jokalariak ez du ezkutatu bere «indarretako bat» dela eta «entrenamenduetan asko lantzen ditugun jokaldiak» direla. «Lan saioak amaitzen ditugunean, oraindik denbora bat ematen dugu kornerrak entrenatzen», adierazi du.

Ilestedtek badaki, dena den, balitekeela gaur partidaren exijentzia defentsiboak aurkako areara igotzeko aukera handirik ez eskaintzea, Espainiako selekzioa baita Munduko Txapelketa honetan gol gehien sartu dituen taldea, 15 guztira.