Urtzi Urrutikoetxea
Donostia

Badoa ‘Reservation Dogs’, estereotipo indigenak hautsi dituen telesaila

Telebistako plataformetako eskaintza ugaltzearekin batera, AEBetako indigenek egindako telesail eta filmak ere ugaritu dira. Horietako bat, ‘Reservation Dogs’, berebiziko fenomeno bihurtu da, modu umoretsu eta lotsagabean Oklahoman bizi diren natibo gazteen bizimodua azaltzen baitu.

‘Reservation Dogs’ serieko protagonistak.
‘Reservation Dogs’ serieko protagonistak. (NAIZ)

Ipar Amerikako natiboak ia zinemaren sorreratik bertatik agertu dira pantailan. Basati gaiztoen gisan luzaroan, basati zintzo gisa ere beranduago, biktima legez ere bai. Bilau, hiltzaile, basati, zintzo, biktima, mistiko, mozkor, heroi… modu askotara erakutsi dizkigute ‘indioak’, baina beti ‘bestearen’ begietatik kontatuta. Pertsonaiak arketipo bihurtuta gehienetan, eta sakontasun eta konplexutasunaren bila joandakoan ere, hirugarren pertsona gisa ageri da.

Oso gutxitan agertu AEBetako indigenak eurek egindako lanen bidez. Aurten 25 urte dira belaunaldi guzti bat markatu zuen ‘Smoke Signals’ (Ke Seinaleak) filma estreinatu zela; jatorrizko bizilagunek eurek idatzi, ekoitzi, zuzendu eta antzeztutako lehen film luzea izan zen Idahoko Coeur d’Alene erreserban bizi diren bi lagunen istorioa jasotzen du Sundancen saritutako zintak: Victor eta Thomas ezin desberdinagoak dira elkarrengandik, baina bidaia bat egin behar dute batera, lehenaren aita hil dela-eta. Istorio ugari tartekatzen dituzte bidean, baita ‘benetako indiarra’ izatea zer den. Umorez jasotzen dute galdera hori, alkoholismoa eta bazterkeria bezalako gai gordin eta gogorrak adierazteko ere.

Mende laurden geroago, ‘Smoke Signals’-ek irekitako bidea zabaltzea lortu du zinegile berrien belaunaldi batek. Asko dira XXI. mende honetan Ipar Amerikako indigenek egindako lanak, baina azken urteotan bereziki markatu du telesail batek: ‘Reservation Dogs’-ek. Hirugarren eta azken denboraldia abuztuan estreinatu du Hulu plataformak (abuztuaren 9an zehazki, herri indigenen nazioarteko egunarekin bat), eta irailaren 27an amaituko da. Sterlin Harjo zinegilearen eta Taika Waititi (JoJo Rabbit) aktore-idazlearen arteko elkarlana komunitate indigena baten bizia era autentiko eta umoretsuan –umore garratzean, behin baino gehiagotan– islatzeko ahalegina da. Tarteka hain gordin ze, iparramerikar natiboei buruz aldez aurretik pentsatutako nozioak iraultzen direla.

Harjo-k idatzitko agur mezuan dioenez, «‘Reservation Dogs’-en ideia otu zitzaigunean, ez nuen uste egingo genuenik, eta zorionez egin genuen. Guretzat indigena bezala oinarrizko ideia zen munduari erakustea natiboak eta natibo umorea dibertigarriak direla». Bere ustez, «filmetan eta telesailetan erakusten den ia guztia ez da zuzena. Eta gehienek egiari muzin egin diote. Guretzat oparia izan da munduari beste modu bateko jende indigena eta gure kultura erakustea. Are garrantzitsuago, amets bat betetzea izan da erabat jatorrizko herritarrek idatzi, zuzendu eta antzeztutako saio batean lan egitea. Hauek gure istorioak dira, eta gure jendea ordezkatzen dute. Badakigu egundoko erantzukizuna dela, eta sekula ez dugu arinkeriaz hartu».

Lehen denboralditik, ‘Reservation Dogs’-ek kritikarien eta ikusleen zorionak jaso ditu. Oklahomako Okmulgee erreserbaren inguruko lau neska-mutil ditu protagonista, beren egunerokotasuna, adinaren gora-beherak, ametsak, proiektuak eta bizitzaren kolpeak. Elora (Devery Jacobs), Bear (D’Pharaoh Woon-A-Tai), Willie Jack (Paulina Alexis) eta Cheese (Lane Factor) dira pertsonaia nagusiak, tragikoki galdu duten Daniel adiskidearen ametsa bete nahian: Oklahomatik ozeanora, Kaliforniaraino joatea. Halaxe amaitu zen bigarren denboraldia, itsasoan sartzen, Daniel ere aldamenean sentitzen dutela, ordura arte bi denboraldietako unerik hunkigarrienetakoan. Baina argi zegoen Oklahomara itzuli beharra zeukatela, erreserban gertatzen zela nerabeen bizi-aldaketaren mundua, eta hirugarren denboraldian hori ari dira jasotzen. Azkenengoa dela argi utzita.                            

«Amaiera bat daukan istorioa da», dio telesailaren sortzaileak argi. «Trantsizio-aldi baten dauden pertsonei buruzko istorioa da, zehazki oso trantsiziozkoa eta saminezkoa den une batean dauden neska-mutil batzuei buruzkoa. Ez dut uste horrek betiko dirauenik. Trantsiziozko une honetan haiekin egon behar dugulakoan nago. Niretzat, saioa garrantzitsuegia da arrastaka eramaten jarraitzeko».

Lehen kapituluan Spirit (Dallas Goldtooth) pertsonaiak rol berezia dauka, telesailaren hasieratik behin eta berriz egin izan duen legez, Bear-i izpiritu gisa agertuz. Baina aholku jakintsuz datorren irudi mistikoaren ordez, horretarako ahaleginean nabarmen geratzen den fanfarroi gezurtia ikusten dugu. Izpirituak lehenago ere esandakoaren arabera, Little Bighorn-eko batailan hil zen (lakota eta cheyenne-ek Custer jenerala hil zuten 1878ko borrokaldia), «baina ez nuen borrokarik egin».

Pertsonaiak aitarik gabe hazi dira, bi gurasoen faltan bat baino gehiago, eta denboraldi berrian komunitatearen garrantzia ere aipatzen da. Suizidioa, espetxea, autoritatea edo autoritate-falta, autoestima eta beste gai ugari landu izan dira telesailean, eta denboraldi berriak ere bide horri heltzen dio, pertsonaia bakoitzaren bilaketa pertsonalaren baitan. Boarding school edo behartutako barnetegien (milaka haur indigena bahitu eta euretako asko bortxatu edo hil ziren eskola erlijiosoak) ondorena ere oso modu berezian lantzen da. Bigarren denboraldian, gazteen atxiloaldiaren irudi bat ere badugu: Cheese mutilen etxe itxi batera bidaltzen dute haren osaba marihuana saltzen harrapatu eta gero. Bobby Wilson dakota aktore eta gidoilariak proposatu zion Harjori. «Eta Cheesek ez balu gurasorik? Natibo askori gertatzen zaie. Niri gertatu zitzaidan. Nerabezaroko urte gehienetan ez nuen jakin non arraio nituen gurasoak».

Lau protagonistekin batera, ‘Reservation Dogs’-eko aktore eta teknikarietako asko lehen ere Ipar Amerikako indigenen lanetan aritu izan dira. Eta zalantzarik gabe, telesail honen harrobiak gerora ere bide luzea egingo du. Harjo berarengandik hasita, iragarri baitu badituela zenbait egitasmo esku artean, horietakoren bat ‘Reservation Dogs’-en sekuela edo spin-off ere beharbada. Baina badaki mugarri izango den zerbait egin dutela. «Ideia hori, zerbait egin genuela zeina jendeak sentitu zuen aurretik ikusi gabea zela, ez alde indigenatik soilik, baita kontatzeko modua ere, hori egiteko gaude hemen. Hori lortu dugula sentitzen dut. Negar egin nuen azken kapitulua idazten. Gero, produktoreek irakurri eta findu zuten eta elkarrekin irakurri genuen. Malkotan geunden, elkarri besarkatuta, baina bagenekin amaiera behar zuela».

Jatorrizko biztanleei buruzko saioen sasoi oparoa

Orain bertan Ipar Amerikako indigenen urrezko aroa da pantailan. Uda honetan ‘Dark Winds’ telesailaren bigarren denboraldia hasi da. 70eko hamarkadaren amaieran navajo erreserban dago kokatuta, bertako polizia tribaleko burua eta laguntzaileak ditu protagonista. Telesaila ingelesez bada ere, diné hizkuntzan (navajoera) dira solasaldi ugari. Saioko protagonista ‘Reservation Dogs’-en ere polizia den Zahn McClarnon lakota da. Berarekin lan egiten duen Jessica Matten-ek berriz, ‘Tribal’ Kanadako telesail poliziakoan ikus genuen aurretik, Albertako polizia zuri arrazista baten kide dela.

Egileetako bat navajoa dauka ‘Rutherford Falls’ telesailak ere, Sierra Teller Ornellas. AEBeko ekialdean –New Yorketik ez oso urrun– dagoen herrixka txiki bat eta bertako erreserba indigena azaltzen digu telesailak, oso modu umoretsuan, bai protagonista zuriek herria sortu zuen arbaso pioneroari buruz dihardutenean, baita indigenen artean egoten diren eztabaidak ere, hasi natibo nortasuna ulertzeko moduetatik, eta dirua, kasinoak eta kulturari eta hizkuntzari ematen zaien garrantziaz segi.

Kilometro gutxi batzuk iparralderago, Montreal ondoko Kahnaawakeko Mohawk Territorioan dago kokatuta ‘Mohawk Girls’ komedia. Tracey Deer zuzendariaren bera mohawk-a da, bere arabera, telesaila «‘Sex and the City’ natibo eszenatoki batean» da. Bertako hiru eta herrira iritsi berri den laugarren bat ditu protagonista, maitasunaren bila denek elkar ezagutzen duten komunitate batean, arau zorrotz batzuen menpe sarritan. Deer bera Kahnaawakeko mohawk-a da, eta berriki ‘Beans’ filma estreinatu zuen, berak 12 urte zituela erreserba famatu zuen gertaera bati buruz: 1990eko Oka krisia, golf zelai baten proiektuaren aurkako 78 eguneko matxinada. Montrealera doan zubi garrantzitsu bat blokeatu zuten mohawkek, eta indarkeria lehertu zen Quebec-eko eta Kanadako poliziak eta armadak esku hartzean, eta herritar askoren arrazismoa agerian geratu zen.

Gai nagusia izan gabe ere, azken urteotako telesail arrakastatsuenetako batzuetan rol berezia izan dute AEBetako indigenek. Hala da Kevin Costner protagonista duen ‘Yellowstone’ neowestern-ean. ‘Dances with Wolves’ (Otsoekin Dantzan) egin eta 30 urtera Montanako etxalde bateko familiaren sagako zati bat aldameneko erreserba indigenarekin dago lotuta.

Halaber, 1883 eta 1923 spin-off telesailetan ere leku garrantzitsua izan dute natiboek; azkeneko horretan, kasu, azken urteotan azaleratzen ari den boarding school edo barnetegien errealitate gordina erakutsi dute: hamarkada luzez, haur indigenak kendu zizkieten familiei, gupidagabeko agintari erlijiosoen kargu utzi eta haien hizkuntza eta ohiturak ezabatzeko errepresio bortitza erabiltzeaz gain, bestelako krimen ugari egin izan zituzten.

Oso antzeko errealitatea izan zuten Kanadan ere, eta Clint Eastwood ekoizle izan zuen ‘Indian Horse’-k (2017) txikitan horrelako eskola batera eraman eta nagusitan hockey-izar bihurtzen den ojibwe gazte baten istorioa kontatzen du. Gai horri ekin zion lehen filmetako bat 2013ko ‘Rhymes for Young Ghouls’ da. Iaz hildako Jeff Barnaby mi’qmaq zinegilearen opera prima izan zen, eta barnetegi-eskoletako biktima baten mendekua erakusten duen terrorezko filma da.

Genero beraren baitan, ‘Blood Quantum’ zuzendu zuen 2019an; covid pandemia baino lehen, bestelako izurrite bat kontatzen du bertan: zombie altxamendu, parean harrapatzen duten guztia hiltzen, jatorrizko herritarrak izan ezik; indigenak immunizatuta daude. Filmaren izenburuak indigena izaera zehazteko AEBetan eta Kanadan erabiltzen den odol-kopuruaren kontzeptua darabil. Barnabyren bi filmetan parte hartzen du ‘Reservation Dogs’-eko Devery Jacobs-ek.