NAIZ

Gabon eta Nigerko estatu kolpeak desberdinak dira EBrentzat

Europako Batasunarentzat, aurreko hauteskundeetako iruzurra kontuan hartu behar da Gabongo eta Nigerko estatu kolpeak bereizteko orduan. Militarrek trantsiziorako lehendakaritza eskuratu dute, baina konpromiso guztiak mantentzeko asmoarekin.

Brice Oligui Nguema Goardia Errepublikanoaren komandantea da trantsiziorako presidentea.
Brice Oligui Nguema Goardia Errepublikanoaren komandantea da trantsiziorako presidentea. (AFP)

Josep Borrell Europako Batasuneko diplomazia buruak Nigerko eta Gabongo estatu kolpeak desberdinak direla ziurtatu zuen, bigarrena, Ali Bongo presidentea boteretik kendu duena, prozesuaren gardentasuna kolokan jarri den hauteskundeen ostean izan zela nabarmenduta.

«Kolpe militarrak ez dira inoiz irtenbidea, noski, baina ez dugu ahaztu behar Gabonetan irregulartasunez betetako hauteskundeak izan zirela», adierazi zuen, argudiatuz hauteskunde hondatuak «kolpe instituzionaltzat» jo daitezkeela.

Europako Batasuneko herritarren ebakuaziorik ez dela aurreikusten zehaztu ondoren, egoera «lasaia» dela berretsi zuen. «Ez dugu indarkeria arriskurik ikusten», aipatu zuen Toledon (Espainia), 27etako Atzerri ministroen bilera batetik kanpo. Bilera horretan, Nigerko estatu kolpea dela-eta, zigor ekonomikoak ezartzea erabaki dute.

«Egoera erabat ezberdina da», berretsi zuen Borrellek. «Nigerren, presidentea demokratikoki aukeratutako presidentea zen (...). Gabonen, kolpe militarra baino ordu batzuk lehenago, kolpe instituzional bat izan da, hauteskundeak lapurtu dituztelako», adierazi zuen. «Ezin dut esan Gabonen benetako demokrazia izan zenik, 50 urte zeramatzan familia batekin», esan zuen.

Iruzurra

Gabongo oposizioak iruzurra salatu du joan den larunbateko hauteskundeetan. Hautesleku asko lau ordu geroago zabaldu zirela eta askotan ez zegoela bere hautagaia bozkatzeko paperik salatu dute. Hala ere, datuen arabera, Albert Ondo Ossa hautagaiak bozen %68 eskuratu zuen.

Hauteskunde Batzorde ofizialak Ali Bongo presidenteari eman zion garaipena, bozen %68 hain zuzen ere.

2016ko hauteskundeetan ere iruzurra salatu zuen oposizioak. Gobernuak odoletan ito zituen orduan protestak. Oraingo honetan etxeratze agindua ezarri zuen.

Britainia Handiak eta Alemaniak, Frantziak bezala, arbuiatu egin dute estatu kolpea, baina bide batez hauteskundeen inguruko zalantzak azaldu dituzte.

Ameriketako Estatu Batuek gobernu zibila mantentzeko dei egin diete Gabongo militarrei. Hauek, ordea, Brice Oligui Nguema jenerala, Guardia Errepublikanoaren komandantea, izendatu dute trantsiziorako presidente.