
Irailaren 9an egin zen aurtengo CT denboraldiari amaiera eman zion Final Handia. Nesken zein mutilen rankingeko lehen bost sailkatuak bakarrik lehiatu ziren Trestleseko (Kalifornia) urautsian. Metro bateko olatu politak izan ziren eta lehia bortitza izan zen. Azkenean, Caroline Marks estatubatuarra eta Filipe Toledo brasildarra nagusitu ziren.
Kategoria bakoitzean bost txanda egin zituzten. CT rankingean laugarren eta bosgarren postuan ziren surflariek osatu zuten lehen txanda, eta pasatzea lortzen zuenak rankingean hirugarren postuan zenaren aurka lehiatu behar zen. Bigarren txanda pasatzen zuenak, ostera, CT rankingeko bigarren lehiakidea izango zuen arerio hirugarren txandan, eta finalera iristen zenak CT rankingean lehen postuan zegon lehiakidearen kontra egin behar zuen.
Printzipioz Final Handia hiru txandak osatzen zuten, hau da, hiru finalek, baldin eta lehiakideetako batek bi txanda (bi final) jarraian irabazten ez bazituen. Alegia, final bat lehiakide batek irabaziko balu eta bigarrena bere arerioak irabaziko balu, orduan hirugarren final bat egin beharko litzateke; baina ez zen horrela izan, nesken zein mutilen kategorian lehen bi finalak lehiakide berak irabazi baitzituen.
Caroline Marks eta Carissa Moore izan ziren buruz buru nesken finalean. Mutilen kategorian, berriz, Ethan Ewing australiarra eta Filipe Toledo brasildarra izan ziren. Iaz ere Trestlesen gaaraipena eskuratu zuen Filipe Toledok soilik finaleko bi txandak egin zituen, baina bere arerioak finalera iritsi aitzin beste bi txanda gainditu behar izan zituen, beraz brasildarral abantaila zuen. Aitzitik nesken kategorian ere gauza bera zen, Carissa Moorek abantaila zuen bere arerioak aurrez beste bi txanda eginak baitzituen, baina 21 urteko Caroline Marks gazteak forma ezin hobean dela frogatu zuen eta aurtengo denboraldi osoan rankingeko buru izan den surflari hawaiiarrari txapela, edo hobeto esanda Likra horia, ebatsi zion.
Caroline Mark
Nesken kategorian Molly Piclum estatubatuarra izan zen lehen kaleratua. Bigarren txandan Caitlim Simmers estatubatuarra kaleratu zuen Caroline Marksek eta hirugarren txandan, ostera, Tyler Wright australiarra kaleratu zuen. Final Handian rankingeko buru zen Carissa Moore bi bider garaitu zuen estatubatuarrak eta aurtengo WSL titulu mundiala irabazi zuen.
Carissa Moore, 31 urteko hawaiiarra, lau bider izan da munduko WSL txapelduna eta 2021ean Trestlesen berak irabazi zuen. Iaz ere finalean izan zen baina Stephanie Gilmorek kendu zion txapela eta aurten gauza bera gertatu zaio, beraz kolpe handia izan zen Moorentzat. Ureratik irten zenean ezin izan zion negarrari eutsi.

«Sekulakoa da nire izena munduko irabazleen zerrendan ikustea» nabarmendu zuen Marksek pozarren. Gainera, Trstlesen lortutako garaipenari esker 2024ean Parisen egingo diren Olinpiar Jokoetan AEB ordezkatzeko plaza ere eskuratu zuen. «Emozio gehiegi dira oso denbora gutxian», aitortu zuen surflari estatubatuarrak.
Filipe Toledo
Mutilen kategorian Jack Robinson australiarra kaleratu zuen lehen txandan Joao Chianca brasildarrak, baina bigarren txandan Ethan Ewing australiarrak garaitu zuen Chianca. Hirugarren txandan Griffin Colapinto estatubatuarra kaleratu zuen Ewingek, eta azkenik, Filipe Toledoren kontra bi txanda egin zituen, baina ezin izan zuen brasildarra garaitu. Horrela, Toledok bigarren aldiz irabazi zuen munduko WSL titulua Trestleseko Final Handian.
«Historia egitea maite dugu, mila esker gure jainkoari», adierazi zuen Toledok kazetarien aurrean eta titulu mundiala eskuratzeko egin behar izan dituen sakrifizioak oroitarazi zituen. «Egia bilakatu den amets bat da» gaineratu zuen.
Toledok oso ongi ezagutzen ditu Trestleseko olatuak, izan ere 2014. urtean Brasil utzi eta bere familia osoarekin Trestlesetik gertu dagoen San Clemente hirira joan zen bizitzera. Aurtengoa hirugarren aldia da formatu berria ezarri zenetik Trestlesen Final Handia egiten dena, eta Toledo urtero izan da bertan lehiatzen. Lehen urtean, hau da 2021ean, bigarren geratu zen, baina azken bi urteetan berak irabazi du WSLko txapela.

Gauzak honela, lehen mailako munduko CT itzulia amaitu da eta irabazleak izendatuak izan dira, baina hurrengo urtean lehen mailan izango diren 18 neska eta 38 mutilak nortzuk izango diren zehazteke dago oraindik.
Soilik 12 neska eta 24 mutilek dute hurrengo urtean lehen mailan jarraitzeko postua ziurtatuta. Geratzen diren postuak, ordea, oraindik indarrean den Challenger Series itzulia amaitzen denean baieztatuko dira. Ondorioz, esan daiteke lehen mailako itzulia ez dela guztiz amaitu, oraindik ez baitago zehaztuta 2024ean lehen mailan izango diren surflarien zerrenda.

Azken sanferminetako txupinazoan izandako errepresioa salatu dute zenbait eragilek

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai
