Alaia Sierra

Irudimenetik irudira, ‘Artxipelagoa’ podcasta gazteentzako komiki bihurtu dute

Martin eta Xabier Etxeberriak ‘Artxipelagoa’ podcasta komiki formatura eraman dute, izen berarekin, Alex Sanvi eta Sedyas marrazkilariekin batera. Egileentzako «erronka» izan den lan hau formatu digitalean dago eta espero dute beste denboraldiak irudi bihurtzea ere.

Alex Sanvi, Xabier Etxeberria, Sedyas eta Martin Etxeberria komikiaren aurkezpenean.
Alex Sanvi, Xabier Etxeberria, Sedyas eta Martin Etxeberria komikiaren aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herri distopiko bat imajinatzen duen ‘Artxipelagoa’ audio formatutik gazteei zuzendutako komikira pasa dute Martin eta Xabier Etxeberriak, Alex Sanvik eta Sergio ‘Sedyas’ Romanek. «Erronka izugarria» izan dela onartzen duten arren, «oso ariketa polita» izan dela nabarmentzen dute egileek.

2020an EiTBrentat jaio zen ‘Artxipelagoa’ podcastak 2103 urteko mundu distopiko bat planteatzen du, non berotze globalak eta poloen urtzearen azelerazioak itsas mailaren ehun metroko igoera eragin duen. Baliabide gutxiko testuinguru batean, potentzia berriak sortuko dira eta Jare izango da Euskal Artxipelagoan oreka zaharrak hautsiz ordena berria sortu nahian ibiliko dena.

Ostegun honetan Donostian egindako aurkezpenean, editore lana egin duen Xabier Mendigurenekin batera, Martin Etxeberriak, podcastaren sortzaileetako batek, «erronka izugarria» izan dela aitortu du. 30 minutuko zortzi atal dituen lehenengo denboraldiaren 200 orrialde inguruko gidoia 80 orrialdeko komiki batean trinkotu behar izan dute. Podcastarekiko beste desberdintasunetako bat atalen banaketa izan da, alegia, lau ataletan banatzea liburua.

Istorioaren tonua aldatzea erronka gehigarria izan da Martin eta Xabier Etxeberriarentzat. Azken honek azaldu duenez, EiTBtik podcasta komiki bihurtzeko proposamena heldu zitzaienean, gaztetxoentzako izatea nahi zutela esan zieten. «Adarbakarrak bilatzea bezalakoa izan da, batek dakielako zer duten gustuko gazteek, eta ez dakit asmatu ote dugun», esan du gidoilariak.

Audioa marraztu

Enfoke aldaketa horrek istorioa moldatzera behartu dituen arren, «lortu dugu esentzia komikian azaltzea». Horretarako, Alex Sanvi eta Sedyas ilustratzaileen ekarpena oinarrizkoa izan da. «Hasieran beldur ginen aldez aurretik pentsatutako ideia bat ote zuten, baina askatasun osoa izan dugu imajinatzeko», laburtu du egindako lana Sanvik.

Sedyasek kolorista lana egin du eta, horretarako, «pelikula bat balitz bezala» pentsatu du. Esate baterako, pertsonaiak haserre daudenean kolore gorria erabili duela azaldu du, eta antzinako mundua imajinatzen dutenean ere marrazkien testura aldatzen du.

«Gauza asko egin ditugu sortu ahala, gauza bat dena buruan izatea delako, eta beste bat hori formatu fisikora eramatea. Gainera, prozesuaren hurrengo faseaz arduratzen denak ekarpenen bat egiten du beti», azpimarradu du Alex Sanvik.

Webkomikia

Hala ere, ‘Atxipelagoa’ ez da paperarekin bukatu, webkomiki formatuan ere sortu dutelako. Ilustratzaileentzako erronka izan da hau, azaldu dutenez, binetak geruza desberdinekin sortu baitituzte papererako egindakoa digitalera errazago pasatzeko.

Lehenengo denboraldia hartzen du kaleratu berri den liburuak, baina podcastak bigarren denboraldi bat dauka eta baita bidean dagoen hirugarren bat ere. Sortzaileek arrakasta izatea espero dute beste bi atal horiek ere papereratzeko aukera izateko.