NAIZ

Maialen Chourrautek eta Pau Etxanizek Pariserako postua lortu dute Espainiarentzat K1 mailan

Lasarte-Oriako piraguistak ezin izan du Lee Valley kanalean jokatzen ari diren slalomeko Munduko Txapelketako finalera sailkatu, baina bai ordea Pau Etxanizek. Donostiarra bederatzigarren izan da finalerdian eta finalean zortzigarren amaitu du.

Maialen Chourraut ez da finalera sailkatu, baina helburu nagusia bete du Pariserako txartela eskuratuz.
Maialen Chourraut ez da finalera sailkatu, baina helburu nagusia bete du Pariserako txartela eskuratuz. (PIRAGÜISMO ESPAÑA)

Bost euskaldun ditugu Lee Valley kanalean jokatzen ari diren slalomeko Munduko Txapeleketan, eta denak ari dira euren maila bikaina erakusten. Ostiralean Klara Olazabalek Pariseko Olinpiar Jokoetarako postua lortu zuen Espainiarentzat C1 mailan, eta larunbat honetan Maialen Chourrautek eta Pau Etxanizek lortu dituzte zita garrantzitsu horretarako txartelak.

Chourrautek, Rion urrea irabazitako piraguistak —brontzea ere badu Londres 2012an eta zilarra Tokio 2020an–, ezin izan du finalerako sailkatu. Larunbat honetako finalerdietan, 109.23 denborarekin, 15. postuan amaitu du Lasarte-Oriakoak. Denborarik onena egin duen Jessica Fox australiarrak baino 7.10 segundo gehiago behar izan ditu Chourrautek ibilbidea osatzeko.

Bigarren postuan Ricarda Funk alemaniarrak amaitu du (103.50) eta Luuka Jones Zeelanda Berriko kirolaria izan da hirugarren (104.01).

Ondoren, finalean, Foxek ez du hutsik egin eta 106.30 denborarekin gailendu da. 1.13 segundo atera dizkio Eliska Mintalova eslovakiarrari eta 1.40 segundo Klaudia Zwolinska poloniarrari.

Pau Etxaniz, zortzigarren

Pau Etxanizen kasuan, donostiarrak, Pariserako txartela eskuratzeaz gain, finalerako sailkatu da, finalerdietan bederatzigarren izanda. 95.96 denborarekin, goian jarri da finalerdien hasieran, Mateusz Polaczyk poloniarraren atzetik (95.74).

Baina ondoren iritsi dira Jiri Prskavec txekiarra (92.70), Giovanni De Gennaro italiarra (94.26), Martin Dougoud suitzarra (94.56) eta Mathis Soudi marrokiarra (95.15), eta lehenengo bost sailkatuen artean alde egin du Etxanizek.

Arratsaldeko finalean, Etxanizek postu bat hobetu ahal izan du 96.59 denbora eginda, zortzigarren amaituz. Joseph Clarke britaniarrak urrea kolkoratu du (91.32), Jiri Prskavec txekiarra bigarren izan da (93.26) eta Mathis Soudi marrokiarrak brontzea irabazi du (93.91).