Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Josu Martinez
Zinema zuzendaria

«Ez naiz ez polizia ez epailea Jon Mirande kondenatzeko»

Bat gutxi ez eta bi film dakartza Josu Martinezek aurten Zinemaldira: ‘Bizkarsoro’ eta ‘Mirande. Film bat egiteko zirriborroa’. Zinemira atalean ikusiko dute argia biek. Asteazkenetik ostiralera lehenak, ostiral eta larunbatean bigarrenak.

Josu Martinez zinema zuzendaria eta ikerlaria.
Josu Martinez zinema zuzendaria eta ikerlaria. (Jon URBE | FOKU)

Zinemaren Historian doktorea eta kultur antropologian lizentziaduna, EHUko Unibertsitatean irakaslea eta ikertzailea da Josu Martinez (Bilbo, 1986). ‘Itsasoaren alaba’ (2009) lanarekin atera zen Euskal Herriko zinemagintzaren plazara. ‘Sagarren denbora’ (2010), ‘Barrura begiratzeko leihoak’ (2012), ‘Gure sor lekuaren bila (2015)’, ‘Jainkoak ez dit barkatzen’ (2018) eta ‘Caminho longe’ (2020) etorri ziren ondoren, besteak beste.

Nor da Jon Mirande? galderari tiraka 69 minutuko filma ondu du Martinezek. Nola egin Miranderenganako hurbilketa? Nondik? Ez zen erabaki erraza. ‘Mirande. Film bat egiteko zirriborroa’ (2023) lanaren giltzetako bat da idazlea Peio Berterretxek gorpuztea eta Martinezek berak luzatutako galderak erantzutea hark, ikusleon jakinmina neurri batean asetuz.



«Oso arriskatua zen erabakia. Paperak dena aguantatzen du, baina gero... Amaia Merinori –berarekin egin dut montaketa– esan nion ‘honek ez badu funtzionatzen ez dakit zer egingo dugun. Aldiz, ondo badoa dokumentalaren %80a badaukagu’. Hasieratik ikusi nuen neure ustez ondo funtzionatzen duela eta pozik, alde horretatik», aitortu du Martinezek. Tentazioa eta Gastinbeltza Filmak dira ekoizleak.

Nabarmentzekoa da Mirandek idatzita utzitako testuetatik hartutako zatiak direla, hitzez hitz, filmean bere ahotan jartzen direnak. Alegia, protagonistaren adierazpenetan ez dago ezer asmaturik. Miranderi hitza ematea. Hauxe bilbotarraren nahia. «Nola asmatu forma egokiarekin? Hasieratik pentsatu nuen gakoa berari hitza ematea zela. Nola lortu hori hil zela 50 urte direnean? Buelta asko eman dizkiot. Dokumentalaren apustua eta abiapuntua hori zen, bai formaren aldetik eta baita edukiari dagokionean ere».

Bertold Bretchen distantziamenduarekin jokatu du. «Ikusleari dispositiboa proposatu nion ‘goazen jolastera’ jakinez egiazko materialarekin ari garela, ‘goazen Jon Mirandek idatzitakoak entzutera’. Agian Jon Mirande dela berak idatzitakoa, bere hitzetan bizi da oraindik. Kontua ez da dramatizazioa edo dokumental faltsua egitea, hasieratik sinesgarritasun paktua proposatzen diot ikusleari», azaldu du.

Izan ere, zurrumurruek hartu izan dute indarra. ‘Hau edo bestea izan omen zen Mirande’... «Bai, Miranderi buruz gauza asko esan izan dira eta esaten dira oraindik ere. Zuk esan bezala, txutxumutxuaren mailakoak dira. Eta horietako asko, frogatzen zailak direnak. ‘Ez dakit nork esan zuen joaten zela lagun naziekin homosexualak jipoitzera’, bezalakoak entzun izan dira, esaterako. Hala balitz ere... baina berataz hitz egiten denean hori geratzen da. Zer zen eta zer ez zen bere ahotik entzutea da pelikula honen helburua. ‘Zu nazia zara?’ berari galdetzeko gogoa ematen zidan», kontatu du.

Pertsonaiak jan du autorea. Bat dator Martinez. «Kontua ez da nire ustez ezer ezkutatzea. Izango da filma gustatuko ez zaionik. Agian esango didate ez naizela nahikoa kritikoa. ‘Nazia zen eta ezin zaio barkatu’, pentsatzen dute. Miranderen kasuan gaina hartzen du beste horrek denak. Hasten bagara zorrotz jartzen hemen ez da inor libratzen. Eta Borges? Berataz ari garenean ez da aipatzen lehendabizi diktadurarekin izan zuen harremana. Antonio Machado 11 urteko neska batekin ezkondu zen...».

Anekdota bat kontatu digu. «Filma koprodukzioa da, Frantziako laguntza jaso du. Han idatziz aurkeztutako txostenaren arabera aurre-hautaketa egiten dute eta ondoren ahozko elkarrizketa egiten dizute, azken erabakia hartzeko. Hemen ez da egiten eta ideia ona iruditzen zait. Joan ginen proiektua defendatzera Bordelera eta kristoren egurra eman zidaten! Esan zidaten autore bezala ez nuela nahikoa kondenatzen pertsonaia. Politikoki zuzenaren momentu honetan ez gaude hainbat gauza onartzeko prest. Ezkerreko pertsona zirudien eta erantzun nionean ez naizela polizia ‘kondenatu behar duzu!’, esan zidan. Ni ez naiz polizia, ezta epailea ere, Jon Mirande kondenatzeko. Ez da nire lana inor epaitzea, kondenatu epaileek egiten dute».  

20 urterekin egin zen euskararen jabe gurasoek, zuberoarrak, ez baitzioten etxean transmititu. «Bretoiak ezagutu zituen, eta haiek bretoieraz aritzen zirela ikusita hasi zen euskara ikasten. Hor ere desenkantu handia izan zuen ikusita Parisko abertzale giro hartan Andima Ibiñabeitia eta besteren bat salbu euren artean espainolez aritzen zirela. Ezin zuen ulertu», esan du.

Depresioari aurre egin behar izan zion eta alkoholarekiko mendekotasuna izan zuen. 1972an bere buruaz beste egin zuen. Oso bakartua bizi izan zen. Sufrimendu asko dago Miranderengan. «Bai, noski! Mirandek gaitasun intelektuak izugarriak zituen, eta bizi osoan garaiz eta lekuz kanpo bizi izan zen. Batetik, lekuz kanpo, zeren 20. arrondizamenduan bizi zen Parisen, oso auzo proletarioan, eta bere ingurukoekin ezin zuen inkietude filosofikorik partekatu, esaterako. Bazegoen klasearen osagaia. Langilea zen eta burgesiaren aurkako izugarrizko gorrotoa zuen. Gorroto zuen Frantzia oro har, bizi zuen gizartea. Euskal Herriak ihes moduko bat eman zion. Milaka liburuz inguratutako gelan, orduak eta orduak ematen zituen bertatik batere atera gabe, idazten, erretzen eta edaten. Euskal Herri txiki bat izango zen hura. Bere lagun onena Gabriel Aresti zen, marxista, eta bestea Jon Etxaide, ultrakatokiloa. Itxuraz ez zen batere sektarioa eta mundu guztiari idazten zizkion gutunak. Baina Euskal Herriarekin ere kristoren desenkantua izan zuen. Monzonek gutuna idatzi zuen –Euzkadi Buru Batzarrera izan zela uste dut–, ‘Mirande ezagutu dut eta idazkari postua eman beharko genioke’ esanez. Baina Mirande ez zen egokitzen inon. Martzianoa zen. Bestetik, garaiz kanpo, idazten zituen kontu haiek urte haietan tolera ezinak zirelako. Orduan hegoaldean idazten zuten guztiak apaizak ziren».

Mirande bat ez, asko

«Mirande asko zeuden. Nazia, pedofiloa? Mirande hori baino askoz gehiago zen. Intelektualki oso aberatsa zen pentsamendu aldetik. Bere obra askoz interesgarriagoa da eta pertsonaia are interesgarriagoa. Eta estereotipoetan edo benetako informazioetan oinarritutako pertsonaiak irentsi du beste guztia. Ikasi beharko genuke moralkeriarik gabe gauzak ikusten»», gaineratu du.

Parisko idazlearen obraz ari garenean ‘Haur besoetakoa’ gailentzen da, bere nobela. Beti polemikaren erdian. «Filmean erantzunak baino gehiago galderak planteatu ditut. ‘Haur besoetakoa’ liburuan azaleko gaia fuertea da, itsusia, pedofilia historia da. Garai hartan euskaraz halako gai batetaz idaztea ezinezkoa zen. Baina zenbat gauza ikusten ditugu Netflixen edo literaturan oso bortitzak direnak eta inork ez du horrelako mugarik jartzen. Zergatik berarekin bai? Ez dakit. Iruditzen zait badagoela zerbait arraroa. Hori ulertzen saiatu naiz...», bota du.

Izenburutik bertatik –zirriborroa da– aitortzen duzu nolabait Mirandek ihes egin dizula, hondarrak hatz artetik bezala?, galdetu diogu. «Pelikulan agertzen den pertsona bakoitzak badu bere Mirande eta zenbat eta gehiago jakin orduan eta konplexuagoa eta aberatsagoa eta orduan eta interesgarriagoa ematen du. Hasieratik ardura nuen, gai serioez ari gara eta ez dut fribolizatu nahi nazismoarekin edo pedofiliarekin», aitortu du.

Dokumentu ezezagunak

Dokumentazio lanak hainbat altxor aurkitzera eraman du Martinez. «Ikerketa egiten dut Unibertsitatean ere, oso gustukoa dut detektibe lana egitea, eta pelikula egiteko prozesuan gauza asko aurkitu ditut: poema berri batzuk, gutun ineditoak, familiak gordetzen zituenak... Ez da Sherlock Holmes izan behar, nahikoa da bata eta bestearengana jotzea eta haiek era berean euren aitari edo amatxiri galdetzea».

«Unibertsitateko nire ikerlari ofizioa oso lotuta ikusten dut dokumentalgintzarekin. Argazkiak aurkitzen ditudanean, pentsatzen duzu ‘ekarri dut zerbait berria Miranderen inguruan gehiago ikeru nahi dutenentzat’. Horrek satisfakzioa ematen dizu».

Atea ireki dio Martinezek berak ala beste norbaitek beste film bat egiteko? «Mirandek film asko egiteko ematen du eta orain atera den material berriarekin are gehiago. Hau nirea da. Gutunetatik zati batzuk hartu ditut, baten batek esango du beste gutun batean esaten duela juduak hil, nik muntaia egin dut nire ustez justizia egiten diona nik pertsonaiari buruz dudan ikuspegiari baina bakoitzak bere filma egingo luke.

Filipe Oihanburu koreografoa –101 urte zituenean eskainitako elkarrizketa ikus daiteke filmean–, Eneko Irigarai ETAren sortzaileetako bat, Txomin Peillen idazlea… Mirande ezagutu zuten hainbat pertsonaren testigantzak jaso ditu Martinezek. Baita Itxaro Borda eta Joseba Sarrionandia bezalako idazleenak ere. Ezagutu zutenen artean nork bere bizipenak ditu, nork bere Miranderen irudia. Ezagutu ez zutenek ere nork bere iritzia.

Proiektua estreinatuko den honetan gauza bat du garbi zinemagileak: «Ez dakit nor zen Mirande. Zenbat eta gehiago ezagutu konturatzen naiz ezezagunagoa dela».

Erantzunak baino, galderak airean. «Gakoak ematen ditu filmak bakoitzak bere hurbilpena egin dezan».

Bizkarsoro

Bizkarsoro herri fiktiziora garamatza bilbotar zuzendariak asteazken honetan estreinatuko den lanean. «Bizkarsoro edozein herri izan daiteke. Mapetan agertzen ez den Euskal Herriaren oihartzuna du, herri txikia. Macondo edo Obaba sortzean unibertsoa sortzen duzu eta osotasun koherentea sortzeko aukera ematen dizu. Harkaitz Canok zioen Imanolen liburuaren harira errealitatearen eta fikzioaren arteko desberdintasuna dela fikzioak koherentzia gorde behar duela» [irribarrea].



Bost urtean zehar landutako proiektua da. «Hasieratik zen luzemetraia. Atalka egiten joan gara. Ez dut uste fikziozko film luzerik egingo dudanik, ez dut horretarako pretensiorik. Aste bat baino gutxiagoan urtero atal bat egiteko modua izan da. Pelikula bat egiteko 5-6 aste behar izaten dira eta guk bost urtez luzatu den arren 10 egunetan egin dugu», kontatu du.

Bernardo Bertolucciren ‘Novecento’ izan du inspirazio iturri. «Film hura neukan buruan, beste maila batean, noski. Hark langile mugimenduaren XX. mendea kontatzen zuen bezala nik euskaldungoaren XX. mendea kontatu nahi izan dut».

«XX. mende hasieran euskara eta euskal kultura desagertzera kondenatuta zeuden eta mirakuluz bizirik atera ginen handik. Zabalduta dago heriotza naturala denaren ustea eta ez, heriotza programatua da, erailketa. Armadaren, eskolaren, klase borrokaren eta presio sozialaren bidez nola egin den erakutsi nahi izan dut. Eugen Weberrek esan zuen ‘Frantzia sortu dugu, orain frantziarrak sortzea geratzen zaigu; Frantziaren nazio eraikuntza kontatzen da filmean», dio.

Baigorrin filmatu da lana –duela urte batzuetatik hura du bizileku Martinezek–. «Asko du dokumentaletik, ia aktore denak herritarrak dira eta euren burua interpretatzen dute edo beraien gurasoak edo aitatxi eta amatxi. Eta horrek egiazkotasuna ematen dio. Oso barnetik bizi zuten, ikastolako haurrentzat shock-a izan da euskaraz egitearen debekuaren atalean, hitz egiteagatik benetako beldurra sentitzera iritsi ziren. Pentsatzen dut istorio batean ala bestean euskaldun asko identifikatuta sentituko garela. Ez bakarrik euskaldunak, istorio unibertsala da», adierazi du.

Herritarren artean landa-lana egin eta ahozko lekukotzetatik abiatuta kasu errealekin dokumentatu du proiektua zuzendariak. «Nik ez dut ezer asmatu, koherentzia eman diot agian, hasiera, bukaera eta gidoi forma bat, baina hor agertzen diren kontakizun guztiak ahozko lekukotzetatik edo idatzietatik hartuak izan dira».

Zinegilearen aurreko hainbat proiektutan bezala, emakumeak dira protagonistak. «Beti interesatu zait konflikto egoeratan emakumeak jokatutako papera», nabarmendu du.  

Herrigintzatik egindako proiektua da, herrigintza egiteko bidea izan da filmaketa. «Euskarazko zinemaz hitz egiten da, baina hori pantailaren aurrean da, atzean denak erdaraz ari baitira. Ekipo osoa euskalduna izatea erabaki genuen. Horri esker Hegoaldetik puntako profesionalak joan dira Baigorrira. Eta ezarri dizkiegu herritarrak laguntzaile Iparraldekoak ere formatu daitezen. Oso prozesu polita izan da bost urtean, kasik lantalde osoa berbera izan da bost urteotan. Horrek esan nahi du pozik etorri direla, jendearen etxeetan egiten zuten lo, herritarrek egiten zituzten otorduak... oso auzolanean egin da dena».

Esker oneko agertu da herrikideekin. «Mila eta gutxi biztanle ditu Baigorrik eta 200 pertsonatik gora dira parte hartu dutenak. Zinemaldian egotea bereziki polita da. Zinemaldia ez zait berez asko gustatzen baina baigorriarrei oparia egiteko aukera eskainiko digu. Erokeria izan den abentura eskertzeko modua. Autobus bat bete dute herritarrek. Gaita-jotzaileekin etorriko dira», dio irribarrea aurpegian.