NAIZ

Laudioko Glavistako langileek itxialdia abiatu dute enpresak ezarritako EEEren aurka

Glavistako langileek enpresaren instalazioetan itxialdia abiatu dute asteazken honetan, joan den irailaren 30ean plantilla osoa kaleratzeko EEE baterako kontsulta aldia ireki ostean. Mobilizazioak iragarri dituzte ostegun eta ostiral hauetarako.

Glavistako langileen itxialdia, asteazken honetan.
Glavistako langileen itxialdia, asteazken honetan. (OMNIA)

EEEa aurkeztu ondoren, langileek kontzentrazioa egin dute asteazken honetan Laudioko Autoglas/Glavista enpresaren aurrean lanpostuak defendatzeko. Langile batzuk instalazioetan sartu dira. Ostiralean manifestazioa deitu dute Laudion 18.00etan

Joan den ostiralean, irailaren 30ean, Gasteizko epaitegiak jakinarazi zuen EEE baterako kontsulta-aldia ireki dela, Autoglas/Glavistako plantilla osoa kaleratzeko. Neurri hori hainbat faktoreren ondorioa da, baina nabarmentzekoa da Guardian multinazional amerikarraren (2020tik Glavistarena dena) itxiera erabaki «programatua eta telegidatua» izan dela, ELA sindikatuaren ustez, Parter Capital putre-funtsa horretarako erabiliz. Guardianek uko egin dio gaur industria proiektu berri bat bermatzeko Autoglas dagoen lurrak eta instalazioak eskura jartzeari.

Hau honela, Glavistako zenbait langilek, plantillak eguerdian egin duen protesta kontzentrazioa baliatuz, enpresaren instalazioetan sartzea erabaki dute, eta protesta itxialdia egiten ari dira. Guardianen jabetzako lursail horiek industria proiekturako eta 200 lanpostu baino gehiago salbatzeko giltza direla adierazi dute.

Aste honetan langileek mobilizazioekin jarraituko dute. Ostegun eta ostiralean 12.00etatik 14.00etara elkarretaratzeak egingo dira enpresaren aurrean. Horretaz gain, aurreikusten da Aiaraldeko enpresa komite batzuk eta eskualdeko gizarte mugimenduak instalazioetara hurbilduko direla babesa ematera, langile taldea itxialdia egiten ari den bitartean.

Ostiralean, enpresa batzordeak manifestazioa deitu du Laudion arratsaldeko 18.00etatik aurrera, Glavistaren lanpostu guztiak eta etorkizuna defendatzeko. Mobilizazioa Glavistako instalazioetatik abiatuko da eta Laudioko kaleak zeharkatuko ditu.