Asier Robles

2022ko Euskaraldiko parte-hartzaileen bi herenek hizkuntza ohitura batzuk aldatu dituzte

158.440 lagunek eman zuten izena 2022an Euskaraldiaren hirugarren edizioan, horietatik %77,6k ahobizi rola hautatuta eta %22,4k, berriz, belarriprest. Ikerketaren datuak dioenez, ariketako parte-hartzaileen bi herenek hizkuntza ohitura batzuk aldatu dituzte.

2022ko Euskaraldiaren ikerketa aurkeztu dute koordinazio mahaiko kideek.
2022ko Euskaraldiaren ikerketa aurkeztu dute koordinazio mahaiko kideek. (Asier ROBLES)

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egin zen azken Euskaraldia, ariketaren hirugarren edizioa. Eta edizio guztietan egin den bezala, edizio honek ere ikerketa lan sakona ekarri du berarekin. Siadeco ikerketa taldeak egindako lan hori azaldu eta ondorioak aurkezteko bildu dira ostegun goiz honetan Bilbon Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak.

Izan ere, antolatzaileek nabarmendu dute lehen ediziotik izan dela garrantzitsua Euskaraldiaren eragina neurtzea, bai urte jakinari dagokiona, eta baita hasieratik hona gizartean egin duen ekarpena ere: «Euskaraldiak, ariketa sozial berritzailea izanik, gizartean eragitea baitu helburu».

«Ariketa egonkortu da gizartean»

Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailearen esanetan, «ariketa gizartean normalizatu, finkatu eta egonkortu zela sentitzen genuen, eta hala baieztatu digu ikerketak». Euskaraldian izena eman zuten norbanakoei erreparatuta, 2022ko ariketan 158.440 lagunek eman zuten izena. Horietatik %77,6k ahobizi rola hautatu zuen, eta %22,4k, berriz, belarriprest rola.

Aurreko edizioekiko %11,1eko jaitsiera erakutsiko lukete datu horiek, izan ere, 2020an 178.184 pertsonak eman zuten izena. Gazteen izen-emateak egin du bereziki behera eta gizonezkoen izen-ematea ere jaitsi da. Adinaren arabera, eta unibertso potentziala kontutan hartuta, 35 eta 64 urte bitartekoen artean izan du arrakasta gehien 2022ko Euskaraldiak. %34,4 dira adin tarte horretakoak. Lurraldeari dagokionez, Gipuzkoan izan du hedadura gehien.

2022ko Euskaraldiko parte-hartzaile gehienek (%81,9) aurreko edizioko rol bera hautatu dute. Rola aldatu dutenen artean, ahobizi roletik belarriprest rolera egin dute gehienak (izena eman dutenen %6).

2022ko Euskaraldiaren hasiera ekitaldia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Entitateei erreparatuta, 8.610 izan dira, Euskal Herri osoan, 2022ko edizioan izena eman duten elkarte, lantegi eta bestelako erakundeak. Horrek esan nahi du, 2020arekin alderatuta, entitateen izen-emateak %3,6 egin duela gora (301 entitate gehiago). Euskaldunenak diren gune soziolinguistikoetan, proportzionalki handiagoa da entitateen Euskaraldiko izen-ematea.

«Eraginkorra»

Ikerketako datuei erreparatuta, Euskaraldia euskararen erabilera sustatzeko «tresna egokia eta eraginkorra» dela baieztatu dute antolatzaileek. Izan ere, urtetik urtera parte-hartzaileengan Euskaraldiak duen eragina areagotu egin dela adierazten du ikerketak. 2022an ariketan parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte. Eta hori, bereziki azpimarratzeko datua da Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideen ustetan.

Eraginak, hala ere, badu inguruarekin zerikusia; izan ere, ia egoera guztietan, ingurua zenbat eta euskaldunagoa izan, orduan eta gehiago egiten zen euskaraz Euskaraldiaren aurretik, eta gehiago egin da ondorenean ere; inguru erdaldunagoetan, ordea, Euskaraldiaren eragina gehiago nabaritu da, aldaketa handiagoa izan da.

Ariketaren eraginaren erakusle argia da elkarrizketa elebidunak izateko orduan parte hartzaileek egin duten aurrerapausoa, hala, %44,7tik %76,5era igo da bi hizkuntzetan ematen diren elkarrizketetan euskarari eusten diotenen ehunekoa. Beste aldera, ikerketan parte hartu dutenentzat zailena izan da orain arte erdaraz ziren elkarrizketak euskaraz edo ele bitan izatea. Azken honetan, baina, errazagoa egin zaie jokabide hori hartzea Euskaraldiaren ondoren.

Lehen aipatu bezala, entitateetan ariketak izan duen eragina ere aztertu du ikerketak; eta alor honetan ere datu esanguratsuak plazaratu dira. Entitateen kasuan, Euskaraldia amaitu eta handik ia bi hilabetera ariketa aurrekoak baino altuagoak dira erabilera datuak; parte hartutako entitateen ia heren batek -%31,3- lortu du hizkuntza-ohiturak aldatzea. Entitateen %10ak erantzun du lortu duela euskara izatea entitateko hizkuntza nagusia; eta %21,3k erantzun du ordutik euskara gehiago erabiltzen dutela.

Aurrera begira

Aurrera begirakoaren inguruan galdetuta, asko dira Euskaraldiarekin lortutako aurrerapenari jarraipena eman nahi dioten entitateak; zehazki, hiru entitatetik batek erantzun du Euskaraldiak hizkuntza-ohituretan ekarritako aldaketak etorkizunean ere mantenduko direla uste dutela, eta hori hala izateko neurriak hartuko dituztela gainera. Norbanakoei dagokionez, parte hartu dutenen gehiengoak hurrengo edizio batean parte hartzeko prestutasuna adierazi dute, baina ariketak aldaketa/berrikuntza beharra duela ere gaineratu dute.

Aurrerapausoak ematearen garrantziaz ohartuta, eragile eta norbanako ezberdinekin gogoeta prozesu bat egin dute Euskaraldiko antolatzaileek. Gogoeta prozesu horretatik etorriko da, hein batean, Euskaldiaren 4. edizioa.