Jon Ander Peña Lau eta Erdiko finalerdietara sailkatu da lehen aldiz

Iñaki Artola 20-22 menderatu du Tolosako Beotibar pilotalekuan eta Peio Etxeberriaren aurka neurtuko ditu indarrak datorren larunbatean Gasteizen. Beste finalerdia igandean jokatuko dute Altunak eta Jakak Eibarren.

Jon Ander Peña finalerdietan izango da.
Jon Ander Peña finalerdietan izango da. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jon Ander Peña Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietan izango da bere ibilbidean lehen aldiz. Aurrelari tolosarrak 20-22 menderatu du Iñaki Artola ia erabat bete den bere herriko Beotibar pilotalekuan, eta Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du datorren larunbatean Gasteizen finaleko txartelaren bila.

Oso neurketa parekatua izan da Tolosakoa hasieratik amaierara arte, baina Peña finago aritu da azken txanpa erabakigarrian eta hortxe egon da gakoa. Izan ere, oso gutxitan gertatzen dena ikusi dugu gaur Tolosan: dirua pare-parean irten da eta neurketa aurrera joan arren apustuek ez zuten kolore bat edo beste hartzen, kantxan zegoen berdintasunaren seinale. 8-8kora arte, adibidez, zazpi berdinketa egon dira markagailuan.

Hortik aurrera, egon dira partzial esanguratsu batzuk. Peña izan da lehen abantaila aipagarria hartu duena 8-12koan bost tanto segidan eginda. Partidan lehen aldiz sakearekin min egiten asmatu du eta horrek errematerako aukerak ekarri dizkio. Aipatutako bost tantoak berak eginak izan dira, zaleen zoramenerako.

Baina 12. tantoko atsedenaldiak ez dio batere mesederik egin, eta aldageletan sartzea erabaki duen Artola indarberrituta itzuli da kantxara. Erasokorrago jokatuz, alegiarrak festara batu nahi izan du eta zortzi tanto egin ditu erreskadan, 16-12 aurreratuz. Une horretan Peña izan da arnasa hartzeko atsedena eskatu eta berriz ere hutsetik hasi behar izan duena.

Artolak opari gehixeago

Artolak zabalera bidalitako gantxo batek eman dio sakea berreskuratzeko aukera tolosarrari, eta behin markagailua parekatuta, norgehiagoka tentsioz betetako azken txanpa erabakigarrian sartu da. Inspiratuago nor ibili edo huts gutxien nork egin, hortxe zegoen garaipena, eta azkenean Jon Ander Peña izan da saria bereganatu duena.

Ez da akats askoko neurketa izan, ezta gutxiago ere, baina Artolak garesti ordaindu ditu azken txanpa horretan egin dituen pare bat opari. Aipagarriena agian 17-17ko berdinketarekin txapa azpira bidali duen aukerako pilota. Aukera eman dio Peñari bigarren atsedenaldira aurretik iristeko eta hurrengo tantoan ere ez du asmatu alegiarrak: atzera jotako pilota bat pasatzen utzi du baina barruan egin du botea.

Hala ere, gai izan da Iñaki markagailura berdinketa bat gehiago igoarazteko, sakez egindako bere hirugarren tantoarekin iritsi baita 20-20koa. Azken biak, ordea, Peñarentzat izan dira, azkena txokoan egindako dejada bikain batekin lortua gainera.

Lehen aldiz izango da Peña Lau eta Erdiko finalerdietan, 26 urterekin heldu zaion saria. «Oso pozik nago. Lan handia dago lorpen honen atzean. Profesionaletara igo osteko lehen bi urteak nahiko gogorrak izan ziren: hankako lesioa, besokoa... Zorionez azkenaldian lesioek errespetatu egin naute, ni ere agian gehixeago zaintzen naiz, eta pozgarria da lau onenen artean egotea», adierazi du tolosarrak.

Badaki kanporaketa zaila izango duela finalerdietan, baina berea eman nahi du Peñak. «Orain arte uste dut Peio Etxeberria izan dela txapelketako onena, bai taktikoki eta bai fisikoki. Baina gaurkoa ere partida gogorra izan da eta uste dut ongi erantzun dudala», aipatu du.

Artolak ez du horren pozik amaitu, noski, baina emandako mailarekin konforme agertu da. «Min handia hartzen duzu horrelako partida bat galtzen duzunean, baina esango nuke orokorrean begiratuta txapelketa ona egin dudala. Maila honetan partidak askotan detaile txikietan erabakitzen dira. Nire helburua udan erakutsitako joko mailari jarraipena ematea zen eta uste dut hori lortu dudala», esan du alegiarrak, Binakako Txapelketan sartzeko esperantzak badituela gaineratuz.