NAIZ

Oihana Bartra nagusi, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Igorreko saioan

Igorreko Lasarte aretoak hartu du Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken aurreko kanporaketa eta, bertan, Oihana Bartra izan da nagusi. Bilbotarra zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara. Asteazkenean Igorren jokatuko den saioan erabakiko da ze bertsolari sailkatzen diren finalaurrekoetara.

Oihana Bartra nagusitu da igandeko saioan.
Oihana Bartra nagusitu da igandeko saioan. (BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA)

Oihana Bartra bilbotarra nagusitu da igande honetan Igorren jokatu den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako azken aurreko kanporaketan. Bizkaiko Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez, Igorreko Lasarte aretoa «bertsozalez goraino» zegoela jokatu zen saioa eta Bartra izan zen puntu gehien (477.5) bildu zituen bertsolaria, beraz, azaroaren 25ean Lemoan jokatuko den finalaurrekora zuzenean sailkatzea lortu du.

Bartrarekin batera aritu ziren kantuan Aissa Intxausti Aburruza (455.5 puntu), Asier Galarza Garai (447.5), Jone Larrinaga Dañobeitia (437.5), Janire Arrizabalaga Munduate (437.5) eta Eneko Aldana Carrasco (410). Bertsolari hauek puntuazioaren arabera izango dute hurrengo fasean kantatzeko aukera.

Azken kanporaketa, Lekeition

Txapelketako azken kanporaketa asteazkenean, azaroak 1, jokatuko da Lekeition. Saioa 17.00tan abiatuko da Ikusgarri zinemetan eta bertan parte hartuko duten bertsolariak Aitor Arrutia Azkueta, Beñat Bilbao Landa, Eneko Abasolo Txabarri, Koldo Gezuraga Seijido, Maite Sarasola Isazelaia eta Peru Irastortza Santxo izango dira.

Gai-jartzaile lanetan Beñat Vidal Gurrutxaga ariko da eta epaimahaiko kideak, aldiz, Ainhoa Arregi Elosua, Beñat Romero Maguregi, Garazi Mendoza Agirre, Graxi Arregi Leonardo, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, eta Mirari Azula Aurrekoetxea izango dira. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea Olarreaga arituko da.

Saio honetan jakingo da zeintzuk izango diren finalaurrekoetan kantatuko duten bertsolariak.