Iraitz Mateo

Gaueko hitzak erakusten ditu Patxi Zubizarretaren ‘Loak ezkutatzen duena’ eleberri berriak

Misterioz beteriko eleberria aurkeztu du Patxi Zubizarretak, ‘Loak ezkutatzen duena’. Pertsonaia bakoitza beste pertsonaiaren bati jarraika dabil, eta hor korapilatuko dira bakoitzaren bizitzak eta istorioak. Zubikarai Saria irabazi zuen, eta Elkarrekin argitaratu berri du eleberria.

Patxi Zubizarreta, ‘Loak ezkutatzen duena’ eleberria aurkezten.
Patxi Zubizarreta, ‘Loak ezkutatzen duena’ eleberria aurkezten. (Andoni Canellada | FOKU)

Insomnioari buruzko erreportaje baten itxura du hasieran Patxi Zubizarretak ostegun goiz honetan aurkeztutako eleberriak, baina berehala hartzen du tonu misteriotsua eta hamar egun irauten dituen istorio baten eleberrian kokatzen gaitu. ‘Loak ezkutatzen duena’ izenburupean argitaratu du Elkarrekin, argitaletxeak Ondarroako Udalarekin batera antolatzen duen Zubikarai Saria irabazi ostean.

«Gaueko hitzei» begira jarri da idazlea, izan ere, «pandemia berria» da bere ustez insomnioarena, eta hala kontatzen du: «Pertsona bakoitzaren barruan pertsona arrotz bat dago eta horiek komunikatzeko bi bide dituzte: gaixotasunarena eta ametsarena». Aurkezpenean azaldu du ametsen inguruan asko ikertu eta idatzi dela, baina loaren eta batez ere lo-ezaren inguruan ezetz. Eta hortik abiatu da bera, «gaueko hitz» deitzen dien horien atzetik, norberaren kezka eta obsesioen atzetik. Horiek baitira gaueko hitzak bere arabera; egunekoak, berriz, «teleberrian agertzen direnak» izango liratezke.

Horretarako, bi protagonista nagusi eraiki ditu eta beraien inguruan dabiltzan beste hiru nagusi ere ageri dira. Petra eta Andreas dira protagonista nagusiak: Petra kazetaria da eta insomnioaren inguruko erreportaje bat osatu behar du egunkariko gehigarri berezirako. Informazio bila, Gasteizko koltxoi denda batera hurbiltzen da, kanpokaldean aurkituko du Simon bizkartzaina eta, barnekaldean, azken honek babesten duen Andreas «lotaratzailea».

Asmatutako ogibidea da Andreasena, insomnioa dutenei laguntzen diete gauez, beraien oheetan sartzen dira eta hauek lo hartzea izaten da beraien helburua. Petra, bere kazetari senari jarraiki, lotaratzaileari eta bizkartzainari segika abiatzen da, eta kazetariaren atzetik dabil Gabriel liburuzaina, berekin maitemindurik. Irakurleak horrela bisitatuko ditu insomniodunen oheak eta istorioak, pertsonaia bat besteari jarraika dabilela, «pertsonaiak eta tramak katramilatuz». Mendigurenek esan du eleberri beltz gisa katalogatu badaiteke ere, umore puntuak badituela.

Zubizarretak berak, aldiz, aitortu du pertsonaia guztiekin sentitzen dela «identifikatuta modu batera edo bestera». Idazterakoan, literatura arabiarra eredutzat hartu du, «zentzumenak» hartzen dituelako kontutan; «ez dago akotaziorik, gorputzaren aldarria egin nahi izan dut».

Erreferentziak sartu zalea da Zubizarreta, eta liburu honetan nola egin asmatu duela kontatu du, Gabriel liburuzainarekin. «Erreferentziak sartzeko teknika egokia topatu dut. Gabrielek asko daki liburuzaina delako, eta beraren bidez sartu ditut». Munduan zehar erabiltzen diren lo hartzeko teknikak ere jasotzen dira eleberrian zehar.

Egitura korala

Petra eta Andreasen ahotsak nabarmentzen dira eleberrian zehar, beraiek baitira narratzaile nagusiak, baina idazleak eleberri «korala» dela azaldu du, pertsonaia bakoitzaren lekukotasuna jasotzen baitu kapitulu bakoitzak. Horrela, pertsonaia bakoitzak momentu beraren inguruan duen ikuspegia ezagutuko du irakurleak.

Kokalekuak eta momentuak ere presentzia berezia dute liburuan, eta hala azaldu du Zubizarretak. Gasteizen kokatu du eleberria eta adierazi du Arabako hiriburua euskal literaturan ia ez dela egon: «Karmele Jaiok eta Katixa Agirrek kokatu dituzte beraien liburuak Gasteizen, baina gutxi dira. Iruditzen zait paisaia hori oraindik ez dela nahikoa ezaguna euskal literaturan». Eta berak ongi ezagutzen duenez, bertan kokatu du; Mendiguren editoreak nabarmedu du «GPS baten antzera» zaramatzala liburuak, Gasteizko kaleetan barna.

Garaia ere aski ezaguna izango da irakurlearentzat, pasa den neguan kokatzen baita. «Garraio publikoan oraindik musukoa eraman behar zen garaian», baina beste lekuetan ez zegoen derrigortuta, eta horri ere egingo dio keinu pertsonairen batek. Elurra ukituko du irakurleak, eta propio egindako hautua dela kontatu du Zubizarretak: «Irailerako amaituta izan behar nuen, eta hortaz, banekien udaran denbora asko eskaini beharko niola, horregatik kokatu nuen elurretan, aurtengo bero jasanezina zegoen egunetan ni elurretan ibiltzeko».

Eskuz idaztearen ohitura

Liburu aurkezpenetan, azken lana ikusi ohi du kazetariak, eta irakurleak azken lan hori irakurri. Baina ostegun goizean, Zubizarretak bertaratutakoak harritzea lortu du, eleberriaren eskuizkribua erakutsi baitu. Eskuz idazten jarraitzen du idazleak, eta guztia Donibane Lohizunen erositako koaderno batean du idatzita, tinta urdinez eta arkatzez egindako zuzenketekin.

Eskuan eskuizkribua harturik kontatu du: «Hau da nire partitura, nire musika. Egunean orrialde bat edo bi idazten ditut, ez gehiago, eta hementxe jasota dago». Azken bertsioaren ordena berean idatzi zuen zirriborroa ere, eta aparteko orrietan idatzi zituen pertsonaia bakoitzaren hizkera, kapituluen eskemak eta bestelakoak.

Edozein orrialdetan ireki, eta liburuak maketazio berezia duela sumatzen da. Paragrafo bakoitzaren hasiera, barrukalderantza izan beharrean, kanporantza du; hau da, lehen lerroaren ostean, gainontzekoak barrurago daude, ohikoa den maketazioaren aurkakoa. Eskuizkribuan ere horrela idatzi du: «Ez dira eguneko hitzak, gauekoak dira, eta ispilu egin behar zaie, horregatik jarri dut lehen lerro hori alderantziz, eta baita estetikoki ere gustatzen zaidalako».