NAIZ

Karmele Mitxelenak eta Goio Ramosek lortu dute Zubikarai saria

Karmele Mitxelena eta Goio Ramos idazleek ex-aequo jaso dute Agustin Zubikarai saria. Bien artean banatu da 8.000 euroko saria eta euren eleberriak, orain proiektu direnak, 2024an ikusiko dute argia Elkar argitaletxearen eskutik.

Karmele Mitxelena eta Goio Ramos, sarituak.
Karmele Mitxelena eta Goio Ramos, sarituak. (ELKAR)

Bi idazleren artean ex-aequo banatuko da Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak sustatzen duten Augustin Zubikarai saria. Elkarretik azaldu dutenez, sariketara 32 lan aurkeztu dira guztira, «batez besteko oso maila onarekin», eta besteak beste horregatik bi proiektu saritzea erabaki du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak: Karmele Mitxelena oiartzuarraren ‘Zoriontasuna, edo antzeko zerbait’ eta Goio Ramos basauriarraren ‘London Calling’.

Bien artean banatu da 8.000 euroko saria eta bien lanak argitaratuko dira datorren urtean, orain proiektu direnak amaitutakoan.

Mitxelenaren ‘Zoriontasuna, edo antzeko zerbait’ eleberriak alargun geratu berri den Mariak bere burua berrasmatu nahian egiten duen barne eta kanpo bidaia izango du ardatz. «Sentimenduak nabarmentzen diren eleberri bat da (poza, haserrea, tristura, lotsa, errua…), lehen pertsonan idatzitako prosa dotore eta ñabarduraz beteriko baten bidez emana», jarri du balioan epaimahaiak.

Goio Ramosek, berriz, bere bi pasioak uztartu ditu ‘London Calling’ nobela-proiektuan: literatura eta musika. 80ko hamarkadan, RRV deiturikoaren garaiko Hilotzak alegiazko musika-taldea da ardatza, eta horren inguruan hainbat gai agertuko dira: droga, politika, harremanak… «Taldekide baten alabak gaur egun Londresko metroan kanta bat entzutean hasten da kontakizuna, izan ere, inoiz diskorik grabatzera iritsi ez zen talde baten kanta da entzun duena, non eta Londresko metroan…», aurreratu dute.

Augustin Zubikarai saria, bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Iaz Patxi Zubizarretak irabazi zuen beka, eta haren bidez aste honetan bertan argitaratu duen ‘Loak ezkutatzen duena’ eleberria osatu du.