Arnaitz Gorriti

Howard anaien arteko talka Markusek eraman du, baina Jordanek Saski Baskoniari irabazi dio

Bi luzapenen ostean, 108-95 nagusitu da Obradoiro eta Kopa okertzen hasi zaio talde gasteiztarrari. Markus Howardek 33 sartu ditu, baina Jordan anaia zaharrak bigarren luzapenean sartu dituen 15 puntuek erabaki dute Santiagoko dema. Baskoniak hiru partida jokatu behar ditu zazpi egunetan gainera.

Markus Howardek 33 puntu sartu baditu ere, Jordan anaia zaharrenaren 22 puntuak erabakigarri izan dira.
Markus Howardek 33 puntu sartu baditu ere, Jordan anaia zaharrenaren 22 puntuak erabakigarri izan dira. (A. BAÚLDE | ACB PHOTO)

OBRADOIRO 108 - SASKI BASKONIA 95

Kopara sailkatzea okertzen hasi zaio Saski Baskoniari, nahiz eta oraindik zuzentzeko astirik baduen. Obradoiroren aurka Santiagon laugarren urtez jarraian galdu du Saski Baskoniak, bi luzapen izan dituen neurketa ero bat galdu eta gero.

Markus eta Jordan Howard anaien arteko buruz burukoak erabaki du azkenean neurketa. Aurreneko luzapenean, denbora osoan atzetik izan eta 79na berdintzea lortu eta gero, Markus Howardek ia partida eman dio Saski Baskoniari, baina Obradoirok bigarren luzapena behartu du eta Jordan Howard anaia zaharrak bera ere zeozer badela erakusten ahalegindu da bigarren luzapen horretan. Azken partziala 21-8koa izan da galiziarren alde, 21 puntu horietatik 15 Jordan Howardek sartu ditu, eta Baskoniari ezusteko belarrondokoa, eta ezustekoa bezain mingarria, eman dio. Orotara anaia txikiak 33 puntu saskiratu ditu, baina eraginkorragoak izan dira Jordan anaia zaharrenaren 22 puntuak. Are okerrago, Saski Baskonia sarri bestelako errekurtsorik gabe geratu da, Markus Howarden talentuaz gain.

Neurketak 50 minutu izan ditu, eta Dusko Ivanovicek, ohi duen moduan, oso jokalari gutxiren esku jarri du partidaren nondik norakoa. Sedekerskisek 41 minutu jokatu ditu; ia 39 Codi Miller-McIntyrek; 36 eta erdi Marinkivicek; 32 Markus Howardek eta 32 eta erdi Matt Costellok. Eta ez da ahaztu behar datorren astean hiru partida jokatu beharko ditu talde gasteiztarrak: Bartzelonaren aurka Gasteizen asteazkenean, Asvel Villeurbannen kantxan ostiralean eta, etxean berriro, ACB Ligako neurketa Valentzia Basketen aurka. Ea laster bueltatzen diren Nico Mannion eta Khalifa Diop.

Hasieratik atzekoz aurrera

Baloia saski barruan sartzeko arazoekin ekin diete talde biek norgehiagokari, eta aurreneko minutuetan saskiratze baino txapela gehiago lortu dituzte. Aurreneko hutsartea, bere taldearen haserakin kezkatu xamartuta, Dusko Ivanovicek berak eskatu du, nahiz eta markagailua 14-10 baino joan ez, Obradoiroren alde. «Nola liteke Scrubb –galiziarren eskolta titularra–, ezkertia dela jakinda, ezkerretik hiru aldiz segidan sartzea? Zer defentsa modu da hori!?», galdetu du Montenegroko entrenatzaileak hutsarte horretan.

Baina geldialdi horrek ez dio mesede handirik egin Gasteizko taldeari, ezta aldaketek ere. Obradoirok defentsa askoz zorrotzagoa erakutsi du eta baloi bat bestearen atzetik berreskuratu dute Moncho Fernandezen gizonek, Dusko Ivanovicen amorrazioarako. Baskoniaren entrenatzaileak hutsartea eskatu duenean markagailuan 14-10 ikusten bazen, aurreneko laurdena amaitzerako emaitza 27-16 zen; hau da, 13-6ko partziala, eta eskerrak azken minutuan Saski Baskoniako jokalariek lau jaurtiketa libre saskiratu dituzten.

Ondorioz, Jordan eta Markus Howard anaien arteko buruz burukoa bigarren maila batera pasa da, Baskoniazaleentzat bederen. Aurreneko buruz burukoa izan dute biek ala biek jokalari profesional direnetik, eta aurreneko minutuetan anaia zaharra, Jordan alegia, nagusitu da, nahiz eta Obradoirok ez duen larregi bilatu. Markus Hoiward, berriz, bere baldarrean, defentsan behintzat ahalegindu da, artean punteria zorroztu ezinik, bigarren laurdenaren hasieran lehenengo hirukoa sartu badu ere. Alabaina, Jordanek ‘bi gehi bateko’ jokaldi batekin eman dio erantzuna anaia txikiari.

Saski Baskoniak indar handiagoa erakutsi du bigarren laurdenetik aurrera, batik bat Chima Moneke jokoan sartu denez geroztik, baina Obradoirok pazientzia handiz erantzun dio. Alvaro Muñozen hirukoek eta Artem Pustovyi pibot ukrainarra uztaipean bilatuta, urrutiko jaurtiketa onak, eta jaurtiketa libreak atera ditu talde galiziarrak, eta bide batez Kotsar eta Markus Howard lako jokalariak faltaz bete ditu. Hori gutxi ez eta, defentsako errebotea behar bezala ixteko gorriak eta beltzak ikusi ditu Baskoniak.

Eskerrak nekea azaltzen hasi denean Obradoirok hiruzpalau jaurtiketa libre segidan huts egin dituen –zazpi atsedenaldira iristerako–! Hala ere, hamar punturen langa hori botatzeko izerdia latz bota behar izan du Baskoniak, Matt Costelloren puntuei esker. Baina hainbeste baloi galduz gero –10 aurreneko 20 minutuetan; 21 orotara–, zaila da kontra dagoen markagailuari buelta ematea.

Zorionez, atsedenaldira iritsi aurreko azken jokaldietan Codi Miller-McIntyrek aurrerapauso nabarmena eman du, batez ere Matt Costellok hirugarren falta egin ostean. Bost puntu jarraian eta Sedekerskisi asistentzia lortu ditu antolatzaile estatubatuarrak. Horri esker, markagailua itxuratzea lortu du Baskoniak bigarren laurdenaren amaierarako: 47-40, azken segunduan Kotsarri baleko beharko zukeen saskiratzea «ostuta» ere.

Aurretik ezin jarri

Jokoa gogortzeko ahalegin berezia egin du talde gasteiztarrak aldageletatik bueltan. Errebotea pixkanaka berdintzen hasi da eta Tadas Sedekerskis zein Vanja Marinkovic puntuak pilatzen hasi dira halakoren baten. Ondorioz, Sedekerskisek markagailua 55-54 jarri eta gero, atzetik oraindik ere, Moncho Fernandez galiziarren entrenatzaileak hutsartea eskatu du.

Ez du denbora tarte handirik behar izan Dusko Ivanovicek berak hutsartea eskatzeko. Obradoirok jaurtiketa libreak asmatu ezinik jarraitu du eta hirukorik sartu ezinik jarri da. Baina uztaipean saskiratze errazak bilatzeko gai izan da, neurri handi baten gasteiztarrek «opari» larregi eman dituztelako, dela pase eskasak emanda edo arerio askoren erdian baloiari boteka hasita. 59-54 ez zen alde handia, baina Bijelo Poljekoari nahikoa dela iruditu zaio. Laurdenak ez du askoz gehiago eman, eta azken laurdena partida erabakitzeke dela hasi da: 59-56 Obradoiroren alde.

Azken laurdeneko aurreneko erasoa gasteiztarrek egin ahal izan dute; baita aurreneko saskiratzea ere: Markus Howarden hirukoa, neurketa 59na berdintzeko. Alabaina, Obradoirok 6-0eko partziala sartu du berehala eta, noski, aldea irekitzen hasi da berriz: 65-59. Ondorioz, Dusko Ivanovicen hutsartea, beranduegi izan baino lehen. Chiozzak minutuak izan ditu azken laurdenaren hasera honetan eta Obradoiroren presioaren aurrean nahi baino gehiago sufritu du. Ondorioz, Codi Miller-McIntyre kantxaratu behar izan du berriro gasteiztarren prestatzaileak.

Tamalez, hutsartearen ostean hutsartearen aurreko sekuentzia bera errepikatu da; 6-3ko partziala, alegia: Baskoniaren hirukoa eta sei puntu segidan etxekoentzat, tartean Badzimen hirukoa, aspaldiko partez, eta aspaldiko partez baita ere, Obradoirok jaurtiketa libre zenbait sartzen ere asmatu du.

Besterik ezean, hirukoz hiruko erantzuten saiatu dira arabarrak, baina tarteka komeni baino gehiago behartu dute kanpoko jaurtiketa. Nolanahi, 73-65 atzetik izan eta gero, 75-73raino hurbiltzea lortu dute gasteiztarrek, Costello eta Markus Howarden hirukoen bitartez eta, azkenean, Codi Miller-KcIntyrek sukalderaino sartuta amaitu duen jokaldi bati esker, oraindik ere hiru minuturen faltan.

A zer nolako gurutzea izan den errebotea, ordea! 75-73rekin hutsartea eskatu du etxekoen entrenatzaileak, baina erasoa aldrebes atera zaio Obradoirori. Zoritxarrez, errebotea galiziarrek hartu dute eta Tinklek hiruko oso mingarri batekin zigortu du.

Baskoniak ez du etsi, eta Markus Howard eta Codi Miller-McIntyren bidez berriz ere berdintzea lortu du: 76-76, eta partida azken minutuan.

Fernando Zurbriggen antolatzaile argentinarrak ezusteko hirukoa saskiratu du, baina Markus Howardek, Baskoniaren buruzagi izatera deliberatuta, «bi gehi bateko» bikain batekin erantzun dio: 79na eta 32 segundu eskas partida amaitzeko.

Moncho Fernandezen hutsartea eta hurrengo defentsan kontzentratu behar, nahitaez. Badzimek kale, errebotea Sedekerskisentzat eta Markus Howardek azken jaurtiketa. Baina Howard anaietan gazteetan ezin izan du jaurtiketarik egin, baloia galdu baitu. Hala, partida luzapenera, aurtengo denboraldian aurrenekoz.

Markus Howarden ordua

Iaz ez zuen luzapenik galdu Saski Baskoniak. Ikusi egin behar, beraz, denboraldi berrian ohitura zahar onek irauten ote zuten. Aurreneko erasoa etxekoek egin dute; aurreneko saskiratzea, berdin, Badziumen bidez, ia erortzen ari dela bota arren.

Sedekerskisen bidez eta Obradoiroren entrenatzaileari adierazitako teknika Markus Howadek sartu duelako, halakoren baten aurretik jarri dira gasteiztarrak, 81-82, eta Thomas Scrubbek ez duenez asmatu, aldea handitzeko abagunea izan du Baskoniak. Baina Costellok ez du asmatu eta Scrubbek ez du barkatu bigarrenean, ezta Markus Howardek erantzuteko ahaleginean ere: 84-86.

Pustovyik jaurtiketa libreen maratik berdintzea lortu du, baina Markus Howardek partida bere egitea erabaki du eta berehala heldu da erantzuna, eta anaia zaharra ez da hirukoa sartzeko kapaz izan. Tinklek, jaurtiketa libreen marratik, 87na berdindu du.

Luzapena bera ere azken minutuan sartu da eta dena berdinean. Baskoniaren defentsa onak beste aukera bat eman dio, baina Baskoniak kale eta Jordan Howardek anaiaren aurrean erabakitzeko abagunea izan du. Baskoniaren zorionerako, kale egin du honek ere, eta, baten faltan, bigarren luzapena iritsi da.

Jordan Howarden erantzuna

Kale edo bale egiteko ordua iritsiko zen ba? Aurreneko saskiratzea Baskoniak lortu du eta hurrengo jokaldian Moncho Fernandez entrenatzaileak bere bigarren falta teknikoa ikusi du. Beraz, entrenatzaile galiziarra kalera eta Baskonia 87-90 aurretik. Jordan Howardek, «bi gehi batekoa» sartuta, dena berdinean laga du ostera ere.

Anaia zaharraren txanda iritsi da orain: to hirukoa Obradoiro luzapenean aurrenekoz aurretik jartzeko, 81-79koaz geroztik! Anaia txikia ezin gutxiago izan eta honek Baskoniaren hurren bi saskiratzeak sartu ditu, baina Jordan Howardek hiru hiruko segidan sartu ditu Fontes do Sar pabiloiko zaleen eromenerako, eta Codi Miler-McIntyrek, baloi bat lapurtu arren, Fernando Zurbriggen aurretik eraman du eta beraz, bere saskiratzea baliorik gabe geratu da.

Hori gutxi ez eta, Pustovyik beste erasoko errebote bat baliatu du markagailua 101-95 jartzeko, eta hurrengo erasoan, errebotea lortu nahian borrokan ari zela, bosgarren falta egin du Markus Howardek eta Scrubbek 103-95ekoa ezarri ordainetan, bigarren luzapena azken minutuan sartu delarik.

Costello urrutitik ahalegindu da Ivanovicen hutsartearen ostean, baina ez du asmatu eta errebotea, nola ez, Obradoirok eskuratu du. Kopara begira, garaipenak ez ezik, puntu aldea ere zorrotz begiratzen hasi behar da, eta Jordan Howardek bere laugarren hirukoarekin errematea jarri dio Baskoniari, bigarren luzapenean 15 puntu sartu eta gero.

FITXA TEKNIKOA

OBRADOIRO: Zurbriggen (7), Scrubb (19), Badzim (15), Tinkle (13) eta Blazevic (2) –hasierako bostekoa–, Jordan Howard (22), Figueras (1), Pustovyi (20), Muñoz (9) eta Suarez.

BASKONIA: Codi Miller-McIntyre (16), Markus Howard (33), Tadas Sedekerskis (13), Matt Costello (14) eta Sander Raieste –hasierako bostekoa–, Chima Moneke (7), Vanja Marinkovic (7), Maik Kotsar (2), Dani Diez (3) eta Chris Chiozza.

Epaileak: Jimenez, Beata eta Gonzalez. Falta teknikoa adierazi diete Dusko Ivanovic eta Moncho Fernandez entrenatzaileei. Bi falta teknikarekin, Moncho Fernandez egotzi dute, eta bost faltarekin, Markus Howard.

Partzialak: 27-16, 20-24, 12-16, 20-23, 8-8, 21-8.

Gorabeherak: Jordan eta Markus Howard anaiek elkarren aurka jokatu dute aurrenekoz ACB Ligan, Fontes do Sar pabiloian.