Alaia Sierra

XIV. mendeko Leitza irudikatu du Garazi Albizuak ‘Gaizkileen Galtzada’ nobela berrian

Gaztelaren eta Nafarroako Erresumaren arteko XIV. mendeko «gaizkileen mugan» gertatzen zena gazteei helarazteko eleberri historikoa da ‘Gaizkileen Galtzada. Leitzako dorreak’. Fikziozkoak nahiz hiztorikoak diren pertsonaia ugariren begietatik deskribatu du orduko bizitza Garazi Albizuak.

‘Gaizkileen galtzada. Leitzako dorreak’ eleberri historikoa kaleratu berri du Garazi Albizuak.
‘Gaizkileen galtzada. Leitzako dorreak’ eleberri historikoa kaleratu berri du Garazi Albizuak. (Jon URBE | FOKU)

Leitzako Iberoko Dorrea Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan dago, garai batean Gaztela eta Nafarroako Erresumaren arteko muga zena, «gaizkileen muga» zeritzona. Hango gizartearen adierazgarri izan ziren bidelapurrak, ahaide nagusien boterea, basora bidalitako pertsonak eta gosetea bildu ditu Garazi Albizuak Pamielarekin kaleratu berri duen ‘Gaizkileen Galtzada. Leitzako dorreak’ nobelan.

Leitzako Udalak proposatutako proiektua izan da. Asteazken honetan Donostian egindako aurkezpenean udalaren izenean Mikel Zabaletak azaldu duenez, mugaren inguruetan XIV. mendeko bizimodua gazteei nola helarazi pentsatzean «egokiena» eleberri historiko bat sortzea iruditu baizitzaien.

Fikzioa eta historia nahasten ditu Albizuak, baita fikziozko pertsonaiak eta pertsonaia historikoak ere. Azken horretaz baliatu da, hain zuzen, urte «korapilatsu» horiek kontatzeko. «Pertsonaia asko daude, oztopo, gatazka eta ekintza guztiak kontatzeko interesgarriena lekukoak eta pertsonaiak sortzea iruditu zitzaidalako», nabarmendu du idazle santurtziarrak, «irakurleak gertaerak beraien begien bidez» uler ditzan.

Hala ere, liburu honen «protagonista erraldoiak» hiru dorreak dira. Hiru direnez, atal banatan zatitu du narrazioa Albizuak. Leitzako garai hartako giroa gogortzen zuten botere nahiaren ustelkeria sarea adierazteko eta Gaztelaren hasierako trikimailu maltzurrak kontatzeko, pertsonaia batzuen ibilbidea atalean bertan hasi eta bukatu egiten da eta beste batzuk atal bat baino gehiagotan agertzen dira.

«Liburu bikaina»

Iñaki Zubeldia edizio-laguntzailearen iritziz «oso argi adierazten du» Albizuak Leitzan zegoen mugaren egoera eta gizartea, istorio «oso bizi» baten bidez. Gainera, idazteko «estilo berezia» azpimarratu du, elipsi eta esaldi laburrek bereizten dutena. Funtsean, «gure antzinako historia ulertzeko baliabidea» da ‘Gaizkileen Galtzada’ Zubeldiarentzat, «beldurrik eta lotsarik gabe, liburu bikain bat».

Garazi Albizua Diseinu Grafikoan diplomatua da eta Argitalpen diseinua eta produkzioa ikasketak egin ditu. Euskal Idazleen Elkartean lan egiten du eta 2015etik zenbait eleberri kaleratu ditu: ‘Nola egiten dute dortokek?’, ‘Kemena’, ‘Izadia’, ‘Geun’, ‘Lea ipurterrea eta harmonika trebea’ eta ‘Iruleak’. Marrazkiak Amaia Ballesteros diseinatzaile grafiko eta ilustratzailearen lana dira.