Iñaki Sanz-Azkue

Igeltxoak ikertzea... eta beste kontu serio batzuk

Hiru biologo mahai baten bueltan. Behatzaileak dira eta behaketarako txoko propioak dituzte. Azken urteotan gauza arraroak ikusten ari dira, espezie desberdinak espero ez diren tokian, garaian, jardueran. Gure planeta aldatzen ari da, gure begien aurrean. Ez genuke beste aldera begiratu behar.

Baso-igel gorri emea, tripa arrautzez betea duela, putzu baten aldamenean, azaro erdialdean.
Baso-igel gorri emea, tripa arrautzez betea duela, putzu baten aldamenean, azaro erdialdean. (Iñaki SANZ-AZKUE)

Oliba bat hartu du Albertok (Gosá) mahai gaineko ontzitxotik. «Gaur baso-igel gorrien erruteak ikustera joan naiz», esan digu. Eta olibaren hezurtxoa ondoko platerera erori da. Eta elkarrizketa piztu du. Albertok badaki zertaz hitz egin elkartzen garenean. Leku gutxitan hitz egin dezake kontu hauei buruz, eta mahai gainean jarri du gaia.

«Hiru bokadillo kalamarranak, hiru!!!», egin dio bitartean buila zerbitzariak sukaldekoari. Badoaz gure ogitartekoak.

Hirukote bat gehiago gara Donostiako taberna batean. Albertok hogeita hamar urtetik gora daramatza eremu bereko baso-igel gorrien ugal garaia ikertzen. Urtez urteko aldaketak neurtzen eta kontabilizatzen. Gaur ere han egon da. «Eta? Zer berri?», galdetu diogu. «Arrautza poltsa gutxi batzuk baino ez ditut ikusi. Oraintxe hasi dira erruten».

Albertok badaki asteburuan mendian izan naizela. Nik ere badudala nire txokoa. Urtero garai bertsuan bisitatzen dudan putzua. Albertok badaki nire putzua baso-igel gorrien arrautzez josia dagoela dagoeneko, eta, urtero bezala, aurten ere joan naizela bisitan. Nik, ordea, ez dut daturik hartu. Albertok hogeita hamar urte baino gehiago daramatza urtero hainbat bisita egiten eremu berari. Urtero datuak hartzen, musu truk. Onartzen du egoskorkeria puntu bat baduela bere lanak. Egoskorkeria bedeinkatua, Albertorena.

Carlosek (Cabido) oliba bat hartu du mahai gaineko ontzitxotik, eta galdera zuzendu dit. Arduratuta dago. Dirulaguntza bat jaso dute hainbat putzu bi urtez ikertzeko, eta uhandre palmatuen populazioen jarraipena egin dute udaberrian. Albertok esan dio, ordea, nik asteburuan bat ikusi dudala putzu txiki batean. Eta Carlos harritu egin da. Eta ez da harritzekoa harritu izana. Nire putzura uhandreak otsailean iristen direlako, edo hala uste nuelako. Asteburuan eskema guztiak puskatu zaizkit.

Izan ere, azaro erdialdeko asteburu hau ez da normala izan. Ez Ferrazeko kontuengatik soilik, ez. Putzu inguruan ere giroa bero egon da. Gure kasuan, ordea, hego haizearengatik… edo. Ero haizeak Madrilen gelditu dira. Baso-igel gorrien arrautzez betea zegoen nire putzua. Garaia da. Ezer arrarorik ez. Bidean, ordea, Mikel txikiak uhandre palmatu bat aurkitu du pistako putzuan. Eta onartu dut, nik ez nukeela ikusiko. Nire buruak ez baititu uhandreak azaro erdian putzuan kokatzen. Nire begiak ez ziren prest hura bilatzeko eta ikusteko.

Mikelek zortzi urte ditu. Ez du urtetako esperientziarik uhandreak bilatzen. Ez du uhandrea putzuan egotea garai konkretu batekin lotzen oraindik. Bai, ordea, habitat batekin. Putzuz putzu ibili da horien bila. Eta aurkitu du. «Begira, uhandre bat!». «Uhandre bat?», erantzun diogu harriduraz. Eta harrapatu du. Izan zitekeen uhandre galdu bat. Uhandreen ugal garaia asko luzatzen baita, baina… asteburukoa ez da normala izan. Ez behintzat eremua ezagutzen dugunontzat.

HHorma-sugandila arra eguzkia hartzen horma zaharrean. (Iñaki SANZ-AZKUE)

«Hemen bokadilluk. Hik ze bihar dek e(d)ateko?». Hitanoz Donostiako taberna batean. Uhandrea azaroko putzutxoan ikustean bezala sentitu naiz hitanoz entzun diodanean, Donostian... Sentsazio berezia izan da. Arrarotik doa astea, dudarik gabe. Carlosek bere buruari galdetu dio ea azaroan laginketak egin beharko ote dituen uhandre palmatuak ikertzeko. Azaroan laginketak uhandre palmatuak lagintzeko… ala jainkoa!

Larunbatean, baso-igel gorriak ikustera joan ginenean, topatu zuen Mikel txikiak uhandrea. Eta topatu genituen burruntziak putzuaren alde batetik bestera hegan. Azaroan. Larunbatean, baso-igel gorriak ikustera joan ginenean, bidali zizkidaten Jaizkibelgo irudi batzuk, non argi eta garbi ikusten zen apo arrunt iberiarrak ugaltzen hasiak zirela dagoeneko. Azaroan!!! Eta larunbatean, Ferrazeko (b)eroaldia beste hiri askotara zabaldu zen egunean bertan, bidali zidaten suge gorbatadun handi bat aktibo. Eta igandean beste bat. Eta Astelehenean beste bat. Eta niri jada buruko eskema guztiak apurtu zaizkit momentu batez.

Ederra dago ogitartekoa

Badira urte gutxi batzuk halako behaketa isolatuak egiten ari garela. Isolatuak diogu, ez dugulako ikerketarik halako datuak jasotzen joateko. Apoak eta baso-igel gorriak ugaltzen ari dira azaroan, une berean eta uhandreak putzuan, sugeak aktibo eta… sugandila batzuk ugal garaiko sabel koloreekin daude, esan digu Carlosek. Urteak joan dira udako ur-igelak eta neguko baso-igel gorriak ia batera ikusten ditugunetik putzu berean, eta nik jada ezer gutxi ulertzen dut.

Iaz ere ikusi nituen apoak urtarrilean ugaltzen, normalean martxoan ugaltzen ziren eremu batean, eta harritu ninduen. Aurten, azaroko irudiak ditut. Bata bestearen gainean, apoak besarkatuta, anplexuan… ugaltzeko saiakeran, alegia. Baina esan diezagukete, eta arrazoiarekin, gureak behaketa isolatuak direla. Eta arrazoi osoz esan beharko diegu hala dela. Ez dugu datu gehiagorik, oraingoz. Izan ere, zertarako aritu igelei begira?

IIrudian ikus daitekeenez, hasi dira baso-igel gorriak arrautzak putzuetan jartzen (Iñaki SANZ-AZKUE)

Hori pentsatuko dute nire inguruko askok, ziur aski. Nire lagun ingeniariak, esaterako, hala dio. Erdi-brometan edo, errepikatzen dit sarri “nire igeltxoei” begira aritzen naizela. Beti idazten dudala gauza horien inguruan. Idazteko gauza “serioagoei” buruz. Erdi-brometan, diot, biologook sarri entzuten dugun kontua delako. Loretxoak kontatzen edo igeltxoei begira aritzen gara gizartearen zati handi batentzat, noski. Ez gara ingeniarien eta beste hainbat ofizioren mailara iristen. Nola ba!

Eta hala, gizartearen zainetatik doazen pentsamendu horiek uste ez dugun lekuetaraino iristen dira sarri. Erdi-brometan, baina badoaz. Izan daiteke, esaterako, politikarien bulegoraino, non epe luzeko ikerketak egiteko dirulaguntzei eskainiko zaien diru kopurua erabakiko den, edo bertako fauna eta flora ezagutzeko antolatzen den irteera gidaturaino, zeinetara guraso talde handi batek umeak eramaten dituen. Denok dakigulako “animaliak eta gauzatxo horiek umeen kontua direla” eta “nik, heldu bezala, gauza serioagoak ditut egiteko”.

Eta hala, gauza serioei begira jarraituko dugu krisi klimatiko handi baten erdian. Eta pasako zaizkigu berriz muturren aurretik datuak, ikerketak eta proiektuak. Ezagutza sortzeak fabrikako pieza bat sortzeak baino gutxiago balio duelako. Itxuraz.

«Kafe huts bat eta bi ebaki, mesedez»

Carlosek galdera bat du buruan. Aranzadi Zientzia Elkarteko eraikinaren inguruan ikusi dituen sugandilen sabelak ugal garairako prestatzen ari direla esaten digu. «Begiratu beharko nuke ea emeak arrautzak prestatzen ari ote diren». Putzu txikian aurkituriko uhandreari ere ugaltzeko ezaugarri bereziak bereizten hasiak zitzaizkion eta apoak ugaltzen ari dira jada. Izan daiteke, baldintza klimatikoek baimenduta, udaberri inguruan ugaltzen diren espezie horiek gauza bera egitea orain; edo izan daiteke, udaberri sentsazioko egun hauetan, nahi eta ezin bat bihurtzea ugaltzeko prozesua. Izan ere, behaketa hauen atzean dauden galderak asko dira: egin ditugun behaketak bakanak dira edo leku gehiagotan errepikatzen ari dira? Iritsiko al dira animalia horiek ugaltzera? Eta ugalduko balira, zer gertatuko litzateke kumeekin? Igaroko al dute negua?

Uda azkenik gabeko neguak ditugula esan genuen aurreko urteko erreportaje batean. Hemen gaude, berriz, aurten ere erretolika berarekin. Tenperatura altuek ugaltzeko aukerak handitzen dizkiete espezie askori, baina hezetasun faltak nora eramango ditu?

Albertok eta Carlosek garbi dute. Gertatzen dena gertatuta ere, ia ziurra da jada honek guztiak kalteak sortuko dituela anfibioen eta narrastien populazio horietan. Ugal garaian animaliek gastatzen duten energia kopurua handia da, eta saiakera hutsak negurako indar gutxiagorekin utziko ditu, eta, negua igarotzen badute, udaberriko ugalketarako izango al da indarrik? Nolakoa izango da udaberriko ugalketa?

Eta ugalduko balira? Ikusi behar nola datorren negua. Kumeek iraungo al duten ala ez udaberrira arte… Eta garrantzitsuena: horrek nola eragingo du ekosistemen funtzionamenduan? Nola, sare trofikoetan? Hasiko al gara beste espezieengan ere aldaketa horiek nabaritzen? Zenbat denboran? Aldaketen hasiera ari gara ikusten? Eta hala bada, ez al genituzke datu hauek guztiak bildu behar?

Mikelek uhandre palmatuarekin batera aurkituriko baso-igel gorri arra, Urumea bailarako putzu txiki batean (Iñaki SANZ-AZKUE)

Anfibioak mundu mailan dagoen ornodun talde mehatxatuena dira. Nature-k 2023ko urrian, duela hilabete, ateratako ikerketa batek hala dio: «Mundu mailako espezieen %40,7 mehatxupean dago». Horrez gain, ordea, oso bioindikatzaile onak ere badira, inguruan gertatzen ari diren aldaketak sumatzen laguntzen digutelako. Klima larrialdia, krisi ekosoziala, biodibertsitateen gainbehera… behin eta berriz entzuten ditugun terminoak dira. Hegan dabil mamua, baina nahiago dugu lurrera begiratu, ez ikusteak ematen baitu halako lasaitasun faltsu bat.

Gure planeta, gure bizilekua, aldatzen ari da, gure begien aurrean, baita Euskal Herriko txokorik ezkutuenean ere, baina ez gara kapazak ikusteko. Izan ere, zertarako begiratu igeltxoei, gauza serioagoak baditugu egiteko?

Carlosek penaz esan du:« Orain arteko daturik ez dugu eta, azken urteetan datuak hartuko bagenitu ere, ez genuke izango datu horiek zerekin konparatua». Komeni da, ordea, ahal bezain pronto horiek hartzen hastea. Eta bultzatzea horiek hartzeko proiektuak. Berriz ere epe luzeko proiektuen gaia. Berriz ere, “zertarako begiratu igeltxo bati?”

Klima larrialdi betean, behaketa isolatuak bere horretan geldituko dira. Eta Donostiako tabernako elkarrizketa ogitartekoarekin batera digerituko du denborak. Ikasleen konpetentzia zientifikoaz ariko gara gora eta behera hezkuntzan, helduok umeak animaliak ikustera eramaten ditugun bitartean, guk beharko ez bagenu bezala halakorik. Helduok konpetentzia zientifikoa eta natura ezagutza dominatuko bagenu bezala, eta okerragoa dena: klima larrialdia orain umeak diren eta helduak bihurtuko diren horien kontua bailitzan.

Eta etorriko dira etorkizuneko mamuak hegan, gure hitz potoloek zerua estaltzen duten bitartean. Eta iritsiko da eguna orain ume diren horiei aitortu beharko dieguna: bagenekien bazetorrela, baina guk ez genuen ezer egin. Igeltxoei begiratzea ez baita inoiz helduek egin beharreko gai serioa izan.