Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Musikatik abiatuta, laguntasunari buruzko nobela idatzi du Lide Hernando Muñozek

Musikari buruzko nobela bat idazteko asmoarekin abiatu zen Lide Hernando Muñoz. Baina, prozesuaren amaieran laguntasunari buruzko nobela izan da. Bilakaeraren emaitza Susak argitaratuko ‘Izotz ura’ liburuan ikusi daiteke.

Lide Hernando Muñoz, ‘Izotz ura’ liburuaren aurkezpenean.
Lide Hernando Muñoz, ‘Izotz ura’ liburuaren aurkezpenean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Pandemiaren itxialdian ginenean izan zituen nobela bat idazteko lehen ideiak Lide Hernando Muñozek. Hiru urte eta erdi eman ditu kontu horrekin, ostiral honetan Donostian aurkeztu duen ‘Izotz ura’ (Susa) liburura heldu arte. Musikaria izateagatik da ezaguna Hernando (Liher, Bele), baina musikari izan aurretik idazten zuen. Baina orain arte ez zuen argitaletxe batekin testu bat kaleratzeko beharrik edo ausardiarik sentitu, azaldu duenez. Lander Garrok egin du azala.

Ezaguna denari buruz idatzi behar dela esan zioten eta musikari buruzko nobela bat osatzeari ekin zion. «Hori esan nion nire buruari behintzat», onartu du. Prozesuaren amaieran, berriz, laguntasunari buruzko nobela dela dio. «Musikari buruzko nobela dela esatea motz geratzen da. Musikarik gabe ez zuen berdin funtzionatuko nobelak. Baina ardatza ez dago hor, laguntasunean dago ardatza», azaldu du.

Itxialdiak kalte handiak eragin zituen musikarien artean. Batzuek konponezinak izan dira. Talde askok diru iturri nagusia galdu zuen. Beste batzuk desagertu egin ziren. Hernandori sormen, entsegu eta kontzertuen etengabeko gurpila gelditzeak pentsamendu intrusibo andana eragin zizkion. Musikarekin zuen harremanari buruz, musikariekin zuen harremanari buruz, industriaren inguruan, emakume musikarien harremanei buruz...

Azaldu duenez, pentsamendu horiek bi ildo kontrajarrietatik ibiltzen ziren. Alde batetik, «Lide zentzudun eta morala zegoen, euskal kultura defendatzea misioa zuela pentsatzen duena». Bestetik, «Lide ausarta eta buru irekia».

Bi «Lide kontrajarri» horietatik sortzen diren nobelaren pertsonaia nagusiak, Saioa eta Mara. Txikitatik ezagutzen dira biak, ikastolan eta abesbatzean elkarrekin aritu izan dira. Baina denbora pasa ahala banandu egin dira. Saioa herrian gelditu da, musika utzi du eta bikotekidearekin eta semearekin bizi da. Mara, berriz, musikaren industrian murgilduta dago, herria utzi zuen, hurrengo diskoa Londresen grabatuko du eta han geratzeko asmoa du. Ezagun baten heriotzak biak berriz elkartuko ditu. Hau da liburuaren egituraren oinarria.

19 ataletan zehar, Saioatik Marara eta Maratik Saioara egiten dut salto nobelak. Beti hirugarren pertsonan egindako narrazioan, baina bi protagonistak oso gertutik azalduz. «Haien harreman bihurgunetsua, musikaren ibilbidea, gertukoekin duten harremana. Diskoen grabazioak, birak, talde bat sortzeko unea, desegitearena...». Guzti hori jasotzen dira.

Bi pertsonen arteko harremana eta gorabeherak biltzen dira. Musikari buruzko ikuspegi desberdinak. Musika bizitzeko bi modu. Bizitzearen bideak dakarrena, musika politika egiteko bitarteko gisa erabiltzearen ondorioak, euskaraz ala gazteleraz kantatzearen arteko hautua egin beharra, komunikabideekin izan beharreko harremana, zer ondorio dituen pertsona batentzako publikoa bilakatzeak. Zein kontraesan eta zein koherentzia dituen bakoitzak. Guzti hori ere azaltzen da Hernandoren liburuan.