Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Artola-Imazek erakustaldia eman dute maila onenetik urrun dauden Laso-Arangurenen aurka (22-11)

Zenbait hilabetez kantxetatik kanpo utzi duen lesioa behin gaindituta, Lasori sasoia falta zaio oraindik eta Arangureni nahiko urduri nabaritu zaio atzeko koadroetan. Horri gorriek egindako 14-0eko partziala gehitu behar zaio.

Unai Laso gogotsu aritu da, baina ez du aukera askorik izan Artola-Imaz bikain batzuen aurrean.
Unai Laso gogotsu aritu da, baina ez du aukera askorik izan Artola-Imaz bikain batzuen aurrean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Binakako Txapelketako bigarren jardunaldian besterik ez gauden honetan, oraindik ezin dira ondorio zehatzak eta finkoak atera, baina asteazken honetan Tolosako Beotibarren ikusitakoaren arabera, zenbait ezaugarri azter daitezke. Lehenengoa, eta garrantzitsuena, joko onak eta bikote bezala elkar ondo ulertzeak lehen garaipena eman die Artola eta Imazi. Bigarren ondorioa, Unai Laso bere maila onenetik oso urrun dagoela.

Ikusmin handia zegoen Bizkarreta-Gerendaingoaren berregarpena ikusteko. Aldakako lesioa behin gaindituta, eta Binakako Txapelketaren aurkezpenean egindako adierazpen “polemikoak” ostean, pilotazaleek Baikoko aurrelariak zer nolako maila izango zuen ikusi nahi zuten. Bada, emaitza hortxe geratu da: Artolak eta Imazek 22-11 irabazi diete Laso eta Arangureni.

Hasiera orekatu baten ostean –3-3 berdinduta egon dira–, gorriek alde egin dute markagailuan 14-0eko partzial ikusgarri batekin, eta ezinezkoa izan zaie urdinei buelta ematea. Hor ikus daiteke, kirol aldetik, ondorio nagusia.

Baina itzalean badira aipatu beharreko beste zenbait puntu. Izan ere, Artolak eta Imazek lehen partidan erakutsitako joko ona emaitzan islatzea zuten helburu gaurkoan. Saiatu eta lortu. Urdinek, aldiz, bazituzten beste aldarrikapen batzuk. Lasok, ahalik eta hoberen itzultzea kantxetara, eta Arangurenek, Binakakoaren aurkezpenean Lasok erakutsi zuen kexaren harira, Bizkarreta-Gerendaingoak behar duen atzelaria dela erakustea.

ETBko kameren aurrean pozik agertu dira Lasoren gertukoek nola erantzuten ari zen partidan, baina aurrelari nafarrak huts gehiegi egin ditu Tolosan eta kosta egin zaio erasoan sartzea.

Bestalde, bere bikoteak karga gehiegi jarri du bere sorbaldan, eta nabaritu egin da gaurkoan. Aginagakoak pilota erraz batzuetan huts egin du –lehen tantoan, adibidez, eta bigarrengoan tantoa egin du baina nahigabe–, eta beste batzuetan, nahiz eta aurkariei tanto bezala eman, gehiago egin zezakeen pilota frontisera eramateko.

Egia da Lasorekin aurtengo txapelketan jokatzen duen lehenengo partida izan dela Beotibarrekoa, eta presioa bazuela, baina neurketek aurrera joan ahala ikusiko da bikote bezala noraino irits daitezkeen.

Gorriak, oso maila onean

Partida berari dagokionez, istorio gutxikoa izan da. Lehen aipaturiko 14-0eko partziala kolpe latzegia izan da urdinentzat. Gorriak, gainera, oso ondo aritu dira bikote bezala. Artolari konfiantzarekin nabaritzen zitzaion eta Imaz behetik gora aritu da, atzean oso sendo mantenduz eta bere aurrelariari lan asko kenduz.

3-3koa azken berdinketa izan da. Hortik aurrera, gorriek alde egin dute 17-3raino. Tartean, Lasok atsedena eskatu du (9-3koan, adibidez), baina ez da nahikoa izan Artola-Imazek sorturiko hurakanari aurre egiteko.

17-4ean ikusi da Lasoren bigarren tantoa, eta hurrengoa ere berea izan da, ezker gantxoz amaituriko sake-erremate eder batekin. Kalitatea, behintzat, ez duela galdu argi utzi du nafarrak. Hala ere, momentu horretan, Arangurenek beste huts bat egin du.

Egia da gorriak pixka bat lasaitu direla, tartean bien artean elkar ez ulertze bat egonda, baina garaipena eskuan zuten eta Artolak itxi du atzean.

PARTIDAKO FITXA:

Artola-Imaz: 22

Laso-Aranguren: 11

Pilotakadak: 420. Iraupena: 56:55. Markagailua: 1-0, 1-1, 2-1, 2-3, 17-3, 17-5, 18-5, 18-7, 19-7, 19-8, 21-8, 21-11 eta 22-22. Sakez egindako tantoak: 1 Artolak eta 1 Lasok. Jokoan egindako tantoak: 10 Artolak, 2 Imazek, 5 Lasok eta 3 Arangurenek. Galdutakoak: 0 Artolak, 2 Imazek, 5 Lasok eta 4 Arangurenek. Gertakariak: Sarrera bikaina Tolosako Beotibarren.