Christian Black, Hayden Wyatt eta Vitaly Musiyenko alpinistei aitortu behar zaie Himalaiako udazkeneko denboraldian egin zuten espedizioan aukeratutako mendia estetikoa dela oso. Talde hori Indiara bidaiatu zuen; hain zuzen ere, Kishtwar ibarrera.
Eta Whitte Sapphire mendian (6.040 m) azpimarratu behar den bide dotorea zein zaila zabaldu zuten: ‘Brilliant Blue’ (AI3, 80º, M7+, 850 m).
Horri guztiari erabilitako estiloak plus bat eman zion jarduerari. Hiru eguneko eskalada estilo alpinoan egiteaz gain, luze guztiak era askean gainditu zituzten. Hori gutxi ez, eta ez zuten parabolt bat bera jarri.
Musiyenko ukrainarra da, baina urte batzuk daramatza Ameriketako Estatu Batuetan bizitzen. Bere kideak, berriz, estatubatuarrak dira. Indiako Himalaian eginiko espedizioa bukatu bezain laster, Musiyenkok adierazi zuen ibar horrek mendi oso «gaiztoak» dituela, eta kontua ez zela mendi bat aurkitzea: «Christianek galdetu zidan Haydenekin batera Kishtwar-era egin behar zuen espedizioan parte hartu nahi ote nuen. Seimilako horren ipar-mendebaldeko horma deigarria ikusi eta baiezko erantzuna eman nuen. Lehen ekinaldi bat egin genuen, baina su txikia hondatu zen, eta jaitsi ginen. Bigarrenari ekin baino lehen, eguraldiarekin eta mendiaren baldintza kaskarrekin buruhausteak izan genituen. Uste dugu negua aurreratu zela, eta Cerro Torrek duen itxura hartu zuen; izotzak mendi osoa estali zuen. Azken hamar luzeak, adibidez, mistoan eskalatu genituen. Eskuekin tarte asko garbitu, tresneria finkatu eta eskalada hotz eta gogor baten ondoren arrakasta lortu genuen».
Hirukote horrek 4.020 metrora kanpaleku nagusia altxatu zuen. Aurrean zuten glaziarra oso lehorra zegoenez, egun batzuk bide egokiena bilatzen jardun zuten. Serac oso arriskutsuak zeharkatu eta lehen kanpalekua 400 metro gorago antolatu zuten. Bigarrena, berriz, 4.820 metrora.
Misto gogorra
Eguraldia pixka bat atertu zenean, urriaren 5ean, eskaladarekin hasi ziren. Argazkian ondo ikusten denez, espoloitik ezker aldera dagoen izotzezko korridore batean sartu ziren. Sekzio hori gainditu eta erlaitz batean lehen bibaka prestatu zuten.
Bigarren eguna oso hotza esnatu zen. Halere, Musiyenkok dio egun luzea eta dibertigarria izan zela: «Eta alai diot 5.700 metroko garaieran zeuden M7+ mailako (100 metro) bi luze gainditu genituelako. Hurrengo 115 metroak ere ez ziren batere samurrak izan. Kranpoiekin akrobazia bitxiak egin genituen M4 eta M5 zailtasuneko luzeetan».
Bidearen giltzan arrakasta lortu eta gero, 700 metroko maratoi bati ekin zioten. AI3+ eta M4 mailako luzeetan ez zuten ia bilerarik antolatuta. Baten bat, bai, segurtasuna bermatzeko. Azken tartea, aldiz, zorrotzagoa izan zen; M5 eta M6 zailtasun teknikoekin.
Nahiz eta oinak erabat izoztuta zituztenez, hirukote horrek gailurra zapaltzeko aukera izan zuen. Argazki bakan batzuk atera eta ziztu bizian jaisten hasi ziren; izan ere, haize boladak indartu ziren. Jaitsiera horrek 50-60 rappel eskatu zizkien.
Kishtwar ibarreko helburu hori lortu ondoren, ukrainarrak azpimarra berezia jarri nahi izan dio erabilitako estiloari: «Ia bide guztian Abalakov-ekin bilerak eta rappelak prestatu genituen. Lepotik gora dagoen espoloia oso arriskutsua ikusten zen, batez ere geure buruak babesteko. Hasiera horretan Maestriren zulagailua bizkar-zakuan egotea nahi nuen. Baina, azkenean, luze teknikoenak eta zailenak paraboltik jarri gabe gainditu genituen. Geure aurreikuspenen arabera, bazirudien tarte batzuk artifizialean igo beharko genituela. Zorionez, luze guztiak ala guztiak librean sinatu genituen».
Gailur egunean izan zuten zeru urdinen eta Kaxmirren ospe handia duten zafiro urdinen irudiak baliatu zituzten zabaldutako bideari ‘Brilliant Blue’ izena jartzeko: «Hirurok ala hirurok pozarren gaude White Sapphire mendian eginiko lanarekin. Gainera, kontuan hartu behar dugu gure aurretik soilik bi taldek tontorra zapaldu zutela. 26 eguneko espedizioa izan da, eta eskerrak eman nahi dizkiogu American Alpine Club-i emandako 8.000 euroko laguntzarengatik».