Nerea Lauzirika
Bilbo

Inoiz baino emakume gehiago Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean

Larunbatean jokatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala Aissa Intxausti, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia bertsolariek. Inoiz baino emakume gehiago heldu dira aurten finalera.

Enbeita, Etxebarriazarraga, Intxausti, Galletebeitia, Ibarzabal, Uria, Pagonabarraga eta Bartra, Bilbao Arenan.
Enbeita, Etxebarriazarraga, Intxausti, Galletebeitia, Ibarzabal, Uria, Pagonabarraga eta Bartra, Bilbao Arenan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Larunbat honetan jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala Bilbon. Bilbao Arenan bertan izan dira finalistak gaur: Aissa Intxausti Aburruza, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Gorka Pagonabarraga Agorria, Jone Uria Albizuri, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Bartra Arenas, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Lehendabizikoz, emakumezkoak dira gehiengoa finalean, baina erlaxatu beharrean ildo beretik lanean jarraitzeko beharra nabarmendu du Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lehendakariak: «Emakume gehiago nahi ditugu finalean eta finaletik kanpo».

40. urteurrena bete du aurten Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta data garrantzitsua izaki, irabazleari txapela janztearen ardura pozik hartu du Begoña Iturrizak. Izan ere, Iturriza izan zen elkartearen sortzaileetako bat. Egungoarekin alderatuta, oso bestelakoa zen emakumeek bertsolaritzan zuten tokia duela berrogei urte. Iturrizak berak azaldu duenez, bertsotan plazetan aritzen ziren emakumeak oso bakarrik zeuden, «abarorik gabe jendartean». «Ez zen giro» andreentzat eta uste du horregatik izan zirela asko bidetik geratu zirenak.

Jone Uria iazko txapeldunordeak, aldiz, mahai gainean jarri nahi izan du badagoela zer aldatu oraindik, Olabarriaren balorazioarekin bat eginez. Izan ere, azaldu du duela hogei urtetik hona gutxi gora behera emakume kopuru bera heltzen dela finalerdietara, bost eta zazpi bitarte.

Matematikariak azkar atera ditu kontuak eta nabarmendu du herena inguru direla andrazkoak finalerdietan, aurtengo finalean proportzioa altuagoa bada ere. Finalean ahotan hartzeko gogoz dagoen gaiak egokitzea nahiko luke Uriak, bertsoak bestela ateratzen direlako afera norberaren interesekoa denean.

Finalisten iritziak

Gaztetasuna dario aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalari. Onintza Enbeita da finalista helduena, txapelketa irabazten lehena izan zen emakumea, hain zuzen. Garrantzitsua iruditzen zaio lehian ari den andra kopurua, azpimarratzen baitu ez direla «saku homogeneo bat, bakoitzak badauka bere marka» emakume izatetik harago doana.

Iturrizak aipatutakoaren haritik tiraka, Enbeitak gogoratu du duela hogei urte entzun behar izaten zituela finalean emakumerik ez bazegoen behar bezalako maila ematen ez zutelako zela ziotenak. Uste du «ahizpatasuna» egon balitz «anaitasuna» egon zen neurri berean, bestelakoa izango zela orduko egoera, aurtengo finalak agerian utzi duenez.

Nerea Ibarzabal iazko txapeldunak azaldu du, hain zuzen, ez duela «aurreko txapeletik» bizi nahi. Aldiz, ariketa bakoitza ahalik eta ondoen egin eta momentuan bertan «egotea» da bere xedea: «Egindakoa norbaitek gogoratzen badu, hori sinatuko dugu».

Aissa Intxaustik txapelketako fase guztietan kantatu du, udaberrian hasita. Egindako lanaren ondoriozko uzta jasotzen ari da orain. Bere burua «ondo» ikusi zuen udaberrian eta helburuak zehaztuta iritsi da finalera. Gustura kantatzeko aukera izatea espero du, finalak suposatzen duenak gainditu gabe.

Oihana Bartrak ibilbide luzea du bertsolaritzan eta, zehazki, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Hala ere, ilusioz bizi du datorkiona: «Ez nekien hainbeste poztuko nintzenik finlean egoteaz».

Aitor Etxebarriazarragarentzat bigarren finala da, baina lehenaren guztiz desberdina izango da aurtengoa. Izan ere, pandemian izan zen aurrekoa eta oraingoa «egonkortzeko aukera» gisa ikusten du, bigarrena izaki.

Gorka Pagonabarragarentzat ere bigarren finala da eta uste du «oparitxoa» dela autoestimuarentzat. Aurrekoan pozak itsututa edo, finala behar bezala bizi ez zuela eta, aurtengoa bestela bizitzeko aukeratzat hartu du: «Sekulako plaza zegoen eta ni ez nengoen bertan».

Xabat Galletebeitia pozik agertu da pandemian zertxobait galdutako talde sentipen hori berreskuratu izanagatik. Izan ere, horrek parada eskainiko dio bere buruarengatik ez bada, kideengatik pozteko. Argi dauka finalean ez dela erabakiko haietako nor den bertsolaririk onena, «astroak nori lerrokatzen zaizkion» baizik. Horrela, bere «astroak» txintxo portatu eta «lerro zuzenean» egotea nahiko luke.

Zortzi ariketa, bi ataletan

Finalak bi atal izango ditu, A eta B. A atala zortzi finalistek jokatuko dute eta haietatik bi baino ez dira igaroko B atalera, hots, puntuazio altuena duten biak. Bigarren zatia buruz burukoa izango da, beraz. Atal bietako puntuazioak batuta erabakiko dute irabazlea.

A atalean bost ariketa egongo dira: Zortziko nagusian, hiruna bertso ofiziotan; zortziko txikian, hiruna bertso ofiziotan; puntua emanda bertso bi zortziko txikian; hamarreko txikian, hiruna bertso ofiziotan; eta bakarkako lana, gaia emanda, hiru bertso doinu eta neurri librean.

B atalean hiru izango dira ariketak: Zortziko txikian, hiruna bertso ofiziotan; seiko motzean hiruna bertso ofiziotan; eta ganbarako lana, gaia emanda hiru bertso doinu eta neurri librean.

Finala bertatik bertara jarraitu nahi dutenek eskuragarri dituzte sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean, larunbat goizera arte. Denak salduko ez balira, larunbatean bertan Bilbao Arenako txarteldegian eskuratu ahal izango dira, 15.00etatik aurrera.