NAIZ

Txillardegi nor zen ikasleei azaltzen dien bideoa zentsuratu nahi du Covitek

Ikusgela proiektuan erabilitako Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi»ri buruzko bideo bat salatu du Covite elkarteak, bera «zuritzen» duela egotzita. Kultur eta hizkuntza arloan egin zuen ekarpen itzala ez duela baloratu nahi dio.

Euskal Wikilarien Kultura Elkateak «Txillardegi»ri buruz egindako bideo didaktikoaren aurka jo du Covite elkarteak, salaketa publiko baten bidez. Lakuako Gobernuaren oniritziaz Ikusgela proiektuan erabiltzen ari da lan hau, euskal pentsalaria eta hizkuntzalaria nor zen ikasleei azalduz, baina Coviteren ustez Jose Luis Alvarez Enparantza «zuritzen» du eta ez da onargarria.

Hezkuntzarako plataforma da Ikusgela eta bertan ikusgai da aipatutako bideoa. Coviteren hitzetan, «Txillardegi»k euskal kulturari zein euskarari emandako guztia jasotzen da baina ez da ETA erakunderen hastapenean izan zuen partehartzea aipatzen. Hau dela eta, «inmoral»tzat jo du Lakuak diruz lagundu izana.

Consuelo Ordoñez Coviteko presidentearen aburuz, «heroi» eta «euskal kulturaren salbatzaile» gisa agertarazten dute «Txillardegi» lan honetan, bai eta giza eskubideen defendatzaile bezala ere. Eta horrekin ETAk eragindako biktimak iraindu egiten dituzte.

Euskal kulturaren eta euskararen alde egin zuen lana ez duela baloratu nahi erantsi du Covitek. ETA erakundetik aldendu zela eta Aralar alderdiko kide izan zela ere aipatzen du. Baina beste ezeren gainetik bideoak «Txillardegi»ren izaera eta ibilbidea «goxotu» eta «zuritu» egiten duela ondorioztatzen du.

Bereziki kezkagarritzat jotzen du Covitek Ikusgela egitasmo honen aurkezpenean Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea egon izana.

Bi bideo

‘Txillardegi ulertzeko gakoak’ da bideoaren izenburua, eta bertan idazlearen ibilbidea azaltzen da, bai arlo literarioan baita soziopolitikoan ere: konpromisoa, euskalduntasuna, pentsamendua eta ekintza...

Gainera, ez da Txillardegiri buruz argitaratzen duten lehen bideoa. Duela urte bat ‘Txillardegi eta XX. mendeko eleberrigintza’egin zuten.