Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Jon Anderrek osatzen duten binomioa Ezkurdia-Tolosarena baino sendoagoa izan da (10-22)

Partida hasiera orekatu baten ostean, Peña II.ak eta Albisuk gaur egun aurkariak baino bikote sendoagoa osatzen dutela erakutsi dute Urretxun, Santa Lutzi egunean. Gorriek huts gehiegi pilatu dituzte, atzelari urdina indartsu aritu da eta bere aurrelariak ederki amaitu ditu tantoak.

Jon Ander Albisu oso dominatzaile aritu da atzeko koadroetan.
Jon Ander Albisu oso dominatzaile aritu da atzeko koadroetan. (Jon URBE | FOKU)

Peña II.ak eta Albisuk Binakako Txapelketako bigarren garaipena erdietsi dute asteazken honetan arratsaldean, Urretxuko Ederrena pilotalekuan, Santa Lutzi egunean. Ezkurdiak eta Tolosak huts gehiegi pilatu dituzte eta ezin izan dute atzelari urdinaren kolpeari eta behetik gora aritu den bere aurrelariaren erasoei aurre egin.

Binakako aurkezpena egin zenean, argi ikusi zen Joseba Ezkurdiak eta Xabi Tolosak bikote sendoa osatuko zutela eta, bere lana ondo eginda, oso zaila izango zela hauei tantoak egitea. Hala ere, gaur gorriz jantzitako pilotariak bere mailatik urrun aritu dira, engranajea oraindik martxan ez dagoela erakutsi eta bigarren porrota gehitu dute.

Huts gehiegi egin dituzte bien artean. Tolosak dudaz beterik hasi du neurketa. Peñaren lehen sakeari ezin izan dio eutsi nahiz eta pilotak arazo handiegirik ez izan. Hain sendoa osatzen duen bikoteak ezin ditu halako hutsak pilatu, eta gaurkoan, bien artean, bederatzi galdutako batu dituzte. Hauei Peñari sakez egindako biak gehitzen bazaizkio, hamaika konta genitzake.

Gainera, gaurko aurkariek ez zuten ezer oparitzeko asmorik. Egia da Jon Ander Peña jokoan sartu ezinik hasi duela norgehiagoka, baina ez du asko inporta, atzean bikain ari den Jon Ander Albisu baitzuen. Ataundarrak sekulako maila erakutsi du hiru partidetan, eta Ederrenan ederra egin duen jokoa. Hasiera-hasieratik Tolosa dominatu du atzeko koadroetan, bi tanto egin ahal izan ditu –bat atzean eta bestea bien tartera– eta bere aurrelariari laguntza ugari eskaini dizkio.

Azkar apurtuta

Hala ere, partida nahiko orekatua hasi da. Ezkurdiak ezin izan du jokoan asko sartu lehenengo peloteoetan, baina sartu denean, lehenengo ezker gantxoa egin eta tantoa lortu du (1-2). 2-2, 3-3 eta 4-4 berdinduta iritsi dira lehenengo minutuetan bi bikoteak. Gorriak eustea lortzen ari ziren. Arbizuarrak beste jokaldi polita eskaini du zabaletik zabalera dejada indartsu batekin 5-6koa egiteko. Baina hortxe hasi da apurtzen norgehiagoka.

0-7ko partzial bati esker, urdinek alde egin dute markagailuan (5-13). Tartean, Albisuk errebotera bidali du pilota bat –Tolosak eramatea lortu du, baina hurrengo pilotakadan ataundarrak tantoa amaitu du– eta Peña II.ak bereak egiten hasi da aurreko koadroetan, tanto ederrak eta ikuskizuna eskainiz.

Gorriek bi tanto egin dituzte jarraian, baina segituan hutsak iritsi dira, inolako aukerarik gabe utziz. Peñak ederra egin du 8-19koan, ezker airez txokoan dejada batekin eta Ezkurdia engainatuz. Ederrenako zaleek, behintzat, tanto politak ikusi dituzte eta Peña-Albisu oso kontuan hartzeko bikotea dela konfirmatu.

Atsedenik ez

Luzea den Binakako Txapelketa honek ez du geldialdirik, eta ostegun honetan bertan Elordi-Rezusta eta Peio Etxeberria-Zabaleta bikoteek material aukeraketa izango dute Eibarreko Astelena pilotalekuan igandeko lehiarako. Laugarren jardunaldia ostiralean irekiko dute Oiartzunen Jaka-Mariezkurrena II.ak eta Artola-Imazek.

PARTIDAKO FITXA:

Ezkurdia-Tolosa: 10

Peña II.a-Albisu: 22

Pilotakadak: 450. Iraupena: 51:55. Markagailua: 0-2, 3-2, 4-3, 4-6, 5-13, 7-13, 7-14, 8-14, 8-19, 9-19, 9-20, 10-20 eta 10-22. Sakez egindako tantoak: 0 Ezkurdiak eta 2 Peña II.ak. Jokoan egindako tantoak: 3 Ezkurdiak, 0 Tolosak, 8 Peña II.ak eta 2 Albisuk. Galdutakoak: 4 Ezkurdiak, 6 Tolosak, 4 Peña II.ak eta 3 Albisuk. Gertakariak: Giro bikaina Urretxuko Ederrena pilotalekuan, Santa Lutzi egunean, Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldiko partida hau ikusteko. Lehen sakea urdinentzat izan da.