«Euskaraz bizi nahi dugu eta ez dugu eskubide murrizketarik onartuko» lelopean, elkarretaratzea egin dute Laudioko plazan Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, epaitegietatik iristen ari diren hizkuntza eskubideen aurkako erasoak salatzeko. Mobilizazioarekin bat egin dute gehiengo sindikalak eta langileen ordezkariek, hezkuntzako eragileek, euskaltegiak, udal ordezkari eta alderdiek, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta herritar ugarik.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Laudioko Udaleko lanpostu batean euskararen eskakizuna atzera bota zuen epaia berretsi ondotik deitu zuten elkarretaratzea, azaroaren 4ko manifestazioaren ondoren aurkeztu zen Hizkuntza Eskubideak Babesteko Protokoloa aktibatuta. Sententzia horretan epaileak argudiatu zuen euskara «hizkuntza zaila» zela, eta Auzitegi Nagusiak ontzat eman zuen ebazpen polemiko hori joan zen ostiralean.
Kontseiluak ohartarazi duenez, «oldarraldi judizialak ez du etenik» eta «sententziaz sententzia gero eta argiago geratzen ari da olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo honen atzean ezkutatzen den mezua: urrunegi joan zarete eta mugak jarri behar dira».
Salatu duenez, «edozerk balio du epaitegietatik euskararen normalizazioa sustatu nahi duten neurriak baliogabetzeko: ezin da euskara eskatu ‘diskriminatzailea’ delako, ezin da euskara eskatu ‘inposizioa’ delako, ezin da euskara eskatu ‘gehiegizkoa’ delako, ezin da euskara eskatu ‘zailegia’delako…».
EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak, gaitzetsi du, «herritarron hizkuntza eskubideak kontuan ez hartzeaz gain, adituen arabera oinarri juridiko erabat eztabaidagarriak ditu».
Gasteizko epaitegiaren erabakia berretsita, udalek hizkuntza politika egiteko duten eskumenaren aurka jo dutela ohartarazi du Kontseiluak eta horregatik «ozen» salatu du «botere judizialaren esku-hartzea hizkuntza politiketan, bereziki adostasun politiko eta sozial zabalen gainetik egiten denean eta milaka herritarroi hizkuntza eskubideak, oinarrizko eskubideak, ukatzen dizkigutenean».
Euskararen aurka hainbat auzitegik kaleratu dituzten epaiak «lotzen dituen premisa faltsua» ere nabarmendu du, alegia, «lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela». Aitzitik, auzia «oso bestelakoa» da bere ustez: «Elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira». Izan ere, «hizkuntz eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen dira egiazko eskubide, lanean barne». Horren lekuko, «gehiengo sindikalak sententzia hauen aurrean erakutsitako arbuio irmoa».
Ildo horretan, oldarraldiaren aurrean «euskararekin bat eta euskaraz bat» egiteko deia zabaldu dute elkarretaratzean.