Labriteko partida eroak berdinketa utzi du Binakako ligaxkaren buruan

Peio Etxeberriak eta Zabaletak 20-22 menderatu dituzte Jaka eta Mariezkurrena, orain arteko liderrak. Ez da neurketa bereziki ona izan, pilotariek huts dezente egin dituztelako eta erritmoa hartzea kosta zaielako. Etxeberriak eskuan zauria egin du ormari amorruz ukabilkada bat jotzean.

Peio Etxeberriak zabaletik eraman ezin izan duen pilota bategatik eman dio ukabilkada kontrakantxako ormari, eskuin eskuan zauria eginez.
Peio Etxeberriak zabaletik eraman ezin izan duen pilota bategatik eman dio ukabilkada kontrakantxako ormari, eskuin eskuan zauria eginez. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jakak eta Mariezkurrenak Binakako Txapelketan lehen partida galdu dute Labriten Peio Etxeberria eta Zabaletaren kontra, eta orain bi bikoteak lau punturekin berdinduta daude ligaxkako sailkapenaren buruan. Bi atzelari jotzaileenen arteko demak ikusmina sortua zuen, baina neurketa ez da bereziki ona izan, huts asko egon direlako eta jokaldi arraro ugari.

Lehen tantoetan gorriak izan dira dena egin dutenak, onerako zein txarrerako. Mariezkurrena oso hotz sartu da partidan, huts dezente eginez, baina Erik Jaka oso inspiratuta aritu da, erremate onak sinatuz. Urdinak, aldiz, defentsa lanean ibili dira batez ere, baina markagailuan bizirik jarraitzea lortu dute.

Egoerak bere horretan jarraitu du lehen atsedenaldi luzera arte, eta paradoxikoki urdinak izan dira 11-12 aurretik iritsi direnak, jokoan gorriek erakusten zuten nagusitasuna ezerezean utziz.

Partida hoztu

Eta lehen zatian neurketak erritmorik izan ez badu, zer esan atsedenalditik bueltan gertatu denaz. Lehenik eta behin, 12-12koa suposatzen zuen Jakaren gantxo batean, Peio Etxeberriak kontrakantxako ormari ukabilkada bat jo dio amorruaren amorruz, eta eskuan zauria egin du. Denbora luzez egon da aldageletan, jarraitzeko aukerarik izango zuen ere zalantzan egon da une batean, baina azkenean jokatzen jarraitu du, eskua odolez blai zeukala.

Hori gutxi ez, eta hurrengo tantoan, Mariezkurrenak sekulako pilotakada jo dio buruan zenoztarrari. Kasu honetan, kolpeak ez du ondorio larririk izan, baina norgehiagoka asko hoztu da gauza baten eta bestearen artean.

Zorionez, markagailuan egon den emozioak salbatu du partida, eta azken tantoak ikusgarriak izan dira. Baina tarte horretan ere dema oso eroa izan da.

Bi eskapada

Jakak eta Mariezkurrenak, adibidez, hiru tantoko abantaila hartu dute 16-13an, Berriozarko atzelariak errebotean sartutako pilotakadari esker. Baina erantzuna azkar iritsi da: Zabaletak ez zuen atzean geratu nahi eta beste bi errebote ikusgarrirekin 17-17 berdindu dute emaitza.

Beste datu esanguratsu bat: Peio Etxeberriak jokoan egin duen lehen tantoa 17-18koa izan da, boleaz pilota txokoan bihurrituta. Eta zorteak ere izan du bere eragina azken txanpan: Zabaletak eskapadaz egin du 17-19koa eta Etxeberriak ere bai 20-20koa.

Zenoztarrak atzera jotako pilota batekin itxi du azken 20-22koa. Pozik zegoen garaipenarekin, baina kezkatuta eskuko zauriarekin. «Mina daukat. Partidan zehar adrenalinarekin ez dut ia ezer nabaritu, baina amaitu dugunean segituan hasi naiz mina sentitzen. Ea probek zer erakusten duten eta datorren astean jokatzerik badudan», aipatu du aurrelariak.

Erik Jaka ere ez zegoen oso pozik, galdu izanagatik baino gehiago jokoan erakutsitako nagusitasuna markagailuan islatzeko gai ez direlako izan. «Huts asko egin ditugu eta hor joan zaigu partida. Ez dugu gure jokoan jarraikortasunik erakutsi eta horregatik galdu dugu».

FITXA

Pilotakadak: 502. Partidaren iraupena: 72 minutu eta 5 segundo. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 3-2, 3-3, 4-3, 4-6, 8-6, 8-7, 10-7, 10-9, 11-9, 11-12, 14-12, 14-13, 16-13, 16-15, 17-15, 17-19, 20-19 eta 20-22. Sakez: 1 Jakak eta 2 Peio Etxeberriak (falta bat ere bai). Jokoan eginak: 7 Jakak, 4 Mariezkurrena II.ak, 3 Peio Etxeberriak eta 6 Zabaletak. Galdutakoak: 4 Jakak, 6 Mariezkurrena II.ak, 1 Peio Etxeberriak eta 6 Zabaletak. Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekua leporaino beteta. Lehen sakea, urdin.a

Elordik eta Rezustak, kale

Elordik eta Rezustak ezin izan dute lehen postuko berdinketa hiru bikotera zabaldu. Peña II.a eta Albisuren kontra 22-12 galdu dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta orain hiru punturekin berdinduta daude bi bikote horiek ligaxkan. Lehen zatia berdindua izan da (7-7 eta 12-13), baina bigarren erdian Rezustak behera egin du eta urdinak aise nagusitu dira.