NAIZ

Robert ‘Popol’ Arranbideri azken agurra ostegun honetan emanen diote Hendaian

Robert ‘Popol’ Arranbide ezkerreko militante abertzalearen aldeko ehorzketak abenduaren 28an, 14.30ean, iraganen dira Hendaiako Bixintxo elizan. Ondoren, plazan, Hendaiako zinegotzia izateaz gain hainbat elkarteren laguntzailea izan zenari azken agurra emango diote. 

Robert 'Popol' Arranbide 2004an eginiko argazki batean.
Robert 'Popol' Arranbide 2004an eginiko argazki batean. (Jon URBE | FOKU)

Robert ‘Popol’ Arranbide euskal militante abertzalea joan zen abenduaren 21ean hil zen, 81 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Astearteaz geroztik irekia da hil kapera, Hendaiako tanatorioan, goizeko 9.00etatik eta 18.00ak arte, eta ehorzketa ostegun honetan izanen da, 14.30etik aitzin, Hendaiako Bixintxo elizan.

Behin zeremonia hori amaituta, Herriko Etxearen aitzinean, ekitaldi xumea antolatu dute haren ibilbide politikoa eta engaiamendu soziala nabarmentzeko xedez. ‘Popol milesker herria egiteagatik’ mezuaren bidez omendu du hil berri den militantea Sortuk.

Zinegotzia Hendaian

Biharko Hendaia zerrenda abertzalearekin herri kontseilaria izan zen Arranbide joan zen mendeko 80. hamarkadan.

Bestalde, 1994an hautagai izan zen, Abertzaleen Batasunaren (AB) zerrendarekin, Pirinio Atlantikoen Departamenduko bozetan.

2002an, berriz, ezker abertzalearekin kanpaina egin zuen frantziar Estatuko Legebiltzarrerako bozetan.

Finean, 2004an, espainiar legebiltzarrerako bozetan zerrenda abertzale bakarra aurkezteko asmoz Euskal Herri osoko hamarka kultur eta gizarte eragileek bultzatu zuten egitasmoa babestu zuen.

Ezker abertzaleko erakundeen ilegalizazio garaian engaiamendu irmoa erakutsi zuen Arranbide.

Horrez gain, herri mailan, ezaguna izan zen oso bestelako elkartetan eginiko lanarengatik.

Bere laguntza eskertu dute azken egunetan, hala nola, Antxeta irratiko lagunek. Urtetan kolaboratu zuen irratiarekin Arranbidek.

‘Popol’-en laguntasuna nabarmendu dute, bestalde, prekarietate sozial larria pairatzen duten herritarren alde lan egiten duten Txoko elkarteko boluntarioek. Hotz plana indarrean delarik etxerik ez dutenen ondoan lan egiten dute elkarteko kideek.

Akelarre kultur elkartean ere hutsune handia utzi du  ‘Popol’ Arranbidek.

Bi urte eta erdiko espetxealdia

«Bere ideiak inoiz alboratu gabe, ‘Popol’-ek beste batzuekin batera lan egiteko zuen sena» goraipatu du Iker Elizaldek Hendaia Biltzen taldeko zinegotzi ohiak eta egungo departamendu kontseilariak.

Bera epaitua izan zenean Parisera sostengua eramatera joan zen lagun batek NAIZi oroitarazi dionez, Hendaiako auzapez den Kotte Ezenarro auzapezak lekuko gisara hitza hartu zuen Arranbideren defentsak hala eskatuta.

2004an atzeman zituen frantziar Poliziak ‘Popol’ Arranbide eta Txomin Irazoki. Haiekin batera Ortzi Idoate, Gorka Haritzaga eta Zigor Goieaskoetxea atzeman eta ondoko orduetan aske utzi zituzten, Laurence Le Vert epaileak agindutako operazioan.

Bi urte eta erdi izan zen kartzelan Arranbide. Sei urte igaro ziren epaiketa egin arte.

Marixol Iparragirre, Mikel Albisu, Mikel Negrete, Joxe Ramon Arrano, Juan Kruz Maiza eta Peio Alcantarilla presoak eta Arranbide bezala behin-behineko askatasunean ziren Lurdes Urdanpilleta, Miriam Inzabi eta Xabi Oxarango 2010ean epaitu zituzten.