Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Heriotzari naturaltasunez hitz egingo dion munduaren bila ari da Hil Argi

Hil Argi elkarteak sinesten du heriotzaz hitz egiteak balio duela gertukoen herioaren osteko minak arintzeko. Berriki, Gehiago Gara ekimena jarri du martxan, haurren heriotza eta heriotza haurrekin «naturaltasunez eta humanitatez» lantzen dituzten ekimenak ezagutu eta zabaltzeko.

Nere Erkiaga eta Oihane Arriaran, Hil Argi elkarteko kideak.
Nere Erkiaga eta Oihane Arriaran, Hil Argi elkarteko kideak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Falta hori. Hutsunearen osteko hutsunea. Minaren gaineko mina. Ahots bat isiltzeak dakarren isiltasun kolektiboa. Ezgaitasun emozionalera mudatzen den ezjakintasuna. Lagundu gura eteten duen arrangura. Eta ihesa, eztarriko korapiloetan trabatzeko beldurrez. Falta hori.

Heriotzaz ari gara. Zehatzago, haurren heriotzaz. Zehatz-mehatz, haurra galdu duenak ingurura begiratu eta sarri topatzen duen mortu sozialaz eta erakundeenaz. Heriotzaz ari gara, askotan egiten den bezala, hitzen sigi-sagan, tentuz, labar irristakor batean bageunde bezala.

Aldiz, saiheska ibili gabe hitz egiten du heriotzaz Oihane Arriaranek. Zumarragar honek Anette galdu zuen, bere lehenengo haurra, bost hilabete zituela. Bi ume ditu orain. Beste bi. Parean du kafe ebaki bat eta, aldamenean, Nere Erkiaga. Hil Argi elkarteko kideak dira, Donostiako Maria Cristina hoteleko kafetegian daude. Itxuraz, heriotzak gauza asko bukatzen dituen arren, berriak hasteko aukera ere ematen du, eta herioaren inguruan beste elkarte batzuekin batera bultzatu duten azken proiektuaren berri emango digute: Gehiago Gara ekimena. Baina, lehenago, heriotzaz hitz egingo dute, hutsean.

Tabuaren kontra, kultura

Hil Argi elkarteak hori baitu itu nagusi: heriotzaren inguruan «naturaltasunez eta humanitatez» hitz egin dezagun bultzatzea. Herioaren gaineko tabua «maila guztietan» gailentzen da eta, beraz, asko dago hitz egiteko. Hainbeste, ezen herioaren inguruko berrogei irratsaiotik gora egin baititu Nere Erkiagak Euskadi Irratian. Guztiak entzungai daude Hil Argiren webgunean: hilargi.eus.

Hala, heriotzaren bueltan «kultura eraikitzeko», ezagutza zabaltzeko, lanean dihardu elkarteak, taldekoak sinetsita baitaude berbak laguntzen duela gertu-gertuko senidea edo laguna galdu duen hori.

«Kultura eraikita, uste dugu pertsona bezala heriotzaren aurrean baliabideak eraiki ditzakegula», aurreratu du. Liburuzaina ere bada Nere Erkiaga, eta elkartearen sorrera bultzatu zuen.

Anette hil zeneko ingurukoen -lagun, ezagun, senide, herrikideek- erreakzioak ekarri ditu gogora Arriaranek. Haur baten heriotza oso bizkor zabaltzen da herrian. Ahopeak salto egiten du belarriz belarri eta, segituan, herritar guztiak jakinaren gainean daude; umearen ama, aita, aise identifikatuko dituzte. «Pentsatzen jartzen bazara... herrian zenbat gaude? Lau katu, eta horrek asko egiten du. Zeren zu horietako bat zara. Niretzako hori ez da oztopo izan lasai hitz egiteko, baina beste bat senti daiteke, agian, seinalatuta», komentatu du Zumarragakoak.

Zehaztu du tratu ona jaso zuela oro har, gertukoa eta beroa, baina nabaritu zuen, halaber, «falta hori», umea galdu duten guraso askok bezala. «Zuk agian libreki hitz egin nahi duzu, eta igual zure familian egin dezakezu, zurekin batera bizi izan dutelako gertatu dena, baina hortik kanpo ateratzen zara eta... Txoke bat da, parekoaren deserosotasuna, isiltasuna... Falta hori». Falta horrek eraman zuen Arriaran Hil Argi elkartera gerturatzera, Amaia Madariaga lagunarekin batera (Elene alaba galdu zuen Madariagak). Eta hurbilpen horrek eragin zuen geroago azalduko duten Gehiago Gara egitasmoa sortzea.

Ingurukoen isiltasuna gogorra izan daiteke doluan dagoenarentzat, gertuko pertsona bat galtzeak eragiten duen min itzelari min gehiago erantsi dakiokeelako. Zentzu horretan, Oihane Arriaranek tristuraz dio semea edo alaba galdu duten guraso guztiek ez dutela izan berak jaso duen «babesa». «Ikusi dute nola espaloiez aldatu den jendea, sentitu dute jendeak ez zituela ikusi nahi, ez ziola momentu horri aurre egin nahi», agertu du. Horregatik amaitu nahi dute heriotzaren tabuarekin, soberan den min hori ekiditeko.

Eta zergatik, bada, halako tabu astuna herioaren inguruan, bizitzari ezinbestean lotutako ezaugarri unibertsala bada? Jaiotzea besteko naturala? «Ezintasuna» izan daiteke zioa, «blokeoa» emaitza, Erkiagaren arabera. «Ez duzu minik egin nahi, baina ez duzu baliabiderik erantzunak emateko. Blokeo bat da», azaldu du.

Zendu dena haurra bada, are gehiago erasaten du tabuak. Beste denbora batzuekin edo beste herrialde batzuekin alderatuta, zorionez, gurean umeen heriotza ez da horren ohikoa. Heriotzok, kasik, salbuespen izaera daukate, eta horrek, agian, zaildu egin dezake gizartea horretara prestatzea. Ez dela tokatzen, ez dela naturala, sarri esaten dira halakoak. Baina gutxitan gertatzeak ez du esan nahi «antinatura» denik, Hil Argikoek ohartarazi dutenez. «Amaia Madariagak ere askotan esaten du: bizidunak garen heinean, hiltzeko arriskua denok daukagu», esan du liburuzainak. Bat egin du berarekin zumarragarrak: «Egia da heriotza mailakatu egiten dugula: lehenengo amona, gero ama, gero umea. Horrela izan beharko litzateke, baina umeak hiltzea naturala da, beti gertatu da, eta gertatzen da. Eta naturaren parte ere badenez, tokia egin behar zaio».

Ikarari kikara

Katiluen artean ahots grabagailu bat dago; elkarrizketa bat da, baina, tarteka, Maria Cristinako mahai buelta honek luxuzko Death Cafe baten antza hartu du. Heriotzaren inguruan naturaltasunez hitz egiteko eta ikarak baretzeko topaketak dira Death Cafeak, eta Euskal Herrian uste baino ohikoagoak dira horrelako tertuliak: 2016tik antolatzen dira gurean, 30 udalerri baino gehiagotan. Kikaren artean, ikarak utzita, Oihane Arriaranek eta Nere Erkiagak tokia egin diote heriotzari.

Beldurra ematen ei du herioa ezpainetan ibiltzeak, hitzak hel egingo balio bezala. Gezurra badirudi ere, «pentsamendu magikoa» existitzen dela dio liburuzainak, pentsatzen dela herioaz hitz egiteak herioa erakarriko duela. Bada, ezetz diote Hil Argikoek, kontrakoa gertatzen dela, hitz egiteak laguntzen duela beldurrak galtzen edo, bederen, arintzen, heriotzaren aurrean gizartea eta norbanakoa ahaldundu dezakeela.

«Batzuk kontziente dira, baina gehienok ez gara kontziente gure baliabide gabeziaz. Eta ez dugu pentsatzen garatu ditzakegunik. Gure ideia, aldiz, bestelakoa da: heriotzaren aurrean modu naturalago batean jarduteko pertsona guztiok ditugun baliabideak aktibatzea. Gogorra da, baina baditugu baliabideak hutsune erraldoi horri aurre egiteko. Eta uste dugu ezagutzak, elkarrizketek... Baliabide horiek aktibatzen laguntzen dutela. Berezkoa duguna, naturala, bete egiten dela, eta betetzen garela pertsona bezala», esan du.

Hasteko, Arriaranek argi utzi du alaba edo seme baten heriotzaren ostean ere badela bizitza, batzuetan pentsatzen den arren umea galdu duen amak dolu kronikoa izan behar duela. «Jendeak espero du egon behar zarela aparte, triste, etxetik atera gabe. Eta ez, ez da horrela. Guk hori pasatu dugu, barruan daramagu, baina bizitzen segitu behar dugu», berretsi du.

Dolua pasatu egin behar da eta, noski, ez da erraza. «Baina erakustea gurasoek dolua egin eta gero kapaz direla gai honen inguruan hitz egiteko, lan egiteko, omenaldiak egiteko... Hori niretzat hasiera bat da. Doluan zaudenean ezin duzu, baina dolua pasatuta, bidea egin eta gero, konturatzen zara badagoela beste kolore bat, hitz egin daitekeela gai honi buruz koloreekin», sakondu du Erkiagak.

Dolua arinduz

Orain bai, itzul gaitezen Hil Argi elkarteak dakarren nobedadera: Gehiago Gara. Hainbat elkartek (Bizipoza, Esku Hutsik, Heriotza Haurrekin, Bidegin eta Goizargi) bat egin dute helburu berari segitzeko: haurren heriotza eta heriotza haurrekin modu irekian eta kolektiboan landuz, gizartea galera hauen aurrean ahalduntzeko.

Pasa den abenduaren 16an egin zuten proiektuaren aurkezpena Donostian, manifestu batekin lagunduta. Hala dio: «Badira, ikusezinak izanda ere, badaudenak. Izan zirenak eta gugan bizi-bizirik maitasuna indartzen eta etengabe erakusten jarraitzen dutenak. Gure umeak hil ziren, joan ziren gure albotik, baina haiei esker Gehiago Gara. Hauxe da gure ekimenaren izena eta izatea».

Aurrez aipatu bezala, heriotzak hainbat ertz ditu, unibertsala da, eta gizarteko agente askoren inplikazioa beharrezkoa da ingurukoen galerari modu jasangarriago batean aurre egiteko, dolua era hobe batean igarotzeko. Inplikazio hori behar da, baliabideak aktibatu, zeren «ezer ez egiteak dolua zailtzen du», gaztigatu du Erkiagak. Honen haritik, hala dio Gehiago Gara manifestuak: «Hezkuntzan, heriotzaren eta doluaren pedagogia zabaltzen, osasungintzan, haurren zaintza aringarriak eta egoera hauetan jardun egokiak garatzen, udal, elkarte eta erakunde ezberdinetan, haurren heriotza gertatzen denean beraien jardunean naturaltasunez eta humanitatez jarduteko moduak zabaltzen… Eta isiltasuna eta ezintasuna gainditzen laguntzen duten beste edozein jardun gauzatzen».

Gaur-gaurkoz, batez ere, doluaren bueltan egiten da lan. «Eskola askotan horretan ari dira. Eta oso positiboa da, hau egitea gutxienekoa da, egin behar da. Baina egiten da soilik heriotza jada gertatu denean», eman du aditzera liburuzainak.

Doluaren gaineko interbentzioa egitea ezinbestekoa dela diote Hil Argikoek, baita haurrekin herioari buruz garbi hitz egitea ere. Hala egiten du Arriaranek bere bi haurrekin. «Ez dut botererik esateko zer dagoen ondo eta zer gaizki, baina esperientzia kontuan izanda, esango nuke umeei gauzak diren bezala esan behar zaizkiela. Hil egin da, ez da etorriko, hori guztia garbi esplikatu behar da. Akordatzen naiz iaz Noraren [alaba] gelakide batek esan zuela txakurra hil zitzaiola, eta Norak esan zuen berari ahizpa bat hil zitzaiola. Garbi, libre. Agian izango da guk etxean libreki hitz egin dugulako, natural», kontatu du.

Eta nola landu dolua, heriotza, haurrekin? «Haurrek baliabideak dituzte, adinaren arabera, heriotzari buruz beren ideiak egiteko. Kontua da beraien pentsamenduetan bakarrik ez uztea. Galdera baldin badator, gezurrik ez esatea. Zerura joan da esatea, bale, baina betiere argi geratzen bada pertsonok hil egiten garela. Gezurra esaten badiozu; izarretara joan da, bidaian joan da, lo geratu da... Horrek arriskua dauka. Esan dezake: ba ez dut lorik hartuko badaezpada, edo ni hemen utzita joan da. Esaten da lehenago naturalagoa zela, nik uste dut ezetz. Egia da lehen heriotza etxean ikusten zela, hiltzen zirenak etxean egoten ziren eta haurrek ere ikusten zituzten. Baina ez zegoen elkarrizketarik, ‘galdetu lasai’ mezurik», dio Erkiagak.

Hutsuneak...

Doluaren interbentzioari bai, baina Hil Argikoek garrantzi berezia ematen diote heriotza gertatu aurreko lanketei. Eta konbentzituta daude heldu zein haurrentzat direla onuragarriak. Tamalez, hutsune handiak daude arlo guztietan. «Ez dago ezer honetara [alaba edo seme baten heriotzara] prestatzen gaituenik. Nik uste, orain arte hala izan dela: tokatu zaizun bezala hartu, ahal duzun bezala gainditu, eta aurrera», dio Arriaranek.

«Hezkuntzan, badago lerro bat heriotzaren pedagogia izena duena. Honek zera dio: goazen lehenago hitz egitera, zeren hitz egiteak berezko baliabideak garatzen ditu eta umea prestatzen du gertatu daitekeenerako. Dolua, ziur aski, ez dizu inork kenduko, baina baliabide gehiagorekin pasatuko duzu, prestatuta zaude. Baina pentsa, hezkuntza curriculumean ez da ‘dolua’ hitza agertu ere egiten. Ez da agertzen! Unibertsitateetan ere ez dago osasungintzako profesionalak heriotzan formatzen dituen unitaterik. Erizainek esaten dute zertxobait erakusten dietela, baina medikuei, ia ezer ez. Masterrak-eta badaude, zaintza aringarrietan adibidez, baina noski, zuk ordaindu behar dituzu».

Nere Erkiagak eta Oihane Arriaranek, baina, falta diren gauzetan tematu baino, nahiago dute ongi egiten den horri adi egon, hobetzeko bidea hasteko. Izan ere, Gehiago Gara egitasmo bat da, baina baita jarrera bat ere.

... Ereduekin bete

Abenduaren 16ko aurkezpenean, ereduak identifikatu eta ezagutzera emateko gogoz, «haurren heriotza eta heriotzaz haurrekin, naturaltasunez eta humanitatez bizi izateko lan handia egiten duten» zazpi elkarte eta erakunderi aitortza egin zien Hil Argik; ondoko hauei, zehazki:

Antzuolako Herri Eskola, «hainbat urtetan doluaren eta heriotzaren pedagogia lantzeagatik»; «Gurutzetako Ospitaleko Zaintza Aringarri Pediatrikoen Unitatea, haurren heriotza goxotasunez eta humanitatez zaintzeagatik»; Bilbo-Basurtuko ESIko jaiotza-doluko lantaldea, dolu perinatala zaindu eta gida bat osatzeagatik; Pirritx Porrotx eta Marimotots, «haurren gaixotasunaren eta heriotzaren aurrean erakutsitako arreta eta zaintzagatik, eta ‘Amaren intxaurrak’ ikuskizunarekin heriotzaren gaia haurrekin lantzeagatik; Oiartzungo Udala, «Atsolorra jaian jaio aurretik edo jaiotzan hil diren haurrak kontuan hartzeagatik»; Tolosako Haur Liburutegia, «heriotzaren inguruko bilduma osatuena eskaintzeagatik»; Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatea, Txabi Arnal irakaslearen bidez «irakasle izango direnei heriotzaren inguruko haur literatura ezagutzera emateagatik».

Momentuz, oasi bakanen artxipelago bat osatu dute. Baina badakite, segurtasun osoz, irla gehiago dagoela, gehiagok dutela Gehiago Gara jarrera. Identifikatzea falta da, horregatik, dei egin diete norbanako, elkarte, erakunde, eskola, eta heriotza naturalki eta humanoki lantzen duen beste edozein agenteri Hil Argirekin kontaktuan jar daitezen. «Gure asmoa da, orain, mezuak bidaltzea gure ekimena azaltzeko. Eta ez bakarrik azaltzeko, galdetzeko baizik: zuenean horrelakorik egiten al duzue? Gehiago Gara jarrerarik ba al duzue? Zeren, horrela bada, kontatu, jarriko dugu gure webgunean eta zabalduko dugu. Jendeari adibideak eskaini nahi dizkiogu, ideiak eman, eta esan: egin daiteke, zeren badago jendea egiten ari dena», azaldu du Nere Erkiagak.

Jasotzen dituzten esperientziak, ezagutzak eta ereduak webgunean jarriko ditu ikusgai Hil Argik, edozeinen eskura. Gehiago izatea da asmoa, azkenerako, denon artean, heriotza sanoki biziko duen mundu bat margotzeko.

UME JAIOBERRIA GALDU DUTENEK BADUTE NORA JO HERNANIKO HILERRIAN

Haurdunaldian, jaio berritan edo jaio eta egun gutxira hiltzeari deritzo heriotza perinatala. Eta heriotza horrek gurasoei uzten dien mina dolu perinatala da. Sarri gutxietsi egiten da dolu hori, esanez, «izango duzu beste ume bat, lasai», batek bestea ordezkatuko balu bezala. Eta erakundeek eta burokraziak ere diskriminatu egiten dute dolu perinatala, gurasoei ebatsi egiten baitiete haien seme edo alabaren gorpuaren inguruan erabakiak hartzeko eskubidea. Gorpurik ez dago, baina Hernanin, ospitaletik haurrik gabe ateratzen direnek badute euren seme-alabak oroitzeko leku bat.

Atzo urte bat bete zen Hernaniko hilerrian dolu perinatalari eskainitako espazio hau inauguratu zela. Esti Zeberio eta Dani Llopis herritarrek leku hau sortzeko eskaria egin zioten Udalari, haurdunaldiaren 23. astean galdu zuten semea, eta hura oroitzeko leku fisiko bat zuten faltan. Udalak, orduan, Sahatsa Jauregi artistari enkargatu zion proiektua. Izarrekin apaindutako hesi zuri batek zedarritzen du espazioa. Galdutako haurren izenak idatzi dituzte zenbait gurasok izar horietan, datak, mezuak.

Barruan, izar formako harrizko eskultura bat dago, Jauregik gunerako bereziki sortutakoa. Eskultura horrek postontzi moduko bat du, bertara sartzeko mezuak, eskutitzak; nahi dena. Haurtxoak gogoratzen eta doluaren erreparazioan laguntzen du espazio honek. Baina, horrez gain, aitortza egiten die haurdunaldian, jaio berritan edo jaio eta egun gutxira semea edo alaba galdu duten familiei eta haien minei. Ikusarazi egiten du dolu perinatala. Leku hau, gainera, ez zaie soilik hernaniarrei zuzentzen: joan nahi duen ororentzat irekia da. Hernanikoa ez da dolu perinatalari gordetako espazio bakarra Euskal Herrian.

Gasteizko Salbatzailearen kanposantuan ere badute halako gune bat iazko apirilaz geroztik. Udalak eta Esku Hutsik elkarteak sortu zuten, helburu berberarekin: familiek izan dezatela oroitzapenerako eta doluaren erreparaziorako gune bat.