Pablo Ruiz de Aretxabaleta

Herzog salatu dute Davosen, nazioarteko ekintza gehiagoren artean

Gazako izugarrikeriaren aurrean, mantso bada ere, ugaritzen ari dira nazioarteko komunitatea sarraskia geldiarazteko egiten ari den ekintzak. Isaac Herzog Israelgo presidentea Davosen salatu dute eta Indonesiak eta Esloveniak beste ekintza bat aurkeztu dute Nazioarteko Justizia Auzitegian.

Tulkaremen (Zisjordania) hainbat eguneko operazioan Israelek hil duen gazte baten hileta.
Tulkaremen (Zisjordania) hainbat eguneko operazioan Israelek hil duen gazte baten hileta. (Zain JAAFAR | AFP)

Gero eta herrialde gehiagok babesten dute Hegoafrikak Gazako genozidioagatik Israelen aurka jarritako salaketa. Beste eragile batzuk ere antzeko ekimenak egiten ari dira palestinarren aurkako sarraskia geldiarazteko.

Isaac Herzog Israelgo presidenteak salaketa penal batekin topo egin du Davoseko foroan parte hartzeko egindako bisitan, Suitzako fiskalek baieztatu zutenez.

Horren atzean Gizateriaren Kontrako Krimenen Aurkako Lege Ekintzak taldea dago. Basilean, Bernan eta Zurichen kantonamenduko hainbat agintariren aurrean aurkeztu du, eta Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegian (NJA) jada abiarazitakoarekin bat egingo duen ekintza judizial bat bilatzen duela ziurtatu zuen.
Herzog ostegunean itzuli zen Israelera eta Hegoafrikako ekimena kritikatu zuen Davosen.

Aldi berean, Indonesiak iragarri zuen Palestinaren okupazioagatik ere eramango duela Israel NJAra. Auzitegiak iritzia emango du «Israelek okupatutako lurralde palestinarraren gaineko kontrolari eta politikei buruz»,

NBEren Batzar Nagusiak egindako eskaera bati erantzunez. Indonesiako Kanpo Arazoetako ministro Retno Marsudi nazioarteko zuzenbideko adituen ekarpenak biltzen ari da Israelen aurkako adierazpen bat egiteko. Alabaina, Indonesiako Estatuak 1960ko hamarkadan komunistak sarraskitu izanak eta Ekialdeko Timor okupatu izanak  ekimen hori iluntzen dute.

Bestetik, Mexikok eta Txilek ere Nazioarteko Zigor Auzitegiari eskatu diote Israelek Gazan gerra krimenak egin dituen ikertzeko.

Davosen dauden eliteak oin-puntetan pasatu dira Gazaren aurkako erasoaren inguruan, baina Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren goi bileran, Ugandan, berriz, gai nagusia izan da eta taldeak adierazpen bat argitaratuko du gaur.

Gazako sarraskia beste agente batzuk ere zerbait gehiago esatera bultzatzen ari da. Josep Borrell Europako diplomaziaburuak «nazioartetik, kanpotik, estatu palestinar bat sortzea inposatzearen» alde egin zuen atzo, Benjamin Netanyahu lehen ministroak ostegunean berretsi zuen ezezkoaren ondoren.

Borrellek ohartarazi zuenez, horrela esku hartzen ez bada, «gorrotoaren kiribilak belaunaldiz belaunaldi jarraituko du. «Hamas hainbat urtez finantzatu du Israelek, Al-Fatahko aginte palestinarrari boterea kentzen saiatzeko», gaineratu zuen.

Mobilizazioak

«Armen merkataritza eta Israelekiko harremanak eten ditzagun» lemapean, mobilizazioak izango dira gaur Bilbon, Berrizen, Iruñean, Gasteizen, Eibarren eta Tuteran, BDS plataformak deituta. Instituzioei genozidioa gelditzeko neurri zehatzak eskatuko dizkiete; besteak beste, Hegoafrikak Nazioarteko Justizia Auzitegian Israelen kontra genizidioagatik aurkeztu duen salaketa babestea.