NAIZ

Arabako autobus publikoetan ere ezingo dira patinete elektrikoak sartu, otsailaren 5etik

Arabako Aldundiak debekatu egingo du otsailaren 5etik aurrera Alavabus eta eskualdeko garraioko linea guztietako ibilgailuetan patinete elektrikoak sartzea.

Patinete elektrikoen debekuak Alavabus garraioko linea guztiei eragingo die.
Patinete elektrikoen debekuak Alavabus garraioko linea guztiei eragingo die. (ARABAKO FORU ALDUNDIA)

Bizkaian egin duen ildo beretik, Arabako Foru Aldundiak ere debekatu egingo du Alavabus eta eskualdeko garraioko linea guztietako ibilgailuetan patinete elektrikoak sartzea, segurtasun arrazoiengatik, garraio publikoko hainbat sistematan bateriaz elikatutako horrelako mugikortasun elementuetan izandako leherketen ondorioz. Otsailaren 5ean sartuko da indarrean debekua.

Aldundiak jakinarazi duenez, ustekabeko leherketak bateriak gehiegi berotzeagatik izan dira, eta ondorio larriak izan dituzte, ibilgailuetan eta garraio azpiegituretako elementuetan kalte materialei eragin baitiete eta, ondorioz, garraio zerbitzuak emateari. Halaber, kalte pertsonalak eragin dituzte, eta «pertsonak intoxikatu egin dira».

Gogoratu duenez, azken hilabeteotan nazioarteko hainbat garraio agintarik debekatu egin dute patinete elektrikoak autobus, tren eta metroetara sartzea. Duela gutxi, Metro Bilbaok eta Euskotrenek erabaki bera hartu zuten, eurek egindako azterlan batetik abiatuta. Txostenak patinete eta monoziklo elektrikoen segurtasuna aztertzen du, eta ondorioztatu ezin dela horrelako mugikortasun elementuekin bidaiatu, bateria elektrikoek eztanda egiteko arriskua baitute. Bizkaian ere berriki ezarri dute debekua Bilbobus eta Bizkaibuseko autobusetan, baita errepideko herri arteko bidaiarien garraio zerbitzuaren A-3700 Bilbao/Gasteiz emakidan ere

Horrela, eta kontuan hartuta patineteak eta monoziklo elektrikoak erabiltzea «arriskutsua dela erabiltzaileentzat zein ibilgailuentzat», Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak debekatu egingo du otsailaren 5etik aurrera mugikortasun pertsonaleko elementu horiek Alavabus eta eskualdeko garraioan sartzea. Debekuak Alavabuseko eta eskualdeko garraio linea guztiei eragingo die, Okina eta Gasteiz arteko eta Artziniegako hurbiltze zerbitzuak barne.