Iraitz Mateo
Donostia

Herria eraikitzeko, herria entzun eta bozgorailua izan behar duelako

Urte guztietan hauetan bidaide izandako lagunak elkartu ziren atzo Donostian.
Urte guztietan hauetan bidaide izandako lagunak elkartu ziren atzo Donostian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ospakizunetara ohituta ez dagoen herria omen da gurea, hitz onak ere gutxiegi esaten ote ditugun; baina ospatzeko motiboak badaudenean, ospatzen ere jakin egin behar izaten da. Atzo egun horietako bat izan zen, hitz onak gailentzen diren ekitaldi horietakoa. Akaso batzuk lotsagorrituko ziren loreekin, baina herri bati egindako ekarpena ez da gauerdiko ahuntzaren eztula. Berrehun lagunetik gora elkartu ziren GARAren Donostiako erredakzio nagusian, bidelagun zahar eta berriak; batzuk sorreratik izan ziren bidelagunak, beste batzuek jaio zirenetik ezagutu dute GARA etxeko mahai gainean. Nolanahi dela, denek sentitzen dute komunitate baten parte direla, ez hartzaileak soilik, eta hori atzo bezalako egunetan berresten da.

Galdera bat egin genien hurbildutako bidelagunei, «Zein ekarpen egin dio GARAk azken 25 urteetan Euskal Herriari?». Irakurleak adina erantzun izan zitezkeen. Lerrootan bildu ditugu horietako zenbait.

25 urte, eta gehiagorako bidea

Pablo Gorostiagak “Egin”en garaitik ezagutzen du egunkari hau, ongi ezagutu gainera. Eta sorrera garaiaren inguruan galdetuta, hori nabarmendu zuen, aurrera egiteko grina eta gaitasuna: «‘Egin’en itxieraren ondoren, GARAren sorrerak erakutsi zuen beti bezain bizirik geundela. Zigor gogorra izan zen, baina lanerako bide bat ireki zen GARArekin, eta borrokarako ere bai, egun ezker abertzalea urratzen ari den bidean».

Egungo harpideduna da Garikoitz Mancisidor; 25 urteko perspektiban ezin erantzunik eman, berak ere ez baititu oraindik bete, baina bere ikuspegia azaldu zuen: «Nik ez ditut 25 urte, eta uste dut Euskal Herrian proiektu gutxik izango dituela 25 urte. GARA bizirik mantentzeko gai izan da traba guztien gainetik. Orain etorkizuna irudikatzeko gaitasuna du. Gazteok baliabide gutxi ditugu etorkizuna irudikatzeko, eta aukera ematen digu hausnartzeko, pentsatzeko eta formatzeko».

Herria eta langintza

Maddalen Iriarteren, EH Bilduko Batzar Nagusietako bozeramailearen hitzetan «ekarpen asko eta anitzak» egin dizkio GARAk Euskal Herriari urte hauetan guztietan. Herrigintzan ez ezik, kazetaritzan ere aditua da Iriarte, eta bi ikuspegiak izan ditu presente: «Alde batetik, bere tokitik herri hau eraiki du; bestetik, oso garrantzitsua den lanbide bati zentzua eman dio, ze kazetaritza independentea egitea ez da batere erraza. Hain zuzen ere, Iñaki Sotok esan duen bezala, toki batetik egiten da kazetaritza, besterik esatea gezurra esatea delako. Eta herri honen eraikuntzarako eta herri honen askatasunerako kazetaritza egitea herri hau eraikitzeko modu bat da».

Komunitate baten ahotsa esparru zabalean

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politiken sailburu Bingen Zupiria ere atzoko festan izan zen. Haren ustez, Euskal Herrian hedabideen eskaintza anitza izatea da garrantzitsua. «Uste dut GARAk komunitate politiko baten ikuspegia, iritzia eta bere ekarpenarekin osatzen du gizartean iritzi, informazio eta ikuspegi aniztasuna. Eta uste dut zorionekoak garela, ikuspegi oso ezberdinak eskaintzen dituzten hedabide zabalak ditugulako».

Ardatz zaharrak eta berriak presente

«Nire ustez GARA bezalako proiektuak ezinbestekoak dira, langile ikuspegitik dinamika sozialei ematen dien hauspoarengatik, batetik. Bestetik, herri ikuspegitik, independentista garenon aldetik, herri bezala egiten duen ekarpenarengatik, eta orokorrean duen ikuskerarengatik, eraldaketa sozial eta burujabetzaren ikuspegia izaten duelako», horiek izan ziren Garbiñe Aranburu, LABeko Idazkari Nagusiaren hitzak GARAren ekarpenaz galdetutakoan. Eta ondoren, orainaldiari eta etorkizunari begira jartzeko tartea ere hartu zuen, iraganean gertatutakoak ahaztu eta atzean utzi gabe: «Ekarpena ere egin du, azken aldian, bestelako ardatz batzuetan fokua jartzen; feminismoan, esate baterako. Gaur egun ezinbesteko proiektua da GARArena, nire ustez. Gainera, gogora ekarri beharra dago nola sortu zen, zein baldintzapenekin eta nolako zailtasunei aurre egin dion. Horrelaxe jarraitu dezala beste hainbat urtetan».