Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea
Elkarrizketa
Patxi Juaristi Larrinaga
Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuko presidentea

«Herri txikiegia gara, minutu batez lo gelditzeko; etengabe jardun behar da»

Ia bi urteko lanaren ondoren, jendaurrean aurkeztu zuen Patxi Juaristik Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua, Ana Urkizarekin batera. Urrian Gasteizen izango den kongresu horren antolatzaile nagusi eta lehendakaria da Juaristi, eta haren edukien eta helburuen infuguruan hitz egin du NAIZen.

Patxi Juaristi.
Patxi Juaristi. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Urriaren 2, 3 eta 4an, ‘Elkartzen gaituena’ lelopean, Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresua hartuko du Gasteizko Europa Biltzar Jauregiak. Hitzordu horren edukien eta helburuen berri eman zuten han erakunde horretako lehendakari Ana Urkizak eta Kongresuko lehendakari Patxi Juaristik.

Hiru ardatz izango ditu kongresuak: ‘Eredu sozioekonomiko berria eta ongizatearen gizartea’, ‘Jendartea’ eta ‘Lurraldea’. Helburu nagusia izango du jendartearen eta lurraldearen kohesiorako herri itun bat proposatzea. Horretaz guztiaz mintzo da Patxi Juaristi lerro hauetan.

Zergatik da garrantzitsua kongresu hau?

Garrantzitsua da jendarteari buruz hitz egitea; kulturaz, nortasunaz, herri txiki-handiei buruz. Garrantzitsua da gure ongizateari, garapen ekonomikoari eta enpleguari buruz hitz egitea eta garrantzitsua lurraldetasunari buruz hitz egitea. Muga ere erronka bat da; gu ere Europa mailan lurraldeari lotuta dauden gatazka horietan gaude, eztabaida horietan, eta hona ekartzea eta horren inguruan zer dagoen eta zer aukera sortzen zaigun aztertzea ere garrantzitsua da: erronkak, oztopoak, gatazkak eta aukerak.

Herri itun bat lortzeko proposamenak landuko dituzue.

Bai. Azken batean herri itunaren ideia dago oinarrian, eta akordio gisa ulertzen dugu. Akordioak behar ditugu Euskal Herrian arlo guztietan, hiru ardatz horien inguruan eta elkartzen gaituen horretan oinarrituta. Gauza batzuek elkartzen gaituzte, Euskal Herria, lurraldea, Iparraldea, Hegoaldea, hiriak eta herri txikiak, edo desberdintasun sozioekonomikoak dituztenak...

Gizartea eraldatzeko akordioa proposatzea ez da edonolako helburua.

Argi daukagu kongresu hau noraino heldu daitekeen, guk proposamenak egingo ditugu. Aurrera begira hor erronka batzuk ditugula ikusten dugu. Mundua aldatu egin da, Europa, Euskal Herria aldatu egin dira eta erronka horiei erantzuteko proposamen batzuk egin eta horiek sozializatzen saiatuko gara, erabakiak hartu behar dituztenengan eragiteko. Guk ez dugu politikarik egingo, Eusko Ikaskuntza gizarte zibila da, eta gogoeta egingo du proposamenak egiteko. Proposamen baliotsuak izatea nahi dugu, eragiteko.

Lehenengo egunean eredu sozioekonomikoa eta ongizatea aztergai izango dituzue. 

Garapen ekonomikoari buruz hitz egin behar dugu, zer-nolako garapen mota nahi dugun, edo ongizateari buruz, edo enpleguari buruz... Arlo horretan jorratu behar ditugun hainbat gai daude, beti ere lurraldetasunaren ikuspuntutik eta belaunaldi desberdinen ikuspuntutik kontuan hartzekoak.

Ongizate eredu honi eutsi ala beste bat sortzen saiatu?

Gure gizartea aldatzen ari da, orain arteko eredu hori baliagarria izan da, bere akats guztiekin, emaitza batzuk eman ditu, baina etorkizunera begira ez dakigu balioko digun, edo Euskal Herrirako balioko digun. Orduan, horretara bideratu behar dugu geure gogoeta, gure eredu sozioekonomikoak eta ongizate ereduak nolakoak izan behar duten.

Izan ere, zuen egiteko bat beharrak aztertzea da, ezta?

Bai, dauden erronkak, beharrak, etorkizunera begira gizarte zibilak zer ikusten duen, gogoeta egin eta gizarteratu, etorkizunera begira egingo diren politika publikoetan edo hartuko diren erabakietan ahal den neurrian eragiteko.

Kongresuaren bigarren egunean lau ikerketaren berri emango duzue.
Bai. Eusko Ikaskuntzak bere ikerketak ditu, eta hauek potenteak dira, jende asko mugitu dutenak. Adibidez, euskal nortasunaren gainekoan orotara ia berrehun pertsona mugitu ditugu, narrazioak egin dituztenak, sakoneko elkarrizketak egin dizkiegunak, mintegietan parte hartu dutenak... Kongresuan ondorioak agertuko dira.

Guztiekiko lankidetzarako prest zaudetela diozue.

Eta ez da erraza. Guk argi daukagu nola antolatu dugun kongresua. Denek parte hartzeko moduan, era kolaboratiboan. Bai gaiak zehaztean, bai programa tentatibo hori egitean, askotariko ikuspuntuak biltzen saiatu gara, baita babestuko gaituzten erakundeenak ere. Abiapuntutik saiatu gara aniztasun hori lortzen, eta nahiko genukeena da gure kongresura erakartzea eragile guztiak, akademiatik gai honetaz arduratuta dagoen herritarreraino, erakundeak, eragileak, gizarte zibila.

Kohesioa du erreferentzia zuen leloak, eta aniztasuna nabarmendu duzue; kohesioa ez dela homogeneizazioa argi utzita, beraz.

Hori da. Kohesioa zer zentzutan? Adibidez, euskal nortasunaren inguruko ikerketan ikusten ari gara gure gizartea gero eta anitzagoa dela, gero eta etorkin gehiago datoz eta gehiago etorriko dira. Gure galdera da euskal nortasunak nolakoa izan behar duen, edo zer-nolako mezuak bidali behar dituen, zer egin behar duen kanpotik datozen horiek ere sartzeko. Hain zuzen ere, aniztasun hori onartuta, hori ez dadin izan desegituraketarako, desorekak edo banaketak sortzeko, ez ghettoak sortzeko, elkarren aurkako nortasunak sortzeko. Kontrakoa baizik.

Integratzeko.

Hori da kontzeptua, ikerketa horretan hori da behin eta berriz erabiltzen den hitza, integrazioa. Nola integratu behar dituen etortzen direnak euskal nortasunak, zer eskaini behar dien, edo hemengo jendeari. Hori da ikerketaren galdera, baina baita kongresuarena ere.

Duela 106 urte sortu zen Eusko Ikaskuntza. Orduan, baita duela mende erdia ere, pentsaezina izango zen gaurko egoera. Hala ere, oraingo erronkak ez dira makalak.

1918tik Euskal Herriari buruzko ardura handia dago kongresu guztietan. Eusko Ikaskuntzak apustu handiak egin zituen bere garaian; esate baterako, Euskal Unibertsitatearen alde Errepublika garaian, edo euskal hezkuntzaren aldeko proposamen pila bat ere egin zuen, eta gaur egun, bere muga eta oztopoekin, badaukagu euskal hezkuntza bat. Ibilbide bat egin dugu, baina ikusita zer testuinguru daukagun, mundua nolakoa den, gero eta homogeneizatuagoa, euskararekin eta euskal kulturarekin, eredu sozioekonomikoarekin dauzkagun zalantzak... Uste dut prestatu behar dugula, herri txikia gara eta.

Etorkizunari buruzko gogoeta egiten ez badugu, olatuak harrapa gaitzan arrisku handia daukagu, eta kohesioak indartuko gaitu. Etengabe egon behar dugu horren inguruan hitz egiten eta pentsatzen. Herri txikiegia gara, minutu batez lo gelditzeko.