Alaia Sierra

‘Arrabioen gerra’ eta ‘Independentzien eguzkiak’ euskaratu dituzte Navarrok eta Jakak

Erein eta Igela argitaletxeen Literatura Unibertsala bildumaren 187. eta 188. lanak argitaratu berri dituzte, Karel Capek-en ‘Arrabioen gerra’, Koro Navarrok itzulita, eta Ahmadou Kouroumaren ‘Independentzien eguzkiak’, Aiora Jakak euskarara ekarria.

Aiora Jaka eta Koro Navarro, itzuli berri dituzten lanekin.
Aiora Jaka eta Koro Navarro, itzuli berri dituzten lanekin. (Jon URBE | FOKU)

Karel Capek txekiarraren ‘Arrabioen gerra’ liburua eta Boli Kostako Ahmadou Koroumaren ‘Independentzien eguzkiak’ lana euskaratu dituzte Koro Navarrok eta Aiora Jakak, hurrenez hurren. Erein eta Igela argitaletxeen Literatura Unibertsala bildumaren parte dira, 187. eta 188. zenbakiak.

Astearte honetan Donostian egindako aurkezpenean Manu Lopez Gaseni EIZIE itzultzaileen elkartearen lehendakariak laudatu duenez, Literatura Unibertsala bildumako liburuak aurkeztea «beti festa bat da». Bidean dauden beste hainbatekin eta esleitu behar diren hiru itzulpenekin bildumaren aroari amaiera emango diote.

Koro Navarrok berak itzulitako Capek-en lana nahiz Jakak itzulitakoa «bestsellerak izatea merezi» dutela adierazi du, biak «zoragarriak direlako» nahiz eta «guretzat nahiko ezezagunak» izan.

‘Arrabioen gerra’, estilo-nahaste satirikoa

Jatorriz txekieraz idatzitako ‘Arrabioen gerra’ euskaratu du Navarrok. Poloniatik oso gertu jaiotako Karel Capek idazlearen lana. 1936an argitaratu zen lehenengoz eta Txekiar Errepublikan eskoletan ezinbestekoa den oso lan ezaguna bihurtu dela azaldu du itzultzaileak, baina hemen ez, «gortina baten atzean bizi izan garelako».

Sudeteetako herri batean jaio zen Capek, naziak iritsi baino lehendik ere alemaniera nagusi zen tokia. Egoera horretan, idazleak, antifaxista eta abertzalea, txekiera bultzatu zuen, bereziki itzulpenen bidez, Navarrok nabarmendu duenez. ‘Robot’ hitzaren asmatzailea da eta orain euskaraz argitaratutakoa bere azken lana izan zen: 1938an hil zen, nazien heriotza zigorra ezarrita zeukan arren.

Surrealismoa eta umorea nabarmentzen diren arren, estilo eta genero desberdinak lantzen dira liburuan, ataletan banatuta dago eta. Itzultzailearentzat aldaketa hau «oso polita» da eta itzulpen lanetan «primeran» pasatu duela aitortu du. Gainera, ‘Zibilizazioaren aldiak’ atala «irakurri behar» dela nabarmendu du, «jeniala» delakoan.

Navarrok ingelesetik eta frantsesetik itzuli du lan hau eta itzulpen automatikoa «lagun» izan duela onartzen du, itzulpenen artean topatu dituen desberdintasunak argitzeko.

‘Independentzien eguzkiak’, poskolonialismoa Afrikatik

Europako edo Ameriketako lanez gain Afrikakoak ere euskaratzeko helburuarekin sartu dute Ahmadou Kouroumaren ‘Independentzien eguzkiak’ Literatura Unibertsala bilduman, argitu du Inazio Mujika, Erein eta Igela argitaletxeen ordezkariak.

Bildumarako beste behin lan egin duen Aiora Jakari egokitu zaio euskaratzea. Frantsesez idatzitako liburua den arren, «malinkeraz pentsatutakoa» dela azaldu du Mujikak, etnia horretakoa baitzen Korouma, Boli Kostan jaiotakoa.

1968an argitaratu zen lehenengoz, baina Estatu frantsesean ez zuten onartu. Afrikako garai poskolonialean kokatutako istorioa da, kolonialismoari eta kolonialismoaren ondoko erregimenei kritika egiten diena.

Porrot egin duen printze baten ikuspuntutik kontatzen da istorioa eta negozio askatasuna, antzutasuna edo leinuaren iraungitzea dira jorratzen diren gaietako batzuk. 3. eta 4. kapituloetan, gainera, emakumearen egoeraren kritika egiten da, emaztearen bidez.

Hala ere, Capek-enean bezala, satira eta parodia dira nagusi, beraz, «irribarre batekin irakurtzen da», Jakaren ustez. Eguzkia elementu garrantzitsua da eta askotan pertsonifikatzen da, azaldu du Jakak. Izan ere, malinkeraz ‘eguzki’ hitzak ‘egun’, ‘aro’ edo ‘garai’ ere esan nahi du.

Animali eta landare exotikoekin lotutako atsotitzak eta frantsesezko hizkera klasikoa ez erabiltzea oztopo izan dira itzultzailearen lanean, eta euskarazko sintaxia moldatu behar izan du batzutan. Dena den, «gustora irakurtzen den liburua da».