NAIZ

A69 autopista salatzeko Okzitanian martxan den mugimendura batu da Greta Thunberg

Laborantza lurren galera salatzearekin batera biodibertsitatearentzat guztiz kaltegarria delakoan Okzitaniako Tolosa eta Castres hiriak A69 autobidearen bidez lotzeko egitasmoari aurre egiteko sortu den mugimenduarekin bat egin du, gaur, Greta Thunberg ekintzaile suediarrak.

Greta Thunberg, zapi palestinarra lepoan, gaur goizean A69 autobia salatzeko Tarn eskualdean antolaturiko martxan.
Greta Thunberg, zapi palestinarra lepoan, gaur goizean A69 autobia salatzeko Tarn eskualdean antolaturiko martxan. (Lionel BONAVENTURE | AFP)

Laborantza lurren galera salatzearekin batera biodibertsitatearentzat guztiz kaltegarria izanen delako A69 autobidearen aurka mugimendu herritar eta ekologista indartsua dago Okzitanian.

Obra gelditzea eta azpiegituraren gainean kontsulta bat egin dezala eskatzeko hamabi bat lagunek protestari ekin zioten, joan zen irailean, Parisen.

Horietako hiru ekintzailek egarri grebari ekin ondoren, besteak beste Soulevement de la Terre mugimenduak babesten duen mugimenduak jauzia eman zuen.

Izan ere, frantses Gobernuak azpiegitura hori beharrezkotzat jo ondoren egitasmoa «bururaino eramateko asmoa» jakinazazi zuen joan zen urriaren 16an.

Erabakiak ez du, ordea, mugimendu ekologista kikildu.

Eurite eta haize boladen gaineko aurreikuspenei buru eginez, Tarn eskualdean mobilizazio berria burutzen ari dira asteburu honetan.

Tolosatik Castres azkarrago joan ahal izateko aitzakiaz eraiki nahi duten autobidea salatzeko orduan bidelagun berria topatu dute okzitandarrek.

Hala, ekologistek baso eremu batean kanpamendua altxatu duten bitartean mugimendu horretara sostengu ekartzera heldu da eplanetaren aldeko beste hamaika ekintzetan parte hartu duen Greta Thunberg gazte suediarra.

Castres hiritik gertu dagoen Saix herrian antolatu den mobilizazioan parte hartzeko heldu den nazioarteko delegaritzaren partaide da Thunberg.

Klima aldaketaren aurkako ikono bilakatu zuten gaztea zapi palestinarra lepoan eta euriari egiteko arroparekin babesturik azaldu da manifestarien artean.

Protestaren antolaketan jardun duen No Macadam kolektiboak nabarmendu duenesz Greta Thunbergen presentzia lagungarria izanen da «gatazka honen dimentsioa nazio eta nazioarte mailara eramateko eta frantses agintarien burugogorkeriari begibistan uzteko».

Eguraldiak ez badu laguntzen ere, «A9 stop» mezua hedatzeko asmoz mila bat lagun espero dituzte asteburu honetan Tarn eskualdean.

Hitzaldiak eta kontzertuak antolatu dituzte, besteak beste, azpiegitura hori bertan behera uztea galdetzeko.

Prefeturaren mehatxupean bada ere, akanpada aurrera

Segurtasun publikoarentzat arriskua sortuko lukeelakoan Prefeturak ekimena debekatzeko mehatxua plazaratu du.

Izan ere, militante ekologistek argiki azaldu dute lur eremu pribatu horren jabearen baimena jaso dutela akanpada aurrera eramateko.

ZAD edo erresistentzia gunea egonkortzeko prest ez dela jakitera eman du, ordea, estatu deñegaritzak.

Ostiralean bi lagun atzeman zituen Poliziak bidea trabatzeko barrikadak ezarri ondoren.

Gaur, goizean, berriz, Tolosa eta Castres artean, trenaren zerbitzua oztopatzeko xedez ekintza bat egin dutela hainbat manifestarik jakitera eman du AFP agentziak.