Jon Ormazabal

Zabalak arrazoia eman dio Altunari indar erakustaldi batekin (12-22)

Bilbon ere behar handiagoa zuten Peña-Albisuk erraz antzean (22-10) irabazi diete Peio Etxeberria eta Zabaletaren ordez aritu den Erostarberi.

Javier Zabalak epelak eman dizkio pilotari Iruñean.
Javier Zabalak epelak eman dizkio pilotari Iruñean. (Iñigo URIZ/FOKU)

«Nik larunbatean emango nukeena baino maila hobeagoa emango du Zabalak, ni oraintxe bertan ez naiz gai partida on bat jokatzeko eta Javi bai», adierazi zuen asteartean Jokin Altunak Tolosan, gaur jokatzeari uko egin zionean eta errioxarrak amezketarrari arrazoi eman dio Labriten sekulako indar erakustaldi bat emanda. Txapelketan izan duen hirugarren aukeran ere protagonista izan nahi izan du Logroñokoak, pilota ezker-eskuin, botez eta sotamanoz, ikaragarri gozatu du –Martijak baino 49 pilotakada gehiago jo ditu– eta aspaldi inork ez bezala atzeratu ditu gehiegizko botea –hori ere esan beharra dago– zuten pilotak, Iñaki Artola eta Ander Imazen bolada ikusgarria eteteko.

Bilbon ere izan da bote gehitxo hartu duen pilotarik, Erostarbe jarri ezinda ibili da denbora luzez, eta honek ere asko itxusitu du partida eta Peña-Albisuk erraz eskuratu dute play-offean sartzeko behar zuten puntua. Esan genezake, gaurko jardunaldian nabarmen nabaritu dela bikote batzuen beharra askoz ere handiagoa zela eta inkontzienteki izan bada ere, Artola-Imazek eta Peio Etxeberriak hurrengo astean elkarren aurka jokatu beharreko partidan dutela burua. Gaurko bi irabazleek ere, oraindik ez dakigu Altunarekin edo gabe, asteartean jokatu beharko dute elkarren aurka laugarren postua eskuratzearren, baina Aspekoek nahikoak izan ditzakete bederatzi tanto.

Sartu dituen erreboteetako asko zalantzan jartzekoak diren arren, zazpian botea jotako pilotek errazegi hartzen zuten atzeko pareterako bidea, ezbairik gabe, Javier Zabala izan da arratsaldeko protagonista. Aurrez jokatutako bi partidetan maila ona erakutsi bazuen, gaur gaitzeko erakustaldia eman du, pilota guztiak ikaragarri gozatuz. Testuinguruak arras desberdinak izanda, errioxarraren hasierak tarteka 2016ko Aimar Olaziolaren aurkako Iker Irribarria hura ekarri dute gogora, pilota eskuetatik zein erraz eta zein abiaduran irteten zaion ikusita.

Logroñokoak epelak emanda, 6-0 aurreratu dira Aspekoak eta Artola-Imazek erreakzio on bat izan duten arren (6-5 gerturatu dira), erraz nagusitu dira Zabala eta Martija beste behin oso bizi baten ahalaren aurrean. Euren burua azkeneraino borrokatzeko mentalizatuta etorri arren, gipuzkoarrak ez dira gai izan orain arte erakutsitako lehiakortasunari eusteko eta oso bikote biguna izan dira, datorren asteburuan datorkiena burutik kendu ezinda. Materialarekin oso haserre eta aurkari handi batzuen aurka, partidatik irten dira eta misterio gutxiko partida izan da Labritekoa.

FITXA TEKNIKOA:

Artola-Imaz: 12

Zabala-Martija: 22

Pilotakadak: 439. Iraupena: 52,44 minutu. Markagailua: 0-6, 5-6, 5-11, 6-14, 7-14, 7-15, 8-15, 8-20, 10-20, 10-21, 12-21, 1-22. Sakeak: 2 Artolak eta 3 Zabalak. Egindakoak: 4 Artolak, 0 Imazek, 10 Zabalak eta 2 Martijak. Galdutakoak: 4 Artolak, 3 Imazek, 5 Zabalak eta 1 Martijak. Gorabeherak: Sarrera eta giro bikaina beste astebetez Iruñeko Labriten.

Peña-Albisuren beharra nagusitu da Bilbon

Bilbon ere beharrik handiena zuen bikoteak eraman du puntua eta Peña-Albisuk play-offean egoteko beharrezkoa zutena eskuratu dute Peio Etxeberria eta Zabaletaren ordez aritu de Xabi Erostarberen aurka 22-10 irabazita. Azkenaldian bigarren mailako partidetan izandako hobekuntzaren ostean, lehen mailakoetan bere burua aztertzeko gogoa zuen urretxuarrak eta jauzia handia dela ikasi du lehen aldiz Albisuren aurka jokatuta. Ataundarra maila onean ari da azkenaldian, gaur apenas egin du akatsik eta, gainera, bote ikaragarria hartu duten pilota bati jarri ezinik aritu da Erostarbe, gorriei lanak dezente erraztuz.

Hirunako berdinketara arte eutsi diote partidari Peio Etxeberriak eta Erostarbek, baina hor jo dute lehen kolpea Baikokoek bost tanto segidan lortuta eta hortik aurrera erraz kudeatu eta handitu dute hartutako alde hori. Jon Ander Peña gaurkoan pazientziaz aritu da, aukerako pilotak izango zituela ikusi du, itxoiten jakin izan die eta oso partida serioa jokatu du. Peio Etxeberriak, bere aldetik, apenas izan du jokoan sartzeko aukerarik eta ez du bere bikoteak aukerak izateko behar zuten protagonismorik izan.

FITXA TEKNIKOA:

Peña III.a-Albisu: 22

Peio Etxeberria-Erostarbe: 10

Pilotakadak: 463. Iraupena: 54 minutu. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-3, 8-3, 8-5, 10-5, 10-6, 12-6, 12-7, 18-7, 18-8, 20-8, 20-10, 22-10. Sakeak: 5 Peña III.ak eta 1 Peio Etxeberriak. Egindakoak: 6 Peña III.ak, 4 Albisuk, 3 Peio Etxeberriak eta 1 Erostarbek. Galdutakoak: 2 Peña III.ak, 3 Albisuk, 3 Peio Etxeberriak eta 4 Erostarbek. Gorabeherak: 250 ikusle inguru Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Dirua nabarmen gorri hasieratik.