Jon Ormazabal

Harakiri tristea osatu dute Joseba Ezkurdiak eta Xabi Tolosak Tafallan (22-10)

Gaurko garaipenarekin Laso-Arangurenek bizirik jarraitzen dute, nahiz eta Elordi-Rezustak geratzen zaizkien bi partidak galtzea behar duten, azkena elkarren arteko lehia izango delarik.

Unai Laso pilota astintzen Ezkurdia alboan duela.
Unai Laso pilota astintzen Ezkurdia alboan duela. (Iñigo URIZ/FOKU)

Etsaiaren eskuetan erori aurretik euren buruaz beste egiteko samuraiek zuten kode etikoa zen harakiriria eta ohore handirik gabeko amaiera tristea eman diote Binakakoari Ezkurdia eta Tolosak gaur Tafallan Laso eta Arangurenen aurka 22-10 galduta. Biziraupenerako lehia zen goraino bete den Eretakoa eta Baikoko bikoteak lortu du bizirik jarraitzea, nahiz epe motzerakoa izan daitekeen aparteko bizi hori, Elordi-Rezustak bihar Tolosan Jaka-Mariezkurrenari irabaziko baliete agur esango lioketelako txapelketari. Hori bai, enpresa kideek esku bat botatzen badiete, mallabitarraren eta bergararraren aurka jokatuko lukete play-offetarako azken txartela datorren igandean Donostian.

Sailkapeneko azken postuan diren bi bikoteen arteko lehia izan da Tafallakoa eta bi bikoteen miseriak, gorrienak gehiago, nahiko agerian geratu dira partidaren lehen zati gogor bezain aspergarrian. Atzelarietako inor ez da aurkaria hausteko gai izan eta bi aurrelariengan ere ageriak izan dira tantoak amaitzeko dituzten gabeziak. 300 pilotakada inguru gurutzatuta heldu dira zazpinako berdinketara, partidako azkeneko besarkadara, eta ordurako tanto bana zuten amaituta bikotearen oinarri behar duten Ezkurdiak eta Lasok.

Ez da saiatu ez izanagatik, gaur ere eskuin boleaz eta Lasori oinak bilatzen jardun du arbizuarrak, baina ezker airez tantorik amaitu ezinik jarraitzen du eta inspirazio apurrik topatu gabe agurtuko du denboraldiko txapelketarik luzeena sakandarrak. Etsipenak jota, zurrunbilo batean sartua ematen du eta gaur ere desesperazio zantzuak ikusi dizkiogu, esaterako eskumuturretakoak kendu eta harrika bota dituenean.

Tolosaren txakalaldia

Partida era horretan gogortzeak ere ez die inolako mesederik egin Binakakoaren lehen kanporatuei, azken egunetan sukarrak jota egon den Xabi Tolosak nabarmen egin duelako behera partidaren bigarren erdian. Ondo ekin dio anoetarrak partidari, pilota ondo atzeratuz eta tarteka Arangureni bizkarra erakutsiz, baina nekeak jota txakalaldi handi xamar bat izan du, aurkariei gauzak asko erraztuz.

Unai Laso izan da horri etekinik handiena atera diona, aukerako pilota dezente izan eta tantoak errazago amaitu baititu. Bizkarretakoari asko kostatzen ari zaio ebakuntzaren aurreko maila hartzea, sotamanoz eta ari da pixkanaka tantoaren erritmoa aldatzeko gaitasun hori berreskuratzen, baina tantoa amaitzerakoan oraindik bikaintasunetik urrun dabil.

Bi astez txapelketatik at egon ostean, Aitor Arangurenek itzulera erosoa izan du. Partida hasieran huts batzuk pilatu dituen arren, azkenerako asko txukundu du bere jarduna, pilota zail asko eramanaz eta bi tanto eder ere utzi ditu, batez ere 8-10koan zabalean utzitako dejada dotorea.

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia-Tolosa: 10

Laso-Aranguren: 22

Pilotakadak: 588. Iraupena: 79,30 minutu. Markagailua: 0-2, 2-2, 2-4, 5-4, 5-5, 7-5, 7-9, 8-9, 8-13, 9-13, 9-19, 10-19, 10-22. Sakeak: 1 Ezkurdiak eta 2 Lasok. Egindakoak: 3 Ezkurdiak, 0 Tolosak, 7 Lasok eta 2 Arangurenek. Galdutakoak: 7 Ezkurdiak, 4 Tolosak, 2 Lasok eta 4 Arangurenek. Gorabeherak: Sarrera eta giro bikaina Tafallako Ereta pilotalekuan, 600 lagun inguru. Lehen sakea urdin.

Jokin Altunak ez du asteartean Tolosan jokatuko

Azkeneko bi jardunaldietan horren lan ona egin duen Javi Zabalak beste aukera on bat izango du bihar Tolosan, hirugarren astez jarraian Jokin Altunaren tokia bete beharko baitu ligaxkako azken jardunaldia irekiko duen partidan. Amezketarrak gaur proba berri bat egin du bere herriko Larrunarri pilotalekuan Jokin Etxaniz Aspeko zuzendari teknikoaren begiradapean eta ezker esku horrek hobekuntza nabarmena izan duen arren, ez du bere burua Peña eta Albisuren aurka jokatzeko prest ikusi.

Partida garrantzitsua da bi bikoteentzat Tolosako inauterien barruan jokatuko dena, txapelketa laugarren postuan amaitzea izango baitute biek jokoan, baina kontuan izan behar da Aspekoek nahikoak izan ditzaketela 10 tanto play-offean abantaila emango liekeen laugarren postu hori eskuratzeko.