Ion Salgado

Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioa eratu dute, biktimen presentziarik gabeko ekitaldian

Lakuako Gobernua, Arabako Aldundia, Gasteizko Udala eta Apezpikutzak eratu dute ostegun honetan Martxoak 3 Memoriagunea Fundazioa. Notario batean izan dira erakundeetako ordezkariak, komunikabideentzat ateak itxita izan dituen ekitaldi barean. Biktimak ere ez dira egon.

Fundazioa eratu dute ostegun honetan patronatuan parte hartzen duten erakundeek.
Fundazioa eratu dute ostegun honetan patronatuan parte hartzen duten erakundeek. (IREKIA)

Hiru urte luze ondoren, erakundeek eratu dute Martxoaren 3ko Memoriala Fundazioa. Tamalez, erabilitako moduak ez dira bat etorri egun honetako garrantziarekin.

Lakuako Gobernuko ordezkariak, Arabako ahaldun nagusia den Ramiro Gonzalez, Gasteizko alkatea Maider Etxebarria eta Juan Carlos Elizalde, hiriburuko gotzaina, hiriko erdigunean dagoen notario baten bulegoan bildu dira.

Bertara iritsi dira banaka. Lakuatik ohartarazi diete komunikabideei ezin izango zutela barruko argazkirik hartu, ezta galderarik egin ekitaldia amaitzerakoan. Bulegotik atera dira banaka, sartu diren bezala, lau patronoen argazkia saihestuz.  

Hitz egin duen bakarra gotzaina izan da. Honek aitortu du fundazioa eratzeko prozesua «zaila» izan dela, «baina pozik gaude gertatutakoaren memoria objektiboari bidea ireki zaiolako, gertatu ziren tokian bertan, San Frantzisko Elizan, eta berme guztiekin».

Etorkizunari begira, hurrengo urratsak «automatikoak» izango direla azaldu du. Dena den, aitortu duenez, ez dira datak ezarri. Dioenez, lanean arituko dira biktimekin, baina ostegun honetako ekitaldian ez dira egon.

Biktimen haserrea

Polemika duela bi aste sortu zen, fundazioaren eraketa otsailaren 15ean izango zela iragarri zenean. Nahiz eta patronatuan egon, Martxoak 3 eta Memoria Gara elkarteek prentsaren bidez jakin zuten data.

Nerea Martinezek NAIZ Irratian egindako adierazpenetan azaldu zuenez, egoerak «haserre eta harrituta» utzi zituen elkarteko kideak. Hauek sareen bidez salatu zuten erakundeen «errespetu falta».

Egoerak hobera egin zuen hurrengo egunetan, eta asteazken honetan sinatu zen Gogora Institutuaren eta Martxoak 3 Elkartearen arteko hitzarmena, bi urteko atzerapenarekin.

Lakuak ‘Irekia’ webgunearen bitartez zabaldutako ohar batean azaldu zuenez «hitzarmenak ikerketa, dokumentazio eta inbentariatze lanak jasotzen ditu, eta horretarako, Gogora Institutuak 35.000 euro bideratuko ditu».

«Egun historikoa»

Atzo bezala, Gasteizko Gobernuaren webguneak eman du gaurko ekitaldiaren berri. Bertan topatu ahal dira gainerako komunikabideei ukatutako argazkiak eta adierazpenak.

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzetan «egun historikoa» izan da gaurkoa.

«Martxoak 3 Memoriagunea errealitate bihurtzeko oinarri irmo eta sendoa jartzen dugulako; gaur ez da iraganera begiratzeko eguna, etorkizunari begiratzeko eguna da, Martxoak 3 Memoriagunearen lehenengo eguna da gaurkoa», gaineratu du.

Poliziaren sarraskiaren biktimek espero dute etorkizunari begira parte hartzea bermatzea guztion artean Gasteizko Zaramaga auzoan izango den memoriagunea eraikitzeko.