Etxeberria-Zabaleta finalerdietan dira Artola-Imazi 14-22 irabazi ondoren

Aspekoak 1-8 aurreratu dira lehen tantoetan, eta hortik aurrera aldeari ongi eutsi diote partida borrokatu eta ikusgarrian. Lau pilotariek maila ederrean jokatu dute, atzelariek gutxi galduz eta aurrelariek asko amaituz.

Peio Etxeberria, garaipena ospatzen Labriten.
Peio Etxeberria, garaipena ospatzen Labriten. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta Binakako Txapelketaren finalerdietan izango dira, gaur, Labriten, Iñaki Artola eta Ander Imazi ligaxkako partida erabakigarria 14-22 irabazi ondoren. Neurketa borrokatua eta ikusgarria izan da, eta lau pilotariek maila ederrean jokatu dute, atzelariek gutxi galduz eta aurrelariek asko asmatuz.

Peio Etxeberriak 13 tanto egin ditu jokoan, sakez beste bat ere bai, eta pilota bakarra galdu du. Iñaki Artola ere oso zehatz aritu da errematean, 12 izan ditu eginak. Baina aldea galdutakoetan egon da: Etxeberriak pilota bakarra galdu du, Zabaletak bat bera ere ez, eta gorriek 7 izan dituzte galdutakoak, horietatik bost Artolak. Ez dira zenbaki tamalgarriak, baina markagailuan tartetxoa irekitzeko adina bai.

Beraz, Artolak eta Imazek play-offa jokatu beharko dute: lehen partida datorren ostegunean, Tolosan, Altuna eta Martijaren kontra. Irabazten badute finalerdietan izango dira; galduz gero, beste aukera bat izango dute igandean beste kanporaketako irabazlearen aurka.

Hasiera indartsua Peio Etxeberriak

Markagailuko aldea lehen tantoetan ireki da urdinen alde. Peio Etxeberria izan da bereziki indartsu jokatu duena lehen txanpa horretan, errematea azkar bilatuz eta asko asmatuz.

Zabaletak azken asteotan izterrean izan dituen arazoengatik agian, bikotearen zama bere gain hartzea erabaki du eta tantoa azkar amaitzen saiatu da. Eta baita asmatu ere: 0-4ko lehen partzialean aurreneko hiru tanto ikusgarriak berak amaitu ditu, eta 1-8rako sei zituen errematez eginak.

Gorriek, gainera zetorkien erauntsia ikusita, bi atseden gastatu behar izan dituzte lehen tanto horietan, eta behin arnasa hartuta, lortu dute odol-jarioa etetea. Egiari zor, Iñaki Artola izan da enbidoari eutsi eta hiru erremate ikusgarri sinatu dituena 4-8 hurbiltzeko.

Kolpe trukaketa, urdinen mesederako

Hurbildu bai, baina aurrea hartu inoiz ez. Zabaleta bera ere, beste egun batzuetako txinpartarik gabe izan arren, maila bikainean aritu da, oso seguru, eta aurkariek pilotarik galdu ezean zaila izaten da markagailuan horrelako alde handiak iraultzea, are gehiago urdinak 4-11 aurreratu direnean.

Hala ere, zaila da markagailuan emozio handirik gabeko neurketa batean zaleek horrenbeste gozatzea. Defentsa lanean ikusgarri aritu da laukotea, eta erasoan ere bai. Peio Etxeberriak eta Artolak mota guztietako tantoak sinatu dituzte, eta Ander Imaz bera ere ikusi dugu aurrean erremate eder bat egiten: 6-11koa airez txokoan utzita.

Azkenean, 529 pilotakada eta ia 70 minutuko partidan Etxeberria eta Zabaleta izan dira garaile, sari potoloa eskuratuz: zuzenean finalerdietarako sailkapena eta hurrengo asteburuan atseden hartzeko aukera.

Artolak eta Imazek, aldiz, lanean jarraitu beharko dute datorren astean, baina gaurko maila erakutsiz gero ez dute arazorik izango finalerdietako ligaxkara sailkatzeko.

FITXA

Pilotakadak: 529. Partidaren iraupena: 69 minutu eta 17 segundo. Markagailua: 0-4, 1-4, 1-8, 4-8, 4-11, 6-11, 6-13, 7-13, 7-14, 9-14, 9-16, 10-16, 10-18, 12-18, 12-20, 14-20 eta 14-22. Sakez: 1 Peio Etxeberriak. Jokoan eginak: 12 Artolak, 2 Ander Imazek, 13 Peio Etxeberriak eta 1 Zabaletak. Galdutakoak: 5 Artolak, 2 Ander Imazek eta 1 Peio Etxeberriak. Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekua, leporaino beteta. Lehen sakea, gorri.