Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Aritz Erkiagaren beste maisulan bat, Goikoetxearen ‘The last dance’ saioan

Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak irabazi dute Winter Serieseko hirugarren edizioa, finalean Goikoetxea eta Lekerika garaitu ostean (11-15, 6-15). Lehen seta oso estu joan den arren, bigarrenean Ispasterkoa zital aritu da, bere bigarren txapela irabazteko. Goikoetxeak bere azken partida jokatu du.

Ibarluzea eta Erkiaga, Winter Serieseko txapelekin, eta atzean jarraitzaile guztiak.
Ibarluzea eta Erkiaga, Winter Serieseko txapelekin, eta atzean jarraitzaile guztiak. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Kirolak badauka artetik ere. Batzuk beraien elegantziagatik egiten dute distira, beste batzuk indarra ongi maneiatzeagatik; badira estrategiaren bitartez artelan bat atera dezaketenik ere, eta hauekin batera daude Aritz Erkiagaren erakustaldi andana. Igande honetan, Gernika Winter Serieseko finalean, beste maisulan bat osatu du, txapelketa honetan bere bigarren txapela eramateko, bizkarzain Ion Ibarluzea debutaria eduki duela.

Ez da izan edonolako finala eta ez dute eduki edonolako arerioa. Txapelketa hasieran askok faboritotzat jotzen zuten Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerikabeaskoa indartsu iristen ziren finalera, bikote orekatuenaren etiketarekin. Are gehiago, aurrelari zumaiarraren azken partida zen eta, ibilbide profesional loriatsuari beste lorpen bat gehitzeko desioa pil-pilean zegoen. Baina guzti horien gainetik, handi egin da Ispasterkoa eta beste ‘masterclass’ bat eman du, bat gehiago bere ibilbide zabalean.

«Erremate asko eta askotarikoak egiten dituzunean, arerioa aukera guztietara adi egotera behartzen duzu eta horrekin jokatzen ahalegindu naiz. Frontoi hau egokia da errematerako eta dena ondo atera da», azaldu dio NAIZi Erkiagak, jarraitzaileak argazki eske zituela.  

‘Pantera arrosak’, atzetik aurrera

Ion Ibarluzearen pare bat akatsekin hasi da partida, ezker horma konplikatu eta 2-0 aurreratu ziren Goiko eta Lekerika. Hauen estrategia argia zen: atzean jokatzea, Erkiaga jokoz kanpo uztea. Hein handi batean, lortu dute hasieran –Ispasterkoak ere egin du hutsen bat, 3-2koan esaterako– eta une askotan aginte makila eurena izan da. Erkiaga berotzen hasi denean, baina, errukirik gabe aritu da, tantoak hasi eta buka, menderatuz. Hala, estu zegoen markagailua, apurka-apurka ‘pantera arrosen’ alde jausten joan zen.

Lekerikaren dotorezia zazpina berdintzeko ez da errepikatu hurrengo tantoan (7-8) eta Erkiagak, intentzio handiarekin txik-txak eginez –errebotean, lurra eta paretak elkar topatzen diren lekura–, tartea ireki du. Ez da izan tanto soil bat, aurrerago 4-6koa izan zitekeen moduan –9tik, hormabiko zitala–. Txik-txak batek mina ematen du eta Lekerika zein Goiko ukituta utzi ditu.

Erkiaga, jokoan. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Ibarluzearen bila segitzen zuten zumaiarrak eta gernikarrak, eta aurkitu zizkioten hausturak, baina amaierarako, eurenak handiago bilakatu ditu Aritz Erkiagak, tanto askotan bera bakarrik moldatuta. Bi paretak, ezker horman ezkutatutakoak, errebote ingurura botatakoak, txokora, bien tartera... Katalogo guztia erakutsi du Gernika Jai Alai pilotalekuan, goraino beteta, festa giroz. Hala, lehen jokoan, atzetik aurrera eginda, arrosak nagusitu dira (11-15).

Publikoa disfrutatzen zegoen, ez zegoen zalantzarik. ‘Pantera arrosa’ marrazki bizidunen irudiak pankarta eta elastikoetan, honen musika bozgorailuetan, «Unai, Unai, Unai Lekerika» oihuak, “Lauzi”-ren lagunen sufrimendu eta poza, Goikoren distiraren zain, unean unean, gozatzen ari zirenak... Ikuskizun betea izan da baina, egiari zor, emozioa falta izan zaio.

«Helburua beteta»

«Ikuslearentzako agian ez da izan partidarik onena, emozio aldetik behintzat ez du gehiegirik eduki. Guk gure helburua bete behar genuen eta horixe egin dugu», aitortu du Ibarluzeak, txapela soinean, «ametsik onenean ere» sekula horrelakorik bizi izan ez duela.

Bigarren setak ez du misteriorik eduki. Edo bai. Misterio handiena izan da nola desagertu diren dematik Goiko eta Lekerika, desesperatuta, Erkiaga jokotik nola uxatu ezin jakinda. Nahi eta ezin konstante bat, gernikarraren amorrurako. Iaz, txapela lortzetik urrats batera egon zen; aurten finala errepikatu du baina irabaztetik oso urrun geratu da. ‘Lekecrew” osatzen dutenei barkamen keinua egin die partida bukaeran.

Lekerika, barkamen keinua egiten, alboan Goiko duela, irribarretsu. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)

Goikoetxeak ere ez du bere abilezia erakutsi, uzkurtuta egon zen, Erkiagaren erremate zitaletara iristea kostatzen zitzaiola. Horrez gain, hutsegiteak ere pilatu zaizkio –2-6koa agerikoa izan da–. 3-11koarekin, hiru tanto jarraian egin dituzte marroiek baina Erkiagak ez du sustorik nahi izan eta errotik uxatu ditu emoziorako aukera txikienak (6-15).

«Motxila handi bat» kantxan utzi zuela esanaz, «kriston deskantsua hartuta» erretiratzen da Iñaki Osa Goikoetxea, «penarik batere gabe». «Nahiz eta partidan korrontearen kontra ibili, disfrutatzea lortu dut», adierazi dio NAIZi, txapeldunak zoriontzen zituela. Orain, zesta-puntari lotuta, beste bide bat urratzen ikusiko dugu, belaunaldi batentzat jokalari historikoa izan den zumaiarra.

Lekerika eta Goikoetxea, oroigarriarekin, podiumeko bigarren kutxan. (Oskar MATXIN EDESA/FOKU)