NAIZ

Donostiako Aquariumak eskubaloiko Kopako zozketa hartuko du astearte honetan

Bera Bera antolatzaileaz gain, Granollers, Malaga, Elx, Atletico Guardes, Porriño, Valladolid eta Elda arituko dira Illunbeko Donostia Arenan, maiatzaren 10etik 12ra bitartean ospatuko den azken fasean.

2022an bezala, aurten ere Donostiak Kopako azken fasea jasoko du Illunben.
2022an bezala, aurten ere Donostiak Kopako azken fasea jasoko du Illunben. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kopako 45. ediziorako sailkatutako zortzi taldeek –Super Amara Bera Bera antolatzaile gisa, KH7 BM Granollers, Costa del Sol Malaga, Atticgo BM Elche, Mecalia Atletico Guardes, Conservas Orbe Rubensa Porriño, Caja Rural Aula Valladolid eta Elda Prestigio– astearte honetan Donostiako Aquariumean egingo den zozketan ezagutuko dituzte kanporaketak eta azken fasean egingo duten ibilbidea, 2022an bezala, Illunbeko Donostia Arenan ospatuko dena, maiatzaren 10etik 12ra bitartean.

12.30ean hasiko da zozketa, eta bertan izango dira, zortzi taldeetako presidente, entrenatzaile eta jokalariez gain, Francisco Blazquez Espainiako Eskubaloi Federazioko presidentea, Goizane Alvarez Kultura, Gazteria, Kirol eta Lankidetzako foru diputatua eta Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kirol zinegotzia.

Donostian ospatutako 2022ko edizioarekin alderatuta, Conservas Orbe Rubensa Porriño eta Elda Prestigio dira bi nobedadeak, eta aldaketa bat izango du zozketak; izan ere, talde antolatzaileak ezingo du aukeratu koadroaren zein alde nahiago duen, nahiz eta ibilbide osoan lokal gisa jardungo duen. Super Amara Bera Bera eta KH7 Granollers bi zerrendaburuak izango dira, lehenengoa, antolatzaile moduan eta bigarrena Kopako txapeldunorde gisa, aurten antolatzailea eta txapelduna talde bera delako.

Zozketa horren aurretik, kadete mailako taldeek euren lehiaketako koadroa ere ezagutuko dute. Kasu honetan, zortzi taldeak bi multzotan banatuko dira, bakoitzak 20 minutuko hiru partida jokatuko ditu Josean Gasca kiroldegian eta multzo bakoitzeko irabazleek igandean Illunben jokatuko den finalean neurtuko dituzte indarrak, senior finala baino ordu batzuk lehenago.