NAIZ

Behar beste denboran lanari ekiteko prest daude igandean Ogetan jokatu behar duten pilotariak

Urtarrilean Peio Etxeberriak eta Jose Javier Zabaletak 19-22 irabazi zieten Altuna eta Martijari ia ordu eta erdiko demaren ondoren. Ez dute gutxiagorik espero domekan jokatuko den norgehiagoka horri begira, are gehiago aurrean duela bi urte txapeldun atera zen bikotea izango dutelako.

Zuntz haustura txiki bat gainditu ostean, ondo omen dago Jose Javier Zabaleta.
Zuntz haustura txiki bat gainditu ostean, ondo omen dago Jose Javier Zabaleta. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gasteizko Ogeta pilotalekuan elkartu dira asteazken honetan Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta alde batetik, eta Jokin Altuna Julen Martijarekin bestetik, igandean jokatu beharreko final-erdietako ligaxkako aurreneko demari ekiteko. Pilotak aukeratzeko orduan, kexarik ez. «Pilota egokiak dira guztiak ere. Beraienak agian biziagoak gureak baino, baina aitzakiarik gabeak», Etxeberriaren hitzetan. Handik aurrera, aurreneko faseko oroitzapenak eta domekan gerta litekeenaren artean ia aho batez onarturiko gogoeta: «Partida gogorra» izango dela, alegia.

«Ordubete eta piku lanean izateko prest egon behar dugu», ohartarazi du Jose Javier Zabaletak. Etxarrengo atzelariak eskuin izterrean zuntz haustura txiki bat izan du aurreneko faseko azken neurketetan eta hargatik ligaxka bigarren postuan amaitzeagatik final-erdietara zuzenean pasa direlako Etxeberria eta biak, atsedenerako tarte hori ondo baino hobeto etorri omen zaio.

«Atsedena ederki etorri zaigu. Duela gutxi sendagilearekin izan naiz eta hausturatxoa izan bazen, gutxienez orain gauzak ondo daudela konfirmatu dit. Beraz, alde horretatik ere, arazorik ez eta lanerako prest gaude», onartu du Zabaletak.

Altuna eta Martijaren aurka urtarrilaren 14an beren onena eman behar izan zuten Amezketakoa eta Etxeberrikoa 19an lagatzeko. Orotara 86 minutu eta 721 pilotakada behar izan zituzten, tartean Peio Etxeberriaren egun bikain bat aurreko koadroetan. «Antzeko neurketa izango delakoan nago. Altunak eta Martijak sekula ez dute amore ematen eta irabaztekoi luze aritu beharko dugu borrokan», azpimarratu du Zabaletak, bestalde.

Zabaletak bederatzigarren final-erdia jokatuko du Binakako Txapelketa ezberdinetan, azken zazpi aldiak, segidan. Etxarrengoaren eskarmentua ondo baino hobeto etorriko zaio ziurrenik Peio Etxeberriari, lehenengo bider egin beharko dio-eta aurre fase berri honi. Nolanahi, Lau eta Erdikoan bizi izandakoa, finaleraino iritsi zelako, baliagarri izango zaiolakoan azaldu da Zenotzko aurrelaria.

«Honaino duela sei hilabete iritsi izan banintz, akaso eskarmentu faltak eragingo zidan, baina orain, Lau eta Erdiko jokatu ondoren, nahiz eta ezin izan nuen irabazi, behintzat esperientzia hartzeko balio izan dit. Horrez gain, Jose –Zabaleta– beteranoa da kontu hauetan eta txapelketa honetan ederki asko narama. Urduritasuna baino hemen gailentzen dena ilusioa dela esango nuke», aipatu du Etxeberriak.

Lehenengo partidaren pisua

Jokin Altuna eta Julen Martija duela bi urte Binakako Txapeldun atera ziren. Eskarmentua badite, talentuaz gain, eta badakite zertan ari diren, aurkari jotzaileagoak izan arren. Altunak aurreneko faseko sei partida jokatu gabe laga ditu lesioak tarteko. Hargatik, nolabait esan liteke Martijak eraman behar izan duela batik bat bikote honen zama.

«Aukeran beti kantxa barruan egon nahi dut nik. Pilotaria hobeto dago beti entrenatu eta jokatu normal egin dezakeenean, minik eta arazorik gabe. Azken norgehiagoak ederki ikusi nuen nire burua, baina aukeran nahiago hamau partidak jokatu izan banitu zortzi baino», adierazi du Amezketako aurrelariak.

Bere aldetik, Etxeberriko atzelariak oso maila handia eman zuen Urrutikoetxea eta Imazen aurkako norgehiagokan. Atzean nagusi izan zen eta aurrean Altunak airean erabili zuen Zaratamoko aurrelaria. Behin final-erdietarako sailkatuta, Martijak ez du maila hori apaltzeko inongo asmorik, hain ligaxka laburrean, hiru jardunaldi baino izango ez dituelako, hasieratik topera egon behar baita.

Are gehiago, bere aburuz, aurreneko partida honek garrantzia eskerga izango omen du. «Gehienek ligaxkako bigarren partidari ematen diote garrantzia, baina nire ustez, aurrenekoak are handiagoa du. Irabaztea lortzen baduzu, hurrengo neurketak beste konfiantza batekin jokatzen dituzu eta bigarrenean huts eginda ere, hirugarren jardunaldiko aukera ere hor egon ohi da. Hargatik, hemen irabaziz ekin behar zaio ligaxkari. Nola edo hala, irabazi egin behar dugu igandean, beraz. Ondo iristen gara, baina noski, beraiek ere bai», iritzi dio Martijak.