Xabier Izaga

Arabako Bertsolari Txapelketak, 40 urte igarota, hamaseigarren finala jokatuko du

Arabako Bertsolari Txapelketaren hamaseigarren edizioa martxoaren 16an izango da Gasteizko Printzipal Antzokian, Arabako lehenengo txapelketa jokatu zenetik 40 urte igarota. Beteranoen eta gazte(ago)en arteko orekari eutsita eta emakumeen protagonismoa berretsita.

Arabako Txapelketako finalean parte hartuko duten bertsolariak eta, txapela eskuan, Xabi Rico
Arabako Txapelketako finalean parte hartuko duten bertsolariak eta, txapela eskuan, Xabi Rico (Raul BOGAJO | FOKU)

Hamasei bertsolarik parte hartu zuten Arabako lehenbiziko bertsolari txapelketan duela 40 urte, 24k aurtengoan. Horietatik seik jokatuko dute martxoaren 16an Gasteizko Printzipal Antzokian Nieves del Alamo Gilek aurkeztuko duen finala: Aroa Arrizubieta Barredo, Asier Otamendi Alkorta, Iñaki Viñaspre Simon, Manex Agirre Arriolabengoa, Paula Amilburu Izargarai eta azken edizioko txapeldun Peru Abarrategi Sarrionandiak.

Erdiak beteranoak, edo «adintsuagoak», edizio honen aurkezle Patxi Aizpurua txapelketako epaile ere izango denak esan duenez, eta beste hirurak gazteak, baina ez eskarmentu gabeak. Aramaioko bertsolarien presentzia nabarmentzeko modukoa da beste behin ere, aurten duela urte biko lauk barik, hiruk kantatuko badute ere. Emakumeenak ere bermatua dirudi; Oihane Perea iazko finalistak ez du txapelketan parte hartu, baina Paula Amilbururekin batera Aroa Arrizubieta itzuliko da finaleko oholtzara.

Arabako Txapelketa

Txapeldunaren burua janzteko arduraduna Xabi Rico Iturrioz izango da aurten, Arabako lehenengo bertsolarietako bat eta bertso eskolen bultzatzaileetakoa, 1984ko txapelketan parte hartutakoa. Bertsotan ez ezik, irakasle, epaile, gai jartzaile eta antolatzaile lanetan jardun izan du. Horrenbestez, Arabako Bertsozale Elkarteak haren ibilbidea eskertu nahi du aurtengo Txapelketan. 

Aurkezpenean Arabako bertsogintzak egindako bidea gogorarazi du Aizpuruak, 1982an Abel Enbeitaren eskutik Arabako lehenengo bertso eskolak abian jarri zirenetik. Urte bi geroago jokatu zen lurraldeko lehenengo txapelketa, baina 1987tik 2000ra bitartean Araba-Bizkaiko Txapelketan parte hartzen zuten arabarrek; hala ere, 90ko hamarraldian Prudentzio Deuna Estibalizko Ama Bertso Sariketa ere jokatzen zuten. 2000n, azkenik, Arabako bertsolariek beren bidea egitea erabaki eta 2001eko Txapelketa Nagusian ordezkaritza propioa izan zuten.

1993an Arabako Bertsozale Elkartea sortu zen, eta txapelketak eta plazak baino askoz gehiago ere baden bide emankorra egin dute: Araban zehar hainbat bertso eskola daude, ikastetxeetan bertsolaritza lantzen da… eta bertsozaleak ere gero eta gehiago dira.

Bertsozaleak, «gogotsu»

Horren erakusgarri, finalistek orain arteko saioetan izandako bertsozale kopurua nabarmendu dute. Agirrre aramaioarrak esan duenez, «gogotsu» sumatu dute jendea. Hori dela eta, Sarrionandia herri berekoak esa du publiko horri saio polita egitea zor diotela, eta bertsozaleei bezala «bidean geratu direnei» ere.

Horixe du Viñaspre abetxukuarrak ere aurtengo helburu, seien artean «saio on bat» egitea, gozatuz eta gozaraziz. Publikoaren portaera bikaina bueltatu nahi du Amilburu aramaioarrak ere finalean. Txapelketan maila ona sumatu duela esan du, eta aurreko nerbioen ordez, «beste aldarte bat» nahiko lukeela.

Amilburu bezala, bigarren aldiz igoko da Arrizubieta gasteiztarra Printzipaleko oholtzara. Denetan gazteena, baina ez eskarmenturik gabea, ohartarazi du ez dela 2019ko finaleko 17 urteko neska; «gauza berriak aportatzeko» asmoz jardungo du, gazteen ideiak islatuz. 33 urtez bertsotan, Otamendi Urretxuko gasteiztarrak esan du ez dela adintsua, adina pilatutakoa alegia, baizik eta «gaztetsua», gaztetasuna pilatutakoa; ez, ordea, «gaztetxua», Arrizubieta bezala. Pozik agertu da 2008an azken txapela jantzi zuenetik txapelketara itzulita.

Kanporaketetan ikusitakoaren arabera, sarrera ona espero dute Printzipal Antzokian, eta salmentaren gainean eman dituzten datuek hala adierazten dute.