NAIZ

San Pedroko urek jasoko dute larunbat honetan traineruen neguko azken prestaketa estropada

37 ontzik hartuko dute parte San Pedroko XV. Test Estropadan. Proba hiru multzotan banatuko da eta 16.00etan hasiko dira ateratzen ontziak, banaka, erlojupekoa modalitatean.

Oriako Jaitsiera izan zen traineruen azken test garrantzitsua, otsailaren 10ean.
Oriako Jaitsiera izan zen traineruen azken test garrantzitsua, otsailaren 10ean. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Traineruen neguko azken prestaketa estropada antolatu du larunbat honetarako Sanpedrotarra Arraun Elkarteak, San Pedroko XV. Test Estropada. Orotara 37 traineru izango dira badian udara begirako azkenetakoa izan daitekeen entrenamendu saio kolektiboan.

Duela aste batzuk gertatutakoa berriro ez gertatzeko —Hondarribiko Traineru Jaitsiera bertan behera geratu behar izan zen eguraldi txarra eta haizeteengatik–, Sanpedrotarra Arraun Elkarteak bi eremu prestatu ditu. Eguraldia egokia bada, irteera puntua San Pedroko Torrean izango da, eta kanpoko ziaboga bokalearen sarrera itsasorantz pasata.

Emakumeek bi luze eta ziaboga bateko bidea egingo dute, eta gizonek lau luze eta ziaboga bakarrekoa (gizonen barneko ziaboga irteera puntukoa izango da; helmuga ere bertan izango da jarrita, emakume zein gizonentzat).

Eguraldia txarra balitz, kanpoko ziaboga San Pedroko punten inguruan jarriko litzateke, eta barrukoa kaiko Antxoko nasaren parean.

Partaideak hiru multzotan banatu dituzte. Lehenengoan Euskotren (Hibaika, Hondarribia, Donostiarra, Orio, Arraun Lagunak eta Tolosaldea), ETE, KAE2 eta Galiziako Ligako 17 ontzi egongo dira; bigarrenean KAE1 Ligako hamar; eta hirugarrenean Eusko Label Ligako beste hamar (Ondarroa, Kaiku, Isuntza, Getaria, Orio, San Pedro, Donostiarra, Hondarribia, Zierbena eta Bermeo).

Traineruek egindako azken test garrantzitsua Oriako Jaitsiera izan zen, otsailaren 10ean. Bertan, Bermeo, gizonetan, eta Arraun Lagunak, emakumeetan, gailendu ziren.

Denboraldiaurrea, ordea, aste batzuk lehenago hasi zen martxan. Urtarrilaren 28an jokatutako Portugalete-Memorial Luisfer Jaitsieran, Getaria (gizonetan) eta Orio (emakumezkoetan) izan ziren garaileak. Astebete beranduago, Sestaoko Julian Enrique Memorialean, Zierbenak (gizonezkoetan) eta Hondarribiak (emakumezkoetan) irabazi zuten.