Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Urrun dago Oihaneder Euskararen Etxea; Izaskun Arrue Kulturgunea ere, lekutan?

Gasteizko euskalgintzako 13 eragilek eskatu berri dute Izaskun Arrue Kulturgunea abian jartzeko bultzada emateko. Euskaltzaleen topagune horren irekiera behar baino gehiago atzeratzen ari dela salatu dute. 2023ko udaberrirako irekitzekoa zen kulturgunea zabaltzeko datarik gabe dago oraindik.

Oihaneder Euskararen Etxearen aurkezpena, 2014an.
Oihaneder Euskararen Etxearen aurkezpena, 2014an. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gasteizen hiru helburu nagusi beteko zituen gune baten beharra zegoen: hiriko euskaldunentzat erreferentzia izan eta euskalgintzarentzat antolatzeko eta normalizazioan eragingo zuten proiektuak bultzatzeko lekua, euskararen erabilerari eragingo zion lekua eta sorkuntzarako lekua.

Lekutan daude proiektu horretarako lehenengo ideiak eta proposamenak. 90eko hamarkadan hasi zen euskal kulturgintzako herritar talde bat Bilboko Kafe Antzokiaren antzeko azpiegitura bat sortzeko ahaleginean. 2004an Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia lantzeko sortu ziren mahaietako batean parte hartu zuten, erreferentziazko euskal gune hori sortze aldera.

2008an, Gasteizko euskalgintzak bultzatutako proiektua onartu zuen halako batean Udalak; hala ere, ez zen berehala gauzatu. Hurrengo legegintzaldian aztertu zuten, 2012an Kafe Antzokiaren aldeko Plataforma aurkeztu zen jendaurrean eta herritarren sinadura bilketa abiatu zuen.

Urte bereko abenduan, azpiegitura hori Oihaneder-Montehermoso kulturgunean kokatzeko proposamena egin zion Udalari; urte bi geroago Lazarraga Kultur Elkarteak Gasteizko Udalarekin akordio bat sinatu eta biharamunean inauguratu zuten Oihaneder Euskararen Etxea.

Luze gabe, nabarmena zen gune haren arrakasta: «2014tik 2022ra 50.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute jardueretan, eta euskaldunen erreferentziazko topaleku izan da», eta ez haren arduradunek esanda, Gasteizko Udalaren webgunean irakurgai dagoenaren arabera baizik.

Urrun daude Oihanederren egiten ziren jarduera ugariak. 2022ko uztailean itxi zutenean, ez genuen imajinatu ere egin hain luze joko zuela Euskararen Etxeko jarduerak eta gehiago hartuko zituen antzoki, euskararen etxe, sortzaileen, euskaldunen eta euskaltzaleen gune hori zabaltzeak.

Izan ere, Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia hartuko zituen jauregia zaharberritu eta epe laburrean zabalduko zutela entzun genuen. Urte amaierarako. Udalak artean ez zuen datarik jarri, baina gero, lanak abuztuaren 4rako amaitu eta Izaskun Arrue Kulturgunea 2023ko hasieran zabalik izatea espero zuela esan zuen. Irailean, obrak amaitu berritan, 2023ko udaberrirako zabalduko zela esan zuen.

Urruti dago iazko udaberria, baina Ruiz de Bergara jauregia bertan dago, alde zaharreko Errementari kalean, Gasteizko edozein auzotatik hur, oinez joateko moduan.

Arrazoizkoa eta beharrezkoa da euskaltzaleen topagune publikoa, Euskararen Etxearen arrakastaren ostean are arrazoizko eta beharrezkoagoa.

Gasteizek 250.000 bizilagun ditu gutxi gorabehera. Horien %25 inguru, euskaldunak, laurden bat. Inori gehitxo iruditzen bazaizkio 60.000tik gora euskaldun Gasteizen, pentsa dezala edonola ere dozenaka mila euskaldun bizi garela hiri honetan. Sakabanatuta, gehienok elkarren berri jakin gabe. Askok, ezagututa ere, elkarrekin euskaraz hitz egin gabe. Pentsa, besteak beste, zer-nolako eragina izango lukeen euskararen erabileran.

Udal Gobernuak zerbait propiotzat al du euskara, edo euskaltzaleek bakea eman dezaten entretenimendu edo denbora-pasa gisako elementutzat? Erakusten ari denez, kulturgune hori ez du lehentasuna, ez dio garrantzitsu irizten, eta bada garaia Udal horren lehentasunetako bat euskara izan dadin, gasteiztar askoren lehentasunetakoa denez gero.

Ez gara ibai berean bi aldiz bainatuko, Iluna esaten zioten hark ohartarazi zuenez; hala ere, berriz bainatzeko eskubidea daukagu, ahal bada ur garbiagoetan, gainera. Espazioa bezala egituratzen dugu denbora: unea, gunearen arabera; aldia, aldearen arabera; iragana atzera begira arakatzen dugu, etorkizuna aurrera begira irudikatzen, noranzko bietan urrun nahiz hurbil. Luze-laburrean neurtzen dugu denbora. Izaskun Arrue Kulturgunea bertan dago, gasteiztar guztientzat gertu; haren irekitze data, berriz, lekutan?