Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Aroa Arrizubieta Barredo
Arabako bertsolari txapelduna

«Bukaerara arte bururik ez jaisteko erronka nuen eta eutsi egin nion»

Ahotsa urratuta eta oso pozik, artean egindakoaren tamaina hartu gabe harrapatu dugu. 22 urte dituela jantzi du bere lehen txapela. Finaleko bertsoren bat buruan itzali ezinik dabilela aitortu arren, zapore gozoko biharamuna izan du. Espero izatekoa zen noizbait txapela jantziko zuela. Jantzi du.

Aroa Arrizubieta, Arabako txapelduna.
Aroa Arrizubieta, Arabako txapelduna. (Endika PORTILLO | FOKU)

Bere lehen txapela ospatzeko asmo handiak bazituen ere, uste baino lehen etxeratu zen Arrizubieta finalaren ondoren. «Nekatuta nengoen». Ulertzekoa ere bada, ariketaz ariketa egindako lanaren emaitza baita alboan daukan txapela

Zorionak, Aroa. Zer sentsazio utzi dizu txapelak?

Oraingoz, poza, gero ikusiko da hori presio bihurtzen ote den. Baina, oraingoz, poza. Behin eta berriz esaten aritu naiz finalaren aurretik gazte belaunaldien ahotsa izan nahi nuela, hor dauden mugimendu desberdinen ahotsa, eta polita izan da txapela janztea.

Zozketak lehen tokian jarri zintuen. Ez da toki desiratuena izaten.

Egia esan, eguna oso lasai eta pozik pasatu nuen zozketan zenbakia hartu nuen arte. Lehenengoa nintzela ikusi eta urduritzen hasi nintzen. Txikitatik ez dut gustuko izan lehenengoa izatea, ez nuen inoiz lehenengo ilaran egon nahi, nahiago nuen bigarrena, apur bat atzerago. Lehen tokia egokitu zitzaidanean larritu egin nintzen. Paulak (Amilburu) esan zidan lasai egoteko, berari zortea eman ziola lehen tokiak. Tira, azkenean ez zen hain gaizki atera, beraz, pozik.

Agurrean bertan goraipatu zenuen lehen ilaran egotea maite ez duen haurraren ausardia. Ausarta eta langilea izan zinen.

Bai, ez neukan beste aukerarik. Txapelketan nahiko zentratuta sentitu naiz, eta finalerako nire helburu bat bazen, jausi arren, altxatu eta lanean jarraitzea. Bukaerara arte bururik ez jaisteko erronka nuen eta eutsi egin nion. Hasieran makalago ikusten nuen nire burua eta saioa aurrera joan ahala joan nintzen lurreratzen eta gogoz kantatzen. Baina langile eta kontzentratuta egotea garrantzitsua da beti.

Gustatzen zait ausarta izatea eta jendeak espero ez duena kantatzea. Egia da pixka bat sentsazio gazi-gozoa geratu zitzaidala gai sozialen posizionamenduekin, ez nuelako sentitu benetan aukerarik neukanik pentsatzen nuen hori esan ahal izateko, bukaerako agurra kenduta.

Ariketa guztietan eutsi zenion. Baina saioko gailurra, akaso, buruz burukoko bakarkakoan zapaldu zenuen, ezta? «Bizitzak bigarren aukera eman dizu», zioen gaiak, eta zuk bere buruaz beste egiten saiatu denaren ahotik abestu zenuen, oso sinesgarri.

Bai, zalantzarik gabe. Gaia entzun eta bide hori etorri zitzaidan berehala. Une batean zalantza egin nuen bide hori hartu edo ez, esperientzia oso gertutik bizi izan dudalako eta ez nekielako gai izango ote nintzen hori kantatzeko. Baina pentsatu nuen, ‘tira, hau etorri da, aurrera; irudiak baditut’. Oso hunkigarria izan zen, negarrari justu-justu eutsi nion, baina pozik geratu nintzen.

Meritu handikoa da gertu egokitu zaizun gai hain gogorra oholtza batean horren sinesgarri defendatzea.

Egia esan bai, batez ere pertsona hori aurrean dagoela dakizunean. Hanka sartzearen beldur ere bazara. Baina gaia hain gertu sentitzen duzunean gai zara irudi errealak ekartzeko, eta horrek bertsoa are gehiago iritsarazten du. Barrua sutan neukan, baina ariketa horren oroitzapen polita daukat.

Segur aski ariketa horretan irabazi zenuen txapela.

Uste dut baietz. Ordura arte eusten ibili nintzen eta hor askatu nuen askatu beharrekoa.

Egokitu zitzaizkizun gai guztietan sinesgarri aritu zinen; AHTko lanei begira dagoen Urbinako adinekoa, Gazte Asanbladako kidea, Asterix, haur eskola bateko panpina…

Ez da bereziki landu dudan zerbait. Bertsotan ari naizenean pertsonaiaren azalean jartzen ahalegintzen naiz, uste dudalako horrela zuzenean iristen zarela entzulearengana. Haur eskolako panpinaren kasuan, justu praktikak egiten ari naiz Haur Hezkuntzako haurrekin eta, gaia entzunda, segituan pentsatu nuen ez nukeela panpina hori izan nahi. Gai hori oso gertu egokitu zitzaidan.

Arrizubieta eta Abarrategi pozik, buruz burukorako izenak entzunda. Endika PORTILLO | FOKU


Gaztea zaren arren, heldutasuna nabari zaizu oholtzan. Lehen finala 17 urterekin kantatu zenuen Printzipalen. Orduko Aroa eta gaurkoa, desberdinak dira, ezta?

Denbora asko daramat bertsotan eta uste dut horregatik ere badela heldutasun sentsazio hori. Lehen finaletik gauzak asko aldatu dira. Orduko finala handi geratu zitzaidan, denetarik gertatu zitzaidan, nahastu egin nintzen, ahaztu egiten zitzaidan une oro zer abestu nahi nuen… Oholtzak jan egin ninduen. Baina oraingoan ideiak askoz argiago neuzkan, askoz plaza gehiago egin ditut, askoz gehiago landu dut esan nahi nuen hori, eta uste dut hori izan dela indarra eman didana.

Belaunaldi aldaketa irudikatu duzu txapela janztean.

Bai, bukaerako agurrean hortik jo nuen, ikusten dugulako belaunaldi berriok badakartzagula ideia eta egiteko modu berriak, eta hori argi ikusten da gizartean. Oholtzan ere hori argi ikustea da nire helburua. Hori zen finalean erakusten saiatu nintzena.

Buruz burukorako zure izena entzun zenuenean, poza eta harridura piztu zitzaizkizun aurpegian.

Ez nuen espero. Peruk (Abarrategi) aurretik esan zidan ez erlaxatzeko, badaezpada. Baina nik ez nuen espero. Nire izena entzun nuenean pentsatu nuen, ‘bada orain, aurrera’. Saioko urdurien sentitu nintzen orduan, lur hartzeko beharra sentitu nuen. Egia esan, Peru ondoan egoteak mesede egin zidan. Laguna dut eta oso ona da animatzen, coach emozional ona da. Finalean ere asko lagundu zidan Peru ondoan egoteak.

Txapela buruan. Eta orain zer?

Nire asmoa bide berdinetik jarraitzea da, baita entrenatzen ere. Askotan iruditzen zaigu txapelketarako bakarrik ibiltzen garela bertso eskolan, baina hori baino gehiago da bertsoa. Jarraitu nahi dut horretan. Espero dut txapelak plaza batzuk ematea, beste aukera batzuk edukitzea eta horiek ahalik gehien aprobetxatzea.