Iraitz Mateo

Korrika Kulturala, aurtengoan ere Badon*, kantuen arrakastatik tiraka

Korrika eginez Euskal Herria ezagutzeko aukeraz gain, kultur ekitaldien bidez egitekoa ere eskaintzen du Korrika Kulturalak. Pasa den ediziotik, Korrikako ekitaldi kultural nagusia izango den emanaldia egiteko sorkuntza beka dago indarrean; aurtengoan, Badon* opera posdramatikoa dabil plazaz plaza.

Badon opera- Korrika kulturala
Badon opera- Korrika kulturala (AEK-Korrika)

Hamaika egun hartzen ditu Korrikak, baina lehenago hasten da Korrika Kulturala, herriz herri ehundaka ekimen kultural antolatzen dira. Aitziber Balantzategi AEK-ko eledunak aipatu zuenez, «Korrika Kulturala jaio zen AEK-k Euskal Herriari Korrikaren alde egindako lana eskertzeko, kalitate handiko kultur eskaintza zabala bueltan emanez».

Korrikaren hastapenetan abestiaren aurkezpenak hartzen zuen Korrika Kulturalaren erdigunea, eta pixkanaka geroz eta gehiago zabaltzen ari da ari da. Ibilbide guztian zehar ospakizun kultural ugari izaten dira Korrikari ongi etorria egiteko: kontzertuak, hitzaldiak, antzezlanak, bertso saioak... Baina Korrika abiatu baino pare bat hilabete lehenago hasten dira egun ekintzak, girotze aldera.

2020ko udaberrian, KORRIKA-AEK.Kultur sorkuntzarako beka aurkeztu zen: bi urtetik behin lan bat sarituko da, sortzaile ororentzat izango da eta diziplina anitz edo bakarra barnebil dezake, agertoki edota plaza batean aurkezteko modukoak izan behar dute lanek. 23.Korrikatik aurrera, ekitaldi nagusia taxutzeko ardura izango du.

‘Badon*’ sorkuntza lanak irabazi zuen lehen beka, eta azken hilabeteetan Ines Osinaga, Marina Suarez, Ainara Gurrutxaga, Oihana Vesga eta Xanti Agirrezabala dabiltza oholtza gainean.

Marina Suarezek NAIZi azaldu zion sorkuntza prozesuan arreta jarri zutela, ateak ireki eta leku guztietara begiratu zutela:  «Ezagutzen duzun horrekin apurtu eta beste bide bat hartu asmoz ‘hackeoa’ erabili dugu. Biolentziatik edo haserretik ez, jolasetik etorri da apurketa. ‘Zer gertatuko litzateke Mikel Laboa, Rosalia eta tomate bat elkartuko bagenitu?’ izan zen geure buruari eginiko galderatako bat. Erreferente piloa egon dira mahai gainean».

23 kantuk osatutako soinu banda

Korrikak soinu banda propioa izan ohi du edizio bakoitzean, eta bada Korrika guztietako abestiak biltzen dituen playlistarik. Iker Bizkarguenaga kazetariak 7Kn jaso zituen 2017ra arteko kantuak, edizio bakoitzaren azalpena ere gehituz.

«Bat korrika, bi korrika, milaka korrikari…» izan zen 1980an milaka aldiz kantatutako esaldia, Xabier Amurizak hitzak jarri zituen eta ‘Gogor’ taldeak musika. Orduz geroztik hamaika musika estilotan egin da korrika herriz herri: Akelarre (1982), Egan (1983), Lontxo Aburuza (1985), Oskorri (1987), Xanti eta Maider (1989), Irigoien anaiak eta Mikel Erramuspe (1991)... zenbait alditan kantari ezberdinak elkartuz osatu ziren gaiak. Elkarlan honek abiatu zuen Korrika Kulturala 1993. urtean eta gaur arte.

Bideoklipez lagunduta, aurreko mendearen bukaeran eta XXI. mendean zehar oihartzun handia izan dute Korrika alaitzeko kantu guzti-guztiek. Erraz itzultzen dira gogora: Gozategiren ‘Euskal Herriak korrika’ (1997), Fermin Muguruzaren ‘Big Beñat’ (1999), Mikel Laboa, Ruper Ordorika eta abarren ‘Gero bat gaurdanik’ (2003), Niko Etxart eta Drogas (2007), Betagarri (2009), Gose (2011), Esne Beltza (2013), La Furia (2019)... Jarraian, hiru adibide baino ez, zerrenda jada luzeegia baita.

 

 

 

Aurtengoaren letra Amaia Ostobizak idatzi du, eta musika jartzeaz ‘Mursego’ arduratu da. «Harro herri korrika» leloa makina bat aldiz errepikatuko da.