NAIZ

Bilbon izandako eraso LGTBfoboa salatu dute

Otsailaren 24ean Bilbon kontzertu baten ondoren gertatutako eraso LGTBfoboa salatu du E28 Bizkaiko Koordinadorak. Erasoa artatzerakoan Ertzaintzak izandako jarrera ere arbuiatu du.

LGTBI komunitatearen nazioarteko egunaren harira, 2023ko manifestazioa Bilbon.
LGTBI komunitatearen nazioarteko egunaren harira, 2023ko manifestazioa Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

E28 Bizkaiko Koordinadorak Bilbon gertatutako eraso LGTBfoboa salatu du sare sozialen bitartez. Otsailaren 24aren goizeko 2.30ak aldera gertatu zen, bost lagun Samantha Hudsonen kontzertu batetik etxera abiatzen ari zirenean.

Koordinadoraren arabera, Boluetako metro geltoki inguruan, nerabe talde batek zigarro bat eskatu zien bost laguni eta taldeko bat hurbildu zitzaien halako bat eskainiz, beste laurek aurrera jarraitu zuten bitartean. «Nerabeetako batek zigarroa eskaini zionari listuka hasi zitzaion ‘puta asquerosa’ esanez, gero ukabilkadekin hasteko. Taldean 5-7 gazte inguru ziren eta, erasotua bere burua defendatzen saiatu zen arren, hiru ukabilkada (gutxienez) jaso zituen, nerabe ezberdinen partetik, buruan eta aurpegian».

Lagun taldea korrika hurbildu zen laguna babestu eta gertatutakoaren berri jasotzeko, «baina ‘maricones’ amorruz xuxurlatzen edo ‘me da igual si sois chicos o chicas’ esaten zutela, ukabilkadez jarraitzea izan zen nerabeen erantzuna», dio E28 Bizkaiko Koordinadorak.

Bost lagunak tokitik alde egin eta babesgune bila ari zirela, nerabe taldeak korrika ihes egin zuen. Larrialdietara deitu eta lehendabizi polizia hurbildu zen eta handik gutxira, anbulantzia.

Era berean, LGTB kolektiboaren aldeko koordinadorak Ertzaintzaren jarrera salatu du, «asistentzia psikologiko eskasa eta profesionaltasun falta» egotzita. Jakinarazi duenez, erasoa jasan zuen pertsonak sudurrean fisura bat eta ezpainean zauriak ditu, kalte psikologikoaz gainera.

«Hori guztia espazio pribatu batean ordu batzuk igaro ondoren gertatu zen. Espazio publikoaz gozatzeko aukerarik ez dugun jende askok gozatu, dantzatu, barre egin eta aske izan ginen. Dagokigun espazioa aldarrikatu nahi dugu, eta horretan jarraituko dugu, eta aurpegia pinkwashingaren bidez garbitzen duten erakunde sozial eta politiko neoliberalen gorrotoaren eta pasibotasunaren aurrean, talde-antolaketaren, autodefentsaren, aliantzen eta laguntza-sareen alde egiten dugu», adierazi du E28 Bizkaiko Koordinadorak.