NAIZ

Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko webgunea sortu dute

Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014) jaiotzaren mendeurrena ospatzeko webgune bat sortu dute. Miren Vadillo, Fernando Golvano eta Peio Aguirre adituen parte hartzearekin egin den webak bere ibilbide pertsonal eta artistikoa ezagutzeko aukera ematen du.

Imagen del proyecto ‘Néstor Basterretxea y la imagen’.
Imagen del proyecto ‘Néstor Basterretxea y la imagen’. (Basterretxea Irurzun Familiaren adeitasunez | PUNTO DE VISTA)

Maiatzaren 6an egingo den Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrenaren ospakizuna hurbildu ahala, urtemuga ospatzeko programan parte hartzen duten erakundeek ekitaldiak sustatzen jarraitzen dute, euskal artistaren oroimenez.

Motorrak berotzeko, otsailaren 28an Bilboko Arte Ederren Museoan ‘Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura’ erakusketa inauguratu zen eta, martxoaren 16an, Iruñeko Punto de Vista jaialdiko ‘Nestor Basterretxea y la imagen’ atalean, Oteiza Museoaren parte hartzearekin haren film sorta bat proiektatu zen. Orain, artistaren ibilbidea eta ondarea zeharkatzen dituen web orria aurkeztu berri dute.

Sustatzaileek azaldu dutenez, Basterretxearen mendeurrenaren webguneak euskal artistaren alderdi biografikoak ditu ardatz lehen fase honetan eta berau osatzeko eskultorearen ibilbidea aski ongi ezagutzen duten zenbait pertsonaren parte hartzea izan dute.

Batetik, Peio Aguirre komisario, arte kritikari, editore, Basterretxeari buruzko zenbait erakusketa monografikoren arduradun eta ‘Un retrato de N.B.’ dokumental saiakeraren egileak artistaren funtsezko aipamen biografikoa idatzi du, baita margolari eta eskultore ibilbideari, zineman, arkitekturan eta diseinuan egindako lanei eta lan instituzionalari buruzko testu bana ere.

Bestetik, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Artearen Historian doktore eta komisarioa den Miren Vadillok saiakera labur bat egin du Basterretxearen konpromisoari eta dimentsio etikoari buruz, eta artistaren alaba Monika Basterretxeak idatzi oso pertsonala egin du familiaren ikuspegitik. Aurreratu dutenez, Fernando Golvano arte kritikari eta komisarioaren saiakera bat ere argitaratuko da aurki.

Basterretxearen biografiaren atala denbora lerro batek –artistaren biografiaren mugarri nagusiak begiz ikusteko aukera ematen duena– eta bibliografia zabal batek osatzen dute, biak Gasteizko Artium Museoko Dokumentazio Zentroak landuak.

Mendeurrenaren egitarauean iragarritako jarduerak ere biltzen ditu webguneak. Gorka Basterretxeak koordinatzen duen programan 20 kultur erakundek baino gehiagok parte hartzen dute eta aurten eta 2025. urtearen hasiera hartuko dute zenbait ekimenen berri ematen da, besteak beste, erakusketak, ikus-entzunezko programak eta kultur eta argitalpen jarduerak.

Argazkiak eta bideoak

Media ikus-entzunezko baliabideei eskainitako atalean, Basterretxea Irurzunen familia artxibotik, Irungo Udal Artxibotik eta mailegu partikularretatik ateratako argazki sorta zabala dago. Argazkiei esker, Nestor Basterretxearen ibilbidea eta sorkuntzaren alderdi ezberdinak ikus daitezke, artista lanetan hasi zenetik azken urteetara arte.

Atal berean bideo zaharrak eta sortu berriak egongo direla ere zehaztu dute, mendeurrena dela eta, Basterretxearekin harremana izan zuten hainbat pertsonak haren irudiari orainaren ikuspegitik jorratuko duten bost bideo egitea aurreikusi baita. Lehenengoa, artistaren seme-alabak protagonista dituena, dagoeneko argitaratuta dago, eta, laster, saileko bigarrena ikusi ahal izango dela iragarri dute, Joxean Muñoz 2003an Nestor Basterretxearen bolumetria arkitektonikoei buruzko erakusketa baten komisarioa izan zenari egindako elkarrizketa zabal bat, zehazki.

Bideoen atalak Basterretxearen grabazio historiko batzuk ere jasotzen ditu, horien artean EITBko artxiboak utzitako eta Inguma Martinez, David Barbero, Julio Flor edo Jose Fernandez de la Sota kazetariek egindako hainbat elkarrizketa. Fernando Golvanok ekarritako grabazio bat ere argitaratu da. Atal honek izaera dinamikoa du, eta zabalduz joango da, izaera historikoko beste ikus-entzunezko batzuen argitalpenarekin.

Mendeurrenaren webguneak espazio publikoetan nahiz museoetan kokatutako artistaren lan garrantzitsuenak geolokalizatzeko eta bistaratzeko aukera ematen duen baliabide bat ere badu, bai eta albiste atal bat ere.

Bigarren fasea: 5.000 dokumentu

Aurreratu dutenez, epe laburrean aktibatuko den bigarren fasean, webguneak Artium Euskal Herriko Arte Garaikideko Museoaren Dokumentazio Zentroko Nestor Basterretxea Artxiboan integratutako dokumentuetara sartzeko aukera emango du. Dokumentu funts hori Basterretxea Irurzun familiak dohaintzan eman zion Artiumi eta, gaur egun, museoa antolatzen eta katalogatzen ari da.

Artistaren artxibo pertsonal zabala 5.000tik gora dokumentuk osatzen dute, eta horien artean aurki daitezke, besteak beste, proiektu artistikoei buruzko dokumentazioa, zirriborroak, eskuz idatzitako eta mekanografiatutako testuak, korrespondentzia, zinema gidoiak, prentsa ebakinak, argazkiak eta Biok altzari modernoen diseinu enpresaren inguruko materialak. Oraingoz, artistari buruzko dokumentazioan interesa dutenek Artium Museoaren Artiker plataforman kontsulta dezakete artxiboa.

Nestor Basterretxea euskal artista polifazetikoenetako eta gehien eragin zutenetako bat izan zen, eta 1950eko hamarkadatik aurrera euskal artea berritzen gehien lagundu zuenetako bat.

Miren Vadilloren hitzetan, margolaritzan eta eskulturan, zineman, ilustrazioan, diseinuan eta euskal kulturaren sustapenean egindako lanaren zabaltasunak eta sakontasunak, haren lana eta bizitza «Euskal Herriarentzat arrasto handiko bizi eta arte ondare egiten ditu, estetikatik harago». Mendeurrenaren ospakizuna Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak koordinatu du, Gorka Basterretxearen laguntzarekin.